Joan eduki nagusira

Seihileko honetan, bizitzaren amaierako zaintza-lanei buruzko zeharkako gaitasunak ardatz dituen ikastaro bat eman du Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Nafarroako Gobernuko Osasuneko Departamentuko Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokiarekin (OMD) lankidetzan, eta, hain zuzen ere, ikastaro hori saritu dute berriki Kordoban (Andaluzia) egin den Osasun Laguntzaren Humanizazioari buruzko Nazioarteko III. Biltzarrean. Zehazki, “Herio orpoz orpo: gure bizialdiko erronkak” izeneko prestakuntza-jarduerak poster hoberenaren saria eskuratu du bilera zientifiko honetan aurkeztutako ia ehun eta berrogeita hamar lanen artean. Osasuna Humanizatzen Fundazioak antolatu du bilera zientifikoa. 

Poster saritua honako hauek egin dute: Geno Ochando Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokiko (OMD) burua; NUPeko hiru irakasle (Olga López de Dicastillo Sainz de Murieta eta Txema Uribe Oyarbide irakasle titularrak eta Javier Blázquez Ruiz katedraduna; azken biak OMDko kideak) eta Nafarroako Unibertsitateko beste irakasle bat (Carlos Centeno Cortés OMDko kidea eta Kultura eta Gizartea Institutuko ATLANTES Programako ikertzaile nagusia).

zoom Geno Ochando (eskuinean), OMDko burua, saria jasotzen Inmaculada Romero Sánchez Kordobako Mediku Sindikatuko idazkari nagusiaren eskutik.

Geno Ochando (eskuinean), OMDko burua, saria jasotzen Inmaculada Romero Sánchez Kordobako Mediku Sindikatuko idazkari nagusiaren eskutik.

Ikastaroaren edukia

“Herio orpoz orpo: gure bizialdiko erronkak” izeneko ikastaroak aztergai ditu bizitzaren amaierako zaintza-lanetarako beharrezkoak diren gaitasunak, eta posterrak ikuspegi fisiko, emozional, sozial, izpiritual eta normatibotik azaltzen du ikastaroa. Prestakuntza joan den otsailean egin zen, eta hiru saio egin ziren NUPen Arrosadiko campusean eta Osasun Zientzien campusean. Irakasteko metodologia azalpen-bideo eta laguntza-materialen eta saio presentzialen arteko nahastea izan zen. Horietan azkena (Osasun Zientzien Fakultateko Simulazio Zentroan) murgiltze-esperientzia bat izan zen: “stay room” jokoa, zeinean ikasleek zenbait egoera konpondu baitzituzten taldeka.

Ikastaroan hainbat gai landu ziren, esaterako heriotzaren kudeaketa gure gizartean, galdera etikoak bizitzaren amaieran, bizitzaren etapa horretan laguntzea, zainketa aringarriak eta duintasunez hiltzeko eskubidearen inguruko araudia. NUPeko eta Nafarroako Unibertsitateko irakasleek eta Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokiko (OMD) adituek eman zuten ikastaroa. 

Lau titulaziotako ikasleak

Erizaintzako, Psikologiako, Soziologia Aplikatuko eta Zuzenbideko ikasleek bete zituzten prestakuntza-jarduera honetako hamabost postuak. Ikastaroaren amaieran egindako inkestan, parte-hartzaileek hamar puntutik bederatzi-hamar eman zizkioten ikastaroari, eta denek eskatu zuten ikastaroak izan ditzala hamar ordu baino gehiago. Ikasleek baloratu zuten “gai ezezagun bati buruzko ezagutzak zabaltzea, heriotzari buruz aritzea gisa horretako gogoetak maiz egiten ez dituen herritar multzo batekin, zaintza aringarriei buruzko ezagutza, pazientekin harremanak izateko prestatzeak duen garrantzia, landutako gaien ugaritasuna eta metodologia berritzailea”, galdetegiek jasotzen zuten bezala.

Osasun Laguntzaren Humanizazioari buruzko Nazioarteko III. Biltzarra antolatu duen erakundeak helburutzat dauka “errealitatea eraldatzea pertsonen duintasunean oinarritutako osasun laguntzako eredu batekin: pazienteak, familiak eta profesionalak".