Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduko hiru ikaslek web plataforma bat diseinatu dute jatetxeen erreserba faltsuen arazoei aurre egiteko, hots, bezeroek erreserba egin baina gero joan ez eta mahaiak hutsik gelditzen diren kasuek sortzen dituzten arazoei. Tresna horri MesaMaestra izena jarri diote, eta “erreserben kudeaketa efizientea egiteaz gain, bezeroak baliozkotzeko sistema berritzaile bat ere eskaintzen die jatetxeei”, adierazi dute egileek. Plataformaren bidez, erabiltzaileek mahaia erreserbatzen dute eta jatetxe parte-hartzaileek partekatzen duten fidagarritasun erregistro batean sartzen dira; “horrela, esperientzia bidezkoagoa eta ekitatiboagoa ziurtatzen zaie janari establezimenduei, eta bezeroek konpromiso handiagoa hartzen dute”. Sistema horri buruzko informazio guztia  www.mesamaestra.es webgunean dago kontsultarako. 

zoom Ezkerretik eskuinera: Laila Azizi, José María Armendáriz eta Patrisia Buda, MesaMaestra aplikazioarekin.

Ezkerretik eskuinera: Laila Azizi, José María Armendáriz eta Patrisia Buda, MesaMaestra aplikazioarekin..

Plataforma horrekin, bezeroak jatetxera deitzen du erreserba egiteko, eta SMS bat jasotzen du mugikorrean. Haren bidez, bere burua erregistratzen du izena eta telefono-zenbakia emanda. Jatetxeak, bezeroaren deia jasotzean eta telefono zenbakiari begiratuta, bezero horrek zer estatus duen egiaztatzen du kolore kode baten bidez: berdea bada, bezero fidagarria dela esan nahi du; gorria bada, ez da fidagarria; eta, grisa bada, erregistratu gabea. Fidagarria bada, erreserba onartuko du, eta erreserba bezeroaren historian agertuko da. Hala ez bada eta historian ez dela fidagarria ikusten badu, uko eginen dio erreserbari. Bezeroa berria bada, lehenbizi SMS bat jasoko du sistema erabiltzeko baldintzak onar ditzan, eta, ondoren, erregistratuta geratuko da, eta historia irekiko zaio. Bezeroa fidagarria edo berria bada eta hitzordura joaten bada, erreserba bete eginen da, eta haren estatusak “fidagarri” izaten jarraituko du. Jatetxeak zehaztutako denboran erreserba bertan behera utziz gero, ezabatu eginen da eta bezeroaren estatusa "fidagarria” izanen da oraindik ere. Eta bezeroak ez badu erreserba bertan behera uzten, jatetxeak horren berri emanen du eta bezeroaren estatusa “ez-fidagarria” izanen da.

José María Armendáriz Armenterosek (Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko Gradu Bikoitzeko ikaslea), Laila Azizi Mokhtarrek (Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduko ikaslea) eta Patrisia Lorena Buda Budak (Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduaren Nazioarteko Programako ikaslea) garatu dute web plataforma hau, Ingeniaritza Telematikoko Proiektuak irakasgaiaren barrenean. Eduardo Magaña Lizarrondo Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko katedradun eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak ematen du irakasgai hori. 

Bezeroen erregistroa, jatetxeek partekatua 

MesaMaestra tresnak erregistro bat sortzen du, parte hartzen duten jatetxe guztiek partekatzen dutena. Haren bidez, zerbitzu hori duten establezimenduek aukera dute bete bezeroek bete gabe utzi dituzten erreserbak ikusteko. Horrela, erreserba bat onartu aurretik, aukera dute bezeroak nolako historia duen jakiteko. “Plataformak onurak dakarzkie bezeroei ere, jatetxeei adierazten baitzaie fidatzekoak direla –adierazi du José María Armendárizek–. Bezero bat egiten dituen erreserba guztietara joaten bada, errazago eginen ditu erreserbak tresna horretan harpideturiko edozein jatetxetan”.

Iruñerriko hainbat jatetxek adierazi dute soluzio horrekiko interesa. “Chez Belagua, El Mentidero eta Mesón de Olaz izan dira MesaMaestra erabiltzen lehenak”, adierazi du Laila Azizik. Hori eginez, “sare solidoago eta kolaboratiboago bat eraikitzen laguntzen ari dira, non ohikoena bezeroek esandakoa betetzea den eta horrek establezimenduen eta bezeroen arteko harremana ere indartzen duen”, Patrisia Budaren arabera.