Joan eduki nagusira

zoom Laetoli argitaletxeak eta NUPek kaleratu duten “Escritos sobre ciencia” liburuaren azala

Laetoli argitaletxeak eta NUPek kaleratu duten “Escritos sobre ciencia” liburuaren azala

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Laetoli argitaletxeak “Escritos sobre ciencia” argitaratu dute, José Ferrater Moraren (Bartzelona, 1912-1991) hamar saiakera labur biltzen dituen liburua. XX. mendeko espainiar filosofo nabarmenetako bat izan zen Ferrater Mora, eta hamar testu horietan bere diziplinaren eta zientziaren arteko loturak aztertu zituen. Horietan guztietan, “obsesio bera du hizpide: agerian jartzea zentzugabekeria dela uste izatea bai zientzia eta filosofia gauza bera direla, bai bien artean loturarik ez dagoela”. Hala dio Victoria Camps filosofo eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedradun emerituak, zeinak liburuaren hitzaurrea prestatu baitu, Mario Bunge zientziaren filosofo eta Montrealgo (Kanada) McGill Unibertsitateko irakasle emerituarekin batera.

Testuen aukeraketa Carla Velásquez hispano-kolonbiarrak (Medellín, 1981) egin du, zeinak Filosofia ikasi baitzuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Bertan egindako Ferrater Morari buruzko doktoretza-tesiak oinarri gisa balio izan dio liburuan jaso dituen katalan pentsalariaren saiakeren hautaketa egin aurretik gauzatutako ikerketa burutzeko.

José Ferrater Morak pentsatzen zuen filosofia “zientziarekin erlazionatuta dagoela”, baina erlazio horrek “ez duela hartzen mendekotasunaren, erdi-mendekotasunaren edo independentziaren forma, baizik eta elkarrekintzarena”; izan ere, bere ustez, “filosofiak ez du zientzia ekoizten, baina zientzia ahalbidetzeko laguntza eman dezake”.

NUPek eta Laetoli argitaletxeak dibulgazio zientifikoko bilduma bat dute, “Las dos culturas”, eta bildumako 29. zenbakia da liburu hau, zeina 22 euroan baitago salgai. Bildumaren helburua da publiko zabal bati jakintza zientifikoa helaraztea, eta “bi kulturak” (letrak eta zientziak) atzean uzten laguntzea kultura bakar batean elkartzeko: hirugarren kultura sintetiko batean, hain zuzen, gure kulturan.

Egilearen biografia

zoom José Ferrater Mora filosofoa

José Ferrater Mora filosofoa

Bartzelonako Unibertsitatean Filosofia ikasi zuen, baina, Errepublikak Gerra Zibilean sufritutako porrotaren ondorioz, José Ferrater Morak erbestera joan behar izan zuen, Parisera lehenik, eta Kubara eta Txileko Santiagora gero. 1949an, Estatu Batuetan finkatu zuen bere bizilekua, eta irakasle aritu zen Bryn Mawr College (Pensilvania) erakundean, non Filosofia Saileko zuzendari izan baitzen, 1981ean erretiroa hartu zuen arte. Irakasle bisitari izan zen Amerikako eta Europako zenbait unibertsitatetan (haietako batzuek “honoris causa” doktoretzak eman zizkioten), eta filosofia-liburu ugari idatzi zituen, besteak beste “Diccionario de filosofía” ospetsua, bai eta “El hombre en la encrucijada”, “El ser y la muerte”, “Fundamentos de filosofía”, “Cambio de marcha en filosofía” eta “De la materia a la razón” ere. Bere nortasunaren alderdi ezezagunago bati dagokionez, aipatzekoa da eleberrigile (besteak beste, “Claudia, mi Claudia”, “El juego de la verdad” eta “Regreso del infierno” lanak egin zituen) eta zinema dokumentaleko gidoilari eta zuzendari aritu zela. 1985ean, Komunikazioko eta Giza Zientzietako Asturias Printzea Saria irabazi zuen.