Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere jakintza-arloetako 25 titulu bereki eskainiko ditu 2024-2025 ikasturtean. Izena emateko lehenbiziko epea maiatzaren 12ra arte egonen da zabalik, eta interesdunek NUP Fundazioaren prestakuntza jarraituari . buruzko webgunean aurkituko dute horren inguruko informazio guztia.

zoom NUPeko ikasleak, Arrosadiko campuseko Ikasgelategian.

NUPeko ikasleak, Arrosadiko campuseko Ikasgelategian.

Titulu berekiak inguruko prestakuntza-beharrei erantzuteko sortzen dira, ezagutzaren bidez pertsonen enplegagarritasuna eta birkualifikazioa sustatzeko helburuz. Asmo hori betetzeko xedearekin, titulu gehienak gizarte osoarentzat eskaintzen dira, modu irekian.

Graduei lotutako titulu berekiak eta erakundeentzat neurrira egindako eskaintza

Batetik, NUPek graduko titulu ofizialei lotutako bost titulu bereki eskaintzen ditu ikasleek espezializazio batekin osa ditzaten ikasketak.

Bestalde, NUPek programa korporatiboak garatzen ditu, neurrira diseinatutakoak talentua erakarri, garatu eta atxiki nahi duten edozein arlotako eta edozein tamainatako erakundeentzat. “In company” izena du prestakuntza horrek, eta NUPen ikasketa berekiak enpresa edo erakunde interesdunentzat ematea edo egokitzea eskaintzen du, baita haien neurrira egindako tituluak diseinatzea ere.

Eskaintzaren ezaugarriak eta lankidetza enpresekin

Prestakuntza jarraituaren helburua da gizartearen eta lan-merkatuaren eskaera aldakorrei erantzun zuzena ematea, eta eragile ekonomiko eta sozialekin etengabe eta elkarlanean hitz eginez bultzatu behar da.

Pertsonen prestasun-beharretara egokitzeko, funtsezkoa da prestakuntza ere malgua eta eskuragarria izatea.

Alde horretatik, NUPk iraupen laburreko programa modularrak eskaintzen ditu zenbait modalitatetan (presentziala, birtuala edo hibridoa), eta norberak bere egoerara eta nahietara hobekien egokitzen den formatua aukeratzen ahal du. Hala, prestakuntza egiazki inklusiboa eta eskuragarria da denentzat, norberak denboren eta kokapen geografikoaren ikuspegitik dituen mugak gorabehera.

Prestakuntza jarraitua

CRUEk 2019-2020 ikasturtean Espainiako unibertsitateen datuei buruz egindako txostenaren arabera, Espainian, prestakuntza jarraituko ikasketaren bat egiten duen jende kopuruari dagokionez, Nafarroak du bigarren emaitzarik hoberena, Euskal Autonomia Erkidegoaren atzetik. Nafarroan, 25 eta 64 urte bitarteko biztanleen % 12k baino gehixeagok egiten du ikasketa berekiren bat; Estatuko batezbestekoa, aldiz, % 10 da. 2022-2023 ikasturtean, 1.800 lagunek baino gehiagok egin zuten prestakuntza jarraitua NUPen.

Prestakuntza jarraitua bultzatuz estatu kideen artean hezkuntza jarraitua sustatu nahi du Europar Batasunak, gutxienez ere 25 urtetik 64 urtera bitarteko helduen % 60k azken hamabi hilabeteetan prestakuntza jardueraren batean parte har dezaten 2030rako.