Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Itsaso bete zientzia” dibulgazio-lehiaketa antolatu du Nafarroako bigarren hezkuntzako ikastetxeetako ikasleentzat, eta taldeka edo ikastetxeka parte hartuko dute. Helburua da ozeano, itsaso, ibai eta lurpeko uren kontserbazioaren garrantziaz gogoeta egitea. Oinarriak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko. 

Bi formatutan parte hartzen ahal da: idazketa eta sormen artistikoa. Hauek izanen dira lanen oinarri: ibaiko eta itsasoko ekosistemak eta biodibertsitatea babestu eta lehengoratzea, ibaiko eta itsasoko dibertsitate biologikoaren erabilera jasangarria edo uretan petrolioen eta hondakin plastikoen kutsadura murriztea, besteak beste. Gela eta talde bakoitzak gehienez ere idazlan bat eta sormen lan bat aurkezten ahalko ditu, eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Lanak maiatzaren 24ra arte bidaliko dira ucc@unavarra.es posta elektronikoko helbidera, eta ikasleek ibaien eta lurpeko uren jasangarritasunarekin lotutako ikerketa- eta behaketa-jarduera batean parte hartuko dute. 

zoom Bosco Imbert irakasleak emandako “Uraren agenteak” lantegietako batean parte hartu duten ikasleak  (artxiboko irudia).

Bosco Imbert irakasleak emandako “Uraren agenteak” lantegietako batean parte hartu duten ikasleak (artxiboko irudia).

Jarduera Ikertzaileen Gau Europarraren barruan eginen da. Europar Batasunak finantzatzen du Ikertzaileen Gau Europarra, eta NUPek Unibertsitateen G9 Taldearen eskutik parte hartzen du. Lehiaketa sariak ekainaren 7an emanen dira, Ozeanoen Nazioarteko Egunaren bezperan.

G9-SCIENCE4ALL eta Ozeanoen Nazioarteko Eguna

G9-SCIENCE4ALL izenaren pean, Unibertsitateen G9 Taldea osatzen duten erakundeak, Kantabriako Unibertsitateak koordinatuta, partzuergo batean elkartu dira Ikertzaileen Gau Europarra elkarrekin ospatzeko. Unibertsitate hauek osatzen dute partzuergoa: Kantabriakoak, Gaztela-Mantxakoak, Extremadurakoak, Balear Uharteetakoak, Oviedokoak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Zaragozakoak, Errioxako Unibertsitatearekin lankidetzan. Haren jarduerak ekitaldiaren webgunean kontsultatzen ahal dituzue. Proiektu hau Europar Batasunak finantzatu du, Horizonte Europa: Ikerkuntza eta Berrikuntza Esparruko Programaren barnean.