Joan eduki nagusira

zoom Magda Beatriz Lahoz, azken Amado Alonso saria.

Magda Beatriz Lahoz, azken Amado Alonso saria.

Camino Oslé Guerendiáin Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak eta Alberto Catalán Higueras Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Hezkuntza arloko eledunak gaur aurkeztu dute “Desira eta zentsura Juan José Hernándezen narratiba laburrean. XX. mendearen erdialdeko argentinar gizartea. Adierazi ezin denaren infernua” liburua, Magda Beatriz Lahoz irakaslearena, Amado Alonso Literatura Kritikarako 2009ko Nazioarteko Sariaren irabazlea.

Saria 6.000 eurokoa da, eta Amado Alonso Fundazioak egiten du deialdia. Leringo Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak osatzen dute fundazio hori. Osotara, Espainiako, Frantziako, Estatu Batuetako, Argentinako, Peruko, Kolonbiako, Venezuelako, Mexikoko, Ekuadorreko, Uruguaiko, Kanadako eta Txileko 44 lan aurkeztu ziren azken edizio honetara. Liburuaren aurkezpena Errektoretzan egin da, eta bertan izan dira liburuaren egilea, Leringo alkate Marcelino Azcoiti jauna, eta epaimahaiaren kide Emilio Echavarren jauna.

Amado Alonso Sariaren azken irabazlea, Magda Beatriz Lahoz, San Juanen (Argentinan) bizi da, Letretako Irakaskuntza Ertainetan eta Goi Mailako Irakaskuntzan graduatua da eta Letretako masterra du San Juango Unibertsitate Nazionalean, non Gaztelania eta Literatura Saileko irakasle titularra baita. Hamar bat ikerketa proiektutan parte-hartzaile edo zuzendari izan da eta liburu, artikulu eta biltzarretako komunikazioen artean literatura ikerketari buruzko hogei bat argitalpenen egilea da.

Prentsaurrekoan, sariaren deialdi berria ere aurkeztu da. Lanak aurkezteko azken eguna 2010eko apirilaren 30a da. Amado Alonso Fundaziora bidali behar dira (Kale Nagusia, 24 31260 Lerin –Nafarroa-).

Beste lurralde batzuetara ireki behar duen narratzailea

“Desira eta zentsura Juan José Hernándezen narratiba laburrean...” liburuak, zeinarekin irabazi baitzuen Amado Alonso saria, Argentinako kulturan oso ezaguna den baina beste lurralde batzuetara, bereziki espainieraz mintzo diren lurraldeetara, irekitzeko beharra duen narratzaile baten lana aztertzeko ausardia dauka, epaimahaiaren iritzian. Erabakiak nabarmendu zuen egile baten erreibindikazioa eta hedapenaren aldeko apustua Amado Alonsoren lanarekin lotzen direla. Izan ere, idazlea aitzindaria izan zen Nerudari buruzko azterketetan, hura poeta ia ezezaguna zenean.

Juan José Hernández San Miguel de Tucumánen jaio zen 1931n. “Iraute ukatua eta lo-kuluxka eta laranja”, “Argitasun garaitua”, “Ametsen hiria”, “Desideratum. Lan poetikoa” eta “Idazki Irreberenteak” poema liburuen egilea da. “Estrella anderea” eta “Horrelakoa da ama” ipuin liburuak ere argitaratu zituen. Narratibako Udal Saria (1965), Guggenheim beka (1969) eta Konex Saria (1984) lortu zituen. 2007ko martxoaren 21ean hil zen Buenos Airesen.

Epaimahaiak 2009ko ekainean eman zuen bere erabakiaren berri. Amado Alonso Fundazioko buru Juan Manuel Alonso jauna izan zen epaimahaiburua. Epaimahaikideak, berriz, honako hauek: José Luis Martín Nogales, literatura kritikaria; Manuel Borrás Arana, editorea; Mª Isabel López Martínez, Literatura Teoriako irakaslea; Emilio Echavarren Urtasun, Literatura irakaslea; José Luis González García, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Kabineteburua; eta Tomás Yerro Villanueva, Literatura irakaslea eta idazkari aritu zena.

Amado Alonso Fundazioa

zoom Ezkerretik eskuinera, Marcelino Azcoiti, Magda Beatriz Lahoz, Alberto Catalán, Camino Oslé eta Emilio Echavarren.

Ezkerretik eskuinera, Marcelino Azcoiti, Magda Beatriz Lahoz, Alberto Catalán, Camino Oslé eta Emilio Echavarren.

Amado Alonso Fundazioa 2001ean eratu zen, eta bere helburua da Amado Alonso irakasle nafarraren bizitza hobeki ezagutzen laguntzea, bai eta haren testuinguru historikoa ere Nafarroa, Espainia eta beste herrialde batzuetako arlo akademiko eta sozialean; ikertzaile honek espainiar filologia, espainieraren didaktika eta literatura teoria eta kritikaren esparruan egindako zientzia-ekarpenen balioa aldarrikatzea; Amado Alonso, bere lankide eta ikasleen lanaren ildoak eta espiritua garatzera zuzendutako ikerkuntza eta zabalkunde jarduerak bultzatzea; eta egile honi buruzko dokumentazio-bilketa sustatzea.

Aurretiaz, honako hauek eskuratu dute sari hau: Mª Isabel López Martínez (2002); Gloria Estela González Centeno (2003); Angel Pérez Martínez (2004); Miguel Zugasti Zugasti (2005); Josep María Rodríguez (2006); eta Alberto Santamaría (2007).

Amado Alonso (Lerín, 1896-Arlington, Estatu Batuak, 1952), Filosofia eta Letretan lizentziatu zen 1918an Madrilgo Unibertsitate Zentralean, eta Américo Castro eta Menéndez Pidalekin batera lan egin zuen Historia Ikasketen Zentroan. Han fonetikaren arloan sakondu zuen, eta gero espezialitate horrekin jarraitu zuen Hamburgoko Unibertsitatean (1922-1924). Espainiara itzuli zelarik, Irakaskuntzako Erakunde Libreko irakaslea izan zen. Aldi berean, Valle-Inclánen “Sonatei” buruzko doktoretza-tesia prestatu zuen, zeina 1927an irakurri baitzuen. Urte horretan berean, Atlantikoa zeharkatu zuen Buenos Aireseko Unibertsitateko Filologia Institutuaren zuzendaritzaz arduratzeko. Han ia hogei urte egin zituen.

1946an, Amado Alonso Harvardeko Unibertsitateko (Estatu Batuak) Espainiar Hizkuntza eta Literaturako irakaslea izan zen, hasiera batean, seihileko baterako, baina, Argentinako arazoak zirela medio, ezin izan zen itzuli. Han egon zen herriminak jota, Espainiara itzuli ezin zelako, 1952an hil zen arte.

“Espainiera Amerikan” eta “Gaztelaniaren Erdi Aroko ahoskeratik ahoskera garaikidera” bezalako lanen egilea edo “Revista de Filología Hispánica” bezalako argitalpenen sortzailea da, baina hizlari gisa ere nabarmendu zen, asko landu baitzuen arlo hori. Horri esker, makina bat unibertsitatetan egon zen. Chicagoko Unibertsitateko Honoris causa doktore inbestitu zuten eta Filadelfiako American Philosophical Society edo Letretako Argentinar Akademia bezalako erakundeetako kidea izan zen. Joan Evansekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten.