Joan eduki nagusira

2010. urtearen lehen sei hilabeteetan, guztira lankidetzako 98 esparru hitzarmen sinatu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitate-Gizarte Fundazioak beste hainbeste enpresa eta erakunderekin, ikasleei eta tituludunei zuzendutako praktika programak abian jartzeko. Beraz, aurreko ekitaldian sinatutako 117 hitzarmenetara iritsi da ia, eta NUPek dagoeneko 1.607 hitzarmen sinatu ditu enpresa eta erakundeekin, ikasleen irakaskuntza prestakuntza sendotzeko eta tituludunei laneratzen laguntzeko.

NUPekin hitzarmenak sinatu dituzten ehun enpresa ingurutik gehienak nafarrak dira, baina Euskal Autonomia Erkidegokoak, Madrilgoak eta Kataluniakoak ere badaude. Horiei, Herbeheretako enpresa bat eta Frantziako bi enpresa gehitu behar zaizkie. Enpresak arlo hauetakoak dira: ingeniaritza zibila, energia berriztagarriak, hezkuntza, nekazaritza, informatika, turismoa, osasuna, eraikuntza, garraioa edo zerga eta lan aholkularitza. Erakundeei dagokienez, beste batzuen artean, honako hauek ditugu: Cintruenigoko eta Los Arcoseko Udalak, Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Saila eta Aronako udala, Tenerife uhartean dagoena.

NUPek enpresa eta erakunde horiekin sinatutako esparru hitzarmenen helburua da unibertsitateko ikasle eta tituludunek prestakuntza osoa lortzeko modua izatea beren irakaskuntza prestakuntzaren osagarri izango diren praktika espezializatuak egiteko aukeraren bidez, bai beren gradu ikasketetan eta bai graduondoko ikasketetan ere. Hitzarmenak alderdi hauek arautzen ditu: praktika hauen onuradunek bete beharreko baldintzak, izangaien poltsa bat sortzea ikasle eta tituludunekin, praktiken iraupena, edo ikaslearen tutore-irakasle postua sortzea, ikasketen jarraipena egiteko ardura izango duena.


1.462 tituludun laneratzea lau urtean


Azkeneko lau urteotan NUPeko 1.462 tituludun laneratu dira, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatzen dituen enpresetan praktikak egiteko programen bidez. Ikasle horiei lana eman dieten enpresen % 86,5ek nabarmendu dute “praktikak egitean erakutsitako jarrera” izan dela erabakigarria kontratua egiteko. Horra hor “Praktika programen eragina unibertsitarioak prestatu eta laneratzeko” izeneko txostenak eman dituen zenbait datu. Txosten hori Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren Enplegu Arloak prestatu, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatu du.

Txostenean 2009ko jarduerari buruzko datuak jasotzen dira, urte horretan hasi baitziren praktiketan 817 unibertsitateko ikasle, hiru kontinentetako 14 herrialdetako hainbat enpresa eta erakundetan. 4.421.155 euro izan zen, guztira, beketan ordaindutako zenbatekoa. Epe horretan praktika programetan parte hartu zutenen % 44k laneratzea lortu zuten. Azken lau urteotako datu bateratuetan ikusten da 1.462 pertsona laneratu zirela programa hauen bidez.

Praktikak egiten aritu diren bekadunen gogobetetasuna % 90,7koa izan da, eta ia enpresa gehienek (% 95,5ek) parte hartu nahi dute berriz ere programa hauetan. Praktikak kudeatzeko gaietan Fundazioak eman dituen zerbitzuekin ere pozik daude bekadunak eta enpresak.

Beste datu nabarmen bat da NUPeko tituludunek Nafarroako lan merkatu kualifikatuan txertatzeko indizea. 2009. urteko datuen arabera, txostenak erakusten du Nafarroako Unibertsitatetik ateratakoak izan zirela kontratatuen % 67, Nafarroako enpresek NUPeko titulazioei dagozkien lanbide profilak eskatzen baitituzte.