Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP)  I-COMMUNITAS ikerketa-institutuak eta erakunde bereko Aprender-Ikasi Katedrak PISA txostenaren Nafarroako emaitzei buruzko gogoeta eginen dute unibertsitatean. Hitzordua maiatzaren 10ean izanen da, 9:00etatik 13:30era Nicolás de Oresme aretoan (Gurbitzak eraikina, Arrosadiko campusa) eta hara joateko izena eman behar da aurretik. Programa osoa Unibertsitatearen webgunean  dago kontsultatzeko.

zoom NUPeko Arrosadiko campuseko Liburutegiaren irudi bat.

NUPeko Arrosadiko campuseko Liburutegiaren irudi bat.

Jardunaldien antolatzaileek azaldu dutenez, azken Pisa txostenak "agerian utzi du beherakada egon dela aurreko zikloan lortutako emaitzekin alderatuta, Nafarroan oso nabarmena gainera”, eta galdetzen du ea "COVID-19 pandemiaren eragina den edo arrazoi sakonagoak dauden". Jardunaldiaren helburua da hasitako gogoetari ekarpena egitea zenbait alderditan, hala nola irakasleen prestakuntza, erabili beharreko didaktikak, ikasgaietan zer maila eskatu behar zaien ikasleei, bitarteko digitalen eragina, zentro motak, familiako zailtasunak eta desparekotasun sozialaren faktoreak, etab., betiere hezkuntza-komunitatearekin partekatzeko analisiaren alderdi garrantzitsu batzuk eta etorkizuneko proposamenak.

Gregorio Luri Medrano Filosofiako doktore eta pedagogoak emanen du jardunaldien hasierako hitzaldia. Jarraian, bi mahai-inguru eginen dira: lehenengoan, “Arazoak, irakurketak eta proposamenak" izenburupean, NUPeko hiru irakaslek hartuko dute parte: Aitzol Lasa Oyarbide, María Napal Fraile eta Alfredo Asiáin Ansorena, Matematikaren Didaktikako, Zientzia Esperimentalen Didaktikako eta Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako irakasleak, hurrenez hurren. Bigarrenean, “Esperientziak, proiektuak eta emaitzak” izenburupean, irakasle hauek hartuko dute parte: Esperanza Bauselas Herrera NUPeko Psikologia Hezigarriko eta Hezkuntzaren Psikologiako irakaslea; Alberto Urrutia Lecumberri Matematikako irakaslea eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuko zuzendaria; Izaskun Jorajuria Elizondo Iruñeko Iturrama BHIko Fisika eta Kimika irakaslea, eta Gabriel Rubio Navarro Iruñeko Navarro Villoslada BHIko zuzendaria eta Hizkuntza irakaslea.