Joan eduki nagusira

Massil Allache de Esteban Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Graduko ikaslea “San Kristobal: ihesaldi baten historia” izeneko bakarrizketaren egilea eta antzezlea da. Bakarrizketa bihar, ostirala, maiatzak 10, 20:00etan estreinatuko da Nafarroako Antzerki Eskolan (San Agustin kalea, 3, Iruñea). Emanaldi hori izan da  2024ko Proiektu Kulturalen deialdian aukeratu dutenetako bat. NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak deialdi hori bultzatu du edozein titulaziotako ikasleek unibertsitateko bizitza kulturala aberasteko asmoarekin aurkeztutako ekimenak saritzeko. 

“San Kristobal: ihesaldi baten historia” izeneko bakarrizketak Pedro izeneko Berbintzanako (Nafarroa) gizon baten bizipenak kontatzen ditu. Gizona San Kristobal gotorlekuan espetxeratzen dute Gerra Zibilean, eta, 1938ko maiatzaren 22an, historiako ihesaldirik handienetako batean parte hartzen du. “Lana gotorlekuko beste preso batzuen bizitzetan dago oinarrituta, eta horretarako dokumentazio-lana egin dut liburuak irakurrita, “Ezkaba” dokumentala ikusita eta Txinparta elkartearen babesarekin”, esan du ikasleak. Adierazi duenez, gotorlekuak betidanik erakarri du, Berriozarren bizi baita, Ezkaba mendiaren parean eta amaren aldeko birraitona bat “han egon zen guardia egiten”.

zoom Massil Allache NUPeko ikaslea, “San Kristobal: ihesaldi baten historia” bakarrizketaren egilea eta antzezlea, bere pertsonaia bezala karakterizatua.

Massil Allache NUPeko ikaslea, “San Kristobal: ihesaldi baten historia” bakarrizketaren egilea eta antzezlea, bere pertsonaia bezala karakterizatua.

Nafarroako Antzerki Eskolak ere aitortu du proiektu hori bere egoitza-programarekin, eta, beraz, Massil Allachek eta Teatros Mágicosek, lana taularatuko duen konpainiak, aldez aurretik prestatu ahal izan dute zentro horretako agertokian, Iruñeko Alde Zaharrean. 

Beste lau emanaldi

Estreinaldiaren ondoren, “San Kristobal: ihesaldi baten historia” lana Nafarroako Antzerki Eskolan taularatuko da egun hauetan, 20:00etan: maiatzaren 11n, larunbata, maiatzaren 17an, ostirala, eta maiatzaren 19an, igandea. Horrez gain, bosgarren emanaldi bat izanen da, NUPek antolatua, maiatzaren 21ean, asteartea, 19:00etan, Iturramako Civivoxen.