Joan eduki nagusira

Unibertsitateak eta Klimaren, Azpiegituren eta Ingurumenaren Europako Agentzia Exekutiboak (CINEA) nazioarteko topaketa bat antolatu dute LIFE-IP NAdapta-CC eta LIFE-IP Urban Klima 2050 europar proiektu integratuekin eta ELMEN EEIG enpresarekin lankidetzan. Topaketa Iruñean eginen da, eta gaur hasi eta bihar amaituko da, hots, apirilaren 10ean eta 11n. Topaketan, lurzoruaren eremuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) parte hartuko du honako sozietate publiko hauekin batera: Navarra de Infraestructuras Locales (NILSA) eta Nafarroako Teknologien eta Nekazaritzako Elikagaien Azpiegituren Institutua (INTIA). Nekazaritzan klima-aldaketara egokitzeko egin dituzten ekintzen emaitzak erakutsiko dituzte Orbaibarrera eginen duten bisitaldi batean.

zoom Ekitaldiko parte-hartzaileak

Ekitaldiko parte-hartzaileak

Lurzoruetan adituak diren ehunen bat lagun bilduko dira esperientzia trukatzea eta sareko lana ardatz dituen ekitaldi batean. Iruñeko topaketaren bidez errekonozitu nahi da LIFE-IP NAdapta-CC klima-aldaketara egokitzeko proiektuaren koordinazio-taldeak Nafarroako Gobernuaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusian egin duen lana.

NUPeko Lurzoruen Ebaluazio eta Kudeaketa taldearen zeregina

NUPen jarduera zenbait fasetan garatu da. Lehenik, zonifikazio bat egin zen Foru Komunitatean, lurzoruen ezaugarrien eta zaurgarritasunen arabera. Informazio horren bidez, adierazle batzuk identifikatu ziren, gai direnak honen berri emateko: klima-aldaketara egokitzeko interesgarritzat jotzen diren lau erabilera-estrategiei nekazaritza-lurrek emandako erantzuna. Hona hemen lau erabilera-estrategia horiek: kontserbazio-nekazaritza, txandakatzeen optimizazioa, lur-medeagarrien eta ongarri organikoen erabilera eta eremu ureztatuak.

INTIArekin batera lan egin da zenbait ildotan. Lehenik, estrategia bakoitzaren jarraipen kontrolatua egiteko bereziki diseinatutako lursail esperimentaletako lurzoru-adierazleen jarraipena egitean. Horrez gainera, adierazleen lagina eta analisia zehazki diseinatu zen 150 nekazaritza-lursailen (demo farms) sareko lurzoruaren egoera ebaluatzeko. Adierazle horiek Nafarroako estrategien erabilera adierazten dute, eta maneiu horiek egokitzapenean duten eragina monitorizatzeko erabili dira. Azkenik, eremu bakoitzeko zenbait lursail aukeratu ziren epe luzeko jarraipena egiteko eta Nafarroako egokitze maneiuari buruzko gida espezifiko bat garatzeko.

LIFE-IP NAdapta-CC, Nafarroako egokitzapen-estrategia

LIFE-IP NAdapta-CC europar proiektu integratuaren helburu nagusia da Foru Komunitatean klima-aldaketaren aurkako erresilientzia handitzea sektoreartekotasunaren eta epe luzeko iraunkortasunaren bidez, sareetan parte hartuz eta lan eginez, HCCN-KLINan jasotako ekintza guztiak abian jartzen lagunduz.

Proiektuak 15,5 milioi eurotik gorako aurrekontua du, eta 2017an hasi eta 2025era arte iraunen du. Orobat gai hauei buruzko jarduerak eginen dira: monitorizazioa, tokiko ingurunea, ura, basoak, nekazaritza, abeltzaintza, osasuna, azpiegiturak eta lurralde-plangintza. Sektore anitzeko ikuspegi estrategikoa izanen du HCCN-KLINarekin duen loturagatik.