Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Pérez Artieda, López Martín, Gubía, Sanchis, Astráin eta Barrenechea, biltzarrean

Ezkerretik eskuinera: Pérez Artieda, López Martín, Gubía, Sanchis, Astráin eta Barrenechea, biltzarrean

Unibertsitate aurreko ikasleen inguruak, familia, lagunak eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak osatzen dutenak, gehiago motibatzen ditu gizonak emakumeak baino Ingeniaritzako titulazioak ikasteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko TIIGMET Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak egindako azterlan baten arabera. Ikerketa hori “Frontiers in Education Conference” izeneko nazioarteko biltzarrean aurkeztu zen; izan ere, Ingeniaritzako hezkuntzari buruzko garrantzitsuena, berriki Madrilen egin dena.

TIIGMETen ere, graduko bost titulazio dauzkana Iruñean eta beste bat Tuteran, emakume ikasleen presentzia urriagoa da Ingeniaritzetan gainerako herrialde garatuetan baino, Iruñeko campusa ardatz daukan azterlan honetako datuen arabera, eta NUPeko beste Ingeniaritza Eskola (Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa) aztertu ez duena. Estatu Batuetan, emakumezkoen batezbestekoa % 19 da; Erresuma Batuan, % 15; eta Japonian ez da % 12ra iristen. Espainiaren kasuan, Ingeniaritza eskoletako emakume ikasleek % 26 egiten dute, unibertsitatean dabiltzan emakume ikasleen kopuru osoa % 53 den artean, lan akademiko honetan (2010. urteko datuekin) jasotzen denez.

Txostenaren arabera, azken 16 urteotan, Iruñeko TIIGMETen bost titulazioetan emakume ikasleen kopuru osoa % 25etik behera egon izan da. Eta egoerak, hobetu beharrean, okerrera egin du, apur bat behera egin baitu azken hamar urteotan. Kopuru gorena 2002an erdietsi zen, % 24,2rekin eta txikiena, 2011. urtean, % 15,2rekin.

Emakumeen presentzia handiagoa daukan titulazio bat

Azken 16 urteotan soilik Industria Ingeniaritza titulazioan (egun iraungia, eta lehen zikloa Industria Teknologietako Ingeniaritzako Graduari dagokiona) izan da konstante emakume ikasleen kopurua (batezbesteko % 25), beste herrialde batzuetan gertatzen den moduan, lan akademiko honetan dioen bezala, "programaren irismen zabala" eta "ondoren enplegu aukeretarako titulazioak ematen duen egokikortasuna" direla eta.

Hala ere, graduatutako ikasle kopuru osoa kontuan hartzen bada, emakumeen kopurua handitu egiten da, eta zenbait kasutan, nabarmen. Adibidez, Informatikako Ingeniaritza Teknikoan (egun Informatikako Ingeniaritza Graduari dagokiona), matrikulatutako emakume ikasleen kopurua, batez beste, ia % 21ekoa zen eta graduatuak % 37 egiten zuten. Datu horiek ikasketa teknikoetan emakumezkoen arrakasta-tasa hobea frogatzen dute, gizonezkoekin alderatuz.

Azterlanaren arabera, Ingeniaritzako titulazioetan emakumeen ordezkaritza txikiagoak ekar dezake "unibertsitate aurreko ikasleen interesa urritzea" eta, epe luzera, "emakumezkoen garrantzia gutxitzea karrera akademikoan eta ikerketan". Gainera, lanean aipatzen dira Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan egindako azterlan ekonomikoak, emakumeek enplegu teknologikoetan duten parte hartze urriaren eragin negatiboei buruz, hura baita garapen industrialaren motorra. Adibidez, lehenengo airbagak gizonezkoek diseinatu zituzten gizonentzat, alde batera utzita emakumeak eta haurrak. Antzeko zerbait gertatu zen ahotsa ezagutzeko sistemekin, hasiera batean gizonezko ahotsetarako prestatu baitziren.

Sexuen arteko desoreka datu horiek ikusirik, TIIGMET azken lau urteotan zuzendu duen taldeak inkesta bat egin zuen Eskolako ingeniaritza gradu guztietako 2. mailan, egoera horren arrazoietako batzuk identifikatzeko asmoz. Eta erantzunak aztertuz, ondorioztatzen da inguru sozialak desberdin eragiten duela emakumeen eta gizonen artean. Hortaz, inkesta egin duten emakumeen % 12,5ek esan zuen baste titulazioren bat ikasteko iradoki ziotela, eta hori soilik % 5,7 mutilen artean gertatu zen. Eta, beharbada esanguratsuena da, Ingeniaritzako titulazioa ikasten ari zirenean, inguru hurbilekoenak emakumeen % 65i galdetu ziela ikasketekin zeukaten asetze mailari buruz, mutilen % 46ri galdetu zieten artean.

Datu horiek pista bat ematen dute erakusteko nola "gizarteak jarraitzen duen zalantzan jartzen emakume batek ingeniaritza bat ikastea erabakitzen duenean", dio txostenak. "Arketipo hau oso argi ilustratzen da, emakume ikasle baten iruzkin batean: "Esan ohi zidaten: Zertan zabiltza ingeniaritza bat ikasten? Baina hemen nago", dio azterlanak.

Horri gehitzen zaio ikasle mutilen familietan % 30 ingeniari gehiago daudela emakumeen familietan baino eta, galdetu ez bazen ere ahaide horiek gizonezkoak edo emakumezkoak ziren, ikerketaren egileek uste dute probabilitate gehiago daudela gizonak izatekoa, eta hortaz, "errazagoa dela ikaslegaiak haiekin identifikatzea". "Emakumezko ereduen gabezia ingeniaritzetan eta ingeniaritza gizonezkoen lanbide batekin lotzen duten estereotipo kulturalak eta sozialak irautea, oraindik ere nagusitzen diren ideiak dira, nahiz eta kontziente ez izan", dio azterlanak.

Egoera aldatzeko ekintzak

Egileek egoera aldatzeko ekintzak ere planteatzen dituzte, adibidez, Bigarren Hezkuntzako ikasleekin komunikazioa hobetzea "ingeniaritza humanoagoa egiteko, ikuspegia eragin sozialean jarrita", esaterako, Ingeniaritza Biomedikoarekin edo energia berriztagarriekin; "emakume ingeniarien irudi erakargarriagoa sortzea, lanbide moduan"; eta "ingeniaritza gizonezkoen lanbide bat delako ideia okerra desegitea".

Azterlanaren egileak dira TIIGMETeko zuzendaritza talde ohiaren kideak: Ignacio Matías Maestro zuzendari ohia; eta David Astráin Ulibarrena, Edurne Barrenechea Tartas, Eugenio Gubía Villabona, Antonio López Martín, Daniel Morató Osés, Gurutze Pérez Artieda eta Pablo Sanchis Gúrpide zuzendariorde ohiak, eta Jesús López Taberna, TIIGMETeko zuzendariorde ohi jarraitzen duena, Rafael Rodríguez Tríasen zuzendaritzapean.

Lan hau egiteaz gainera, TIIGMETeko zuzendaritza talde ohiaren kideek beste bi txosten aurkeztu zituzten “Frontiers in Education Conference” biltzarrean, ikastegi honek berriki abian jarritako zenbait ekimen ezagutzera emateko, adibidez, Ingeniaritzetako Nazioarteko Programak eta Energia Berriztagarrien Katedra.