Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) partzuergo batean hartzen du parte Italiako eta Akitania Berriko (Frantzia) zenbait erakunderekin batera, Erasmus + programako irakaskuntza-berrikuntzako proiektu batean. Adineko jendearen nahi gabeko bakardadea eta isolamendua prebenitzea da proiektuaren helburua, eta “Ginkgo” deitzen da (urte askoz bizi den zuhaitz baten izena). Hiru urte iraunen du, eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea ere Nafarroako partaideetako bat da. Frantziaren aldetik, berriz, honako hauek hartzen dute parte: Etcharry Formation Développement zentroa, Urruñako Ekintza Sozialeko Herri Zentroa eta Akitania Berriko Kulturako eta Osasuneko Gunea. Partzuergoko kide italiarrak Boloñako Unibertsitatea, CEFAL Emilia Romagna eta Anziani e non solo kooperatiba dira. Denak ere unibertsitateak, esku-hartze sozialeko zentroak eta arlo horretako prestakuntza-zentroak dira.

zoom Proiektuan ari diren NUPeko kideak. Ezkerretik eskuinera: Txrema Uribe, Begoña Elizalde San Miguel, Maite Huerta, Víctor Sanchez, Lucía Martínez, Sandra Siria eta Alberto Jauregui. Argazkian, Hodei Sarasa eta Laureano Martinez falta dira.

Proiektuan ari diren NUPeko kideak. Ezkerretik eskuinera: Txrema Uribe, Begoña Elizalde San Miguel, Maite Huerta, Víctor Sanchez, Lucía Martínez, Sandra Siria eta Alberto Jauregui. Argazkian, Hodei Sarasa eta Laureano Martinez falta dira.

“Ginkgo” proiektuaren helburu zehatza adineko jendea bakartu dadin eragoztea da, eta komunitatean eta gizartean aktiboki parte hartzea proposatuko zaie horretarako. Zehazki, prestakuntza-eduki berriak diseinatuko dira, belaunaldien arteko eta komunitate barreneko elkartasunerako bideak antolatuko dira, eta beste zerbitzu eta irakasle batzuekin sarean lan eginen da kirolaren, aisialdiaren, kulturaren eta antzekoen bidez inklusio moduak bateratzeko.

Ekimenaren emaitza gisa, moduluka antolatutako prestakuntza-programa bat diseinatuko da arloko oraingo eta geroko profesionalentzat, eta gidaliburu praktiko bat prestatuko da profesionalentzat, zaintzaileentzat eta boluntarioentzat. Aurreikuspenen arabera, komunikaziorako, sentsibilizaziorako eta zabalkunderako materialak ere eginen dira.  Bi talderentzat jarri da martxan proiektua: arestian aipatutako hiru herrialdeetan sozialki bakartzeko arriskuan dagoen jende adinduarentzat, batetik, eta, bestetik, esku-hartze soziosanitarioko profesional zein boluntarioentzat eta halako adinekoen senitartekoentzat, hau da, adinekoen bazterketaren eta bakartzearen arloan diharduten guztientzat oro har.

NUPeko irakasleak

Nafarroako Unibertsitate Publikoren aldetik, Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko zenbait ikertzaile ari dira proiektuan: Txema Uribe Oyarbide, Begoña Elizalde, Maite Huerta Tardío, Víctor Sanchez, Lucía Martínez Virto, Sandra Siria Mendaza, Alberto Jauregui Virto, Hodei Sarasa Camacho eta Laureano Martínez Sordoni.