Joan eduki nagusira

Gaur, ostirala, apirilak 12, Jakiunde zientziaren, artearen eta letren akademiaren urteroko udaberriko osoko bilkura egin da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Bi lan-saiotan, akademiako kideek urtean zehar garatu beharreko jarduera-lerro eta proiektuak aurkeztu eta eztabaidatu dituzte, bai eta akademiak ezagutza gizarteratzeko duen konpromisoaren esparruan gauzatuko dituen programak planifikatu ere. 

zoom Jakiundek NUPen egin zuen udaberriko osoko bilkurara bertaratu zirenak.

Jakiundek NUPen egin zuen udaberriko osoko bilkurara bertaratu zirenak.

Osoko bilkuraren hasierako ekitaldian parte hartu dute Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak, zeina akademiaren burua baita 2020tik. Ekitaldian, Jakiundek hamaika akademiko berri izendatu ditu: Nora Alonso (biologoa), Mikel Mancisidor (legelaria), Luis Vega (matematikaria), horiek guztiak akademiako kide osoak; Jon Maya (dantzaria eta koreografoa) Oihana Otaegui (doktorea ingeniaritzan), Iñaki Pinillos (telekomunikazio-ingeniaria) eta Gema Varona (doktorea zuzenbidean eta kriminologoa), kide urgazleak; eta Amaia Arranz, Sara Barja eta Aitzol García Etxarri (kide urgazle gazteak). Orobat izendatu dute Tomás Marco konpositore, saiakeragile eta musika kritikaria, zeina kide oso aukeratu baitzuten 2022an. 

Jesús Lazkano margolari eta akademiako kideak eman du osoko bilkurako hitzaldia, "Begiradaren zatiketaz" izenburupean, eta arteari buruzko gogoetak egin ditu ezagutza-tresna gisa, baita errealitatea ezagutzeko sistema gisa ere. Orobat kontatu du Mer de Glace glaziarrean izan duen azken esperientzia. Glaziarrak 115 metroko altuera galdu du 35 urtean, eta irudiekin jendea kontzientziatu nahi du klima-aldaketaren ondorioez eta horri aurre egin beharraz.

zoom Osoko bilkuraren une bat. Hizlarien mahaian, ezkerretik eskuinera, Juan Ignacio Pérez Iglesias (Jakiundeko burua) eta Ramón Gonzalo NUPeko errektorea.

Osoko bilkuraren une bat. Hizlarien mahaian, ezkerretik eskuinera, Juan Ignacio Pérez Iglesias (Jakiundeko burua) eta Ramón Gonzalo NUPeko errektorea.

JAKIUNDE, zientziaren, artearen eta letren akademia

2007an eratu zenetik, Jakiunde sendotu egin da erronka zientifiko, artistiko, literario eta sozial handiei buruzko hausnarketarako, diagnostikorako, azterketarako eta aholkularitzarako gune gisa, eta hala erreferentziazko foro bihurtzeko helburua bete du. Barneko lanaz gain, euskal gizartean ezagutza dibulgatzeko konpromisoa du Akademiak hitzaldien eta beste formatu batzuen bidez.  Arreta berezia eskaintzen die belaunaldi berriei, etorkizuneko erronken aurrean prestatzen laguntzeko, prestakuntzako programa espezifikoen bidez, hala nola Jakin-Mina.

Egun, diziplina anitzeko lantaldea dago Akademian, eta askotariko arloetako ehundik gora adituk osatzen dute. Lagun horiek beren merezimendu eta bikaintasun profesionalagatik aukeratu dituzte, eta Akademiatik elkarrekin lan egitearen aldeko apustua egin dute, etorkizuneko erronkei buruz duten ikuspegia eskaintzeko eta gizartean zientzia, artea eta letrak sustatzeko, arreta berezia jarriz hurrengo belaunaldiak etorkizunari aurre egiteko prestakuntzarik onena izan dezan.