Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikasturte honetan unibertsitate-masterretan matrikula egin duten ikasleei ere emanen die upnapass. Pasaporte digital horrek jasotzen ditu unibertsitateak eskaintzen dituen prestakuntza osagarriko jardueren artean egin direnak. Dokumentua automatikoki emanen da ikasle bakoitzak titulu ofiziala eskatzen duenean, betiere jarduera horiek burutu baditu.

NUPek eskaintzen dituen prestakuntza osagarriko jarduerak zazpi ataletan daude banatuak upnapassean: kultur jarduerak, kirolak, atzerriko hizkuntzak ikastea (erakunde akademikoaren Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian), ikasleen ordezkaritzako jarduerak (delegatu edo delegatuorde izatea edo gobernu organoetako kide izatea), erantzukizun sozialeko jarduerak (ingurumenekoak, osasuna sustatzekoak, berdintasunekoak, etab.), espezializazio ikastaroak eta gaitasunak lantzeko prestakuntza.

zoom Ikasleak, NUPeko Arrosadiko campuseko Liburutegian.

Ikasleak, NUPeko Arrosadiko campuseko Liburutegian.

Upnapass graduko titulazioetan ezarri zen lehenengo bi ikasturteetan (2021-2022 eta 2022-2023), ikasketak amaitzeagatik tituluak tramitatu zituzten 964 ikasleren prestakuntza osagarriko 2.417 jarduera jaso dira, hau da, bizpahiru pertsona bakoitzeko.

Graduko ikasleentzako eskaintzari dagokionez, upnapass ezarri zen lehen ikasturtean (2021-2022), 159 jarduera zeuden aukeratzen ahal diren jardueren katalogoan; hurrengo ikasturtean (2022-2023), berriz, 168.  Kasu askotan, masterreko ikasleentzat ere eskuragarri dauden jarduerak dira.

Dokumentua, hiru hizkuntzatan

Upnapass agiria hiru hizkuntzatan dago (gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez), eta unibertsitate zabalpeneko jardueraren bat egin duen ikasle orok posta elektronikoan jasotzen du titulu ofiziala eskatzen duenean. 

“Ikasleek unibertsitateko ibilbidean zeregin akademikoez gain egiten dituzten bestelako jarduera guztiak nabarmentzeko modu bat da. Gizarteak eta entitate enplegu-emaileek gazte jakin-nahi, konprometitu eta parte-hartzaileak bilatzen dituzte, eta gure ikasle gehienak halakoxeak dira”, adierazi du Cristina Bayona Sáez NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak.