Joan eduki nagusira

Artificial Incompetence taldea Ingeniaritza Informatikoko Graduko hirugarren ikasmailako hiru ikaslek osatzen dute (Jon Goikoetxea Macua, Beñat Solaegui Garralda eta Lander Jiménez Nadales), eta hirugarren postuan sailkatu da AdaByron Multisede lehiaketa nazionalean (osotara 48 taldek parte hartu dute), lehiaketako 9 problemetatik 4 ebatzi ondoren. 

Joan den astean, NUPeko 38 ikaslek parte hartu zuten lehiaketa honetan. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak antolatzen du, eta azken urteetan, programazioaren esparruan, erreferentziazko lehiaketa gisa finkatu da unibertsitateko ikasleentzat. Lehen aldiz, NUPeko Ingeniaritza Informatikoko Graduko eta Datu Zientzietako Graduko ikasleek parte hartu dute lehiaketan NUPeko Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren sustapen eta lankidetzari esker. Katedra 2023an sortu zen. 38 ikasleak 13 taldetan zeuden banatuta: horietatik 10 Informatika Ingeniaritzako Graduko 29 ikaslek osatuak eta 3 Datu Zientzietako Graduko 9 ikaslek.

zoom AdaByron Multisede programazioko lehiaketa nazionaleko parte-hartzaileak, NUPen. Aurrean, ezkerretik eskuinera, Mikel Galar Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrako zuzendaria eta Aránzazu Jurío irakaslea, NUPeko Informatika Ingeniaritzako Graduko arduraduna.

AdaByron Multisede programazioko lehiaketa nazionaleko parte-hartzaileak, NUPen. Aurrean, ezkerretik eskuinera, Mikel Galar Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrako zuzendaria eta Aránzazu Jurío irakaslea, NUPeko Informatika Ingeniaritzako Graduko arduraduna.

2024an eskualdeko sei lehiaketa daude: Andaluzia, Galizia, Madril, Murtzia, Valentzia eta Multisede, non programazio-lehiaketetan tradizio handirik ez duten unibertsitate eta lurraldeek parte hartzen baitute. Horrenbestez, unibertsitate eta lurralde horiek oraindik ez dute beren eskualdeko lehiaketa edukitzeko behar adinako parte-hartzailerik. 

NUPeko ikasleek osatutako taldeek Multisede lehiaketan parte hartu zuten, bai eta unibertsitate hauek ere: Universitat de les Illes Balears, Valladolideko Unibertsitatea, La Lagunako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Salamancako Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea eta Kantabriako Unibertsitatea.

“Harrera oso ona izan du AdaByron lehiaketa nazionalean lehen aldiz parte hartzeko deiari ikasleek emandako erantzunak. Oso pozik gaude parte hartzearekin, eta espero dugu NUPek urtero parte hartuko duela lehiaketa honetan eta eredu izanen dela ikasleentzat”, adierazi zuen Mikel Galar Katedrako zuzendariak.

Ada Byron lehiaketa

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko zenbait irakaslek asmatutako ekimena da AdaByron. Irakasle horiek eskarmentu handia dute programazioa-lehiaketetan. Lehiaketa urtez urte sendotu eta nazio mailako ekitaldi bihurtu da, eta teknologiaren sektoreko hainbat enpresaren interesa bereganatu du.  

Lehiaketa 2015ean egin zen lehen aldiz, eta 9 problema proposatzen dizkie parte-hartzaileei. Parte-hartzaileak 3 laguneko taldetan daude banatuta, eta 3 ordu dituzte ariketak ebazteko, normalean C, C++, Java edo Python-eko programazio-soluzioen bidez.  

Lehiaketak hiru kategoria proposatzen ditu, ikasle parte-hartzaileak zein ikasmailatan matrikulatuta dauden: A kategoria (lehen ikasmailako ikasleak), B kategoria (bigarren ikasmailako ikasleak) eta C kategoria (hirugarren ikasmailako edo goragoko ikasleak).

AdaByron bi mailatan dago egituratuta: batetik, eskualdeko lehiaketak, eskualde bateko ikasle onenak aukeratzen dituztenak, eta bestetik, lehiaketa nazionala, Espainiako lehiaketa-programazioko talderik onena aukeratzen duena. 

Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Katedra

2023ko otsailean sortu zen, eta haren helburua da ezagutza sortzea eta hedatzea informazioaren teknologien arloan, datuen tratamenduaren, prozesamenduaren eta analitika aurreratuaren bidez, bai eta irtenbide berritzaileak lantzea ere administrazio publikoaren, lurraldearen eta gizartearen arloan.

Lan-esparruei dagokienez, katedraren esparruan honako arlo tematiko hauek jotzen dira interesekotzat: ikaskuntza automatikoa (machine learning), ikaskuntza sakona (deep learning), konputagailu bidezko ikuspegia, hizkuntza naturalaren prozesamendua, azaltzeko moduko ikaskuntza automatikoa, konputazio banatua eta “big data” (datu masiboak), errealitate birtualaren eta errealitate areagotuaren ikusizko teknologiak, kontabilitate banatuaren teknologia (DLT) eta konputazio kuantikoa.

Bere lehen urtean, NUPeko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak hainbat ekintza antolatu ditu: horien artean, AA Challengeren bi edizioak (lehen edizioa eta bigarren edizioa), AAren lehen astea eta Tracasa Instrumental eta Tracasa Globalera egindako bisita