Joan eduki nagusira

Santiago Sánchez Alegría Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslea eta INARBE institutuko ikertzailea da, eta erakunde akademikoko Tuterako Campuseko Arloko zuzendari izendatu dute. Kargua Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako Errektoreordetzaren mende dago. Kontabilitatean doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Juan Ignacio Latorre Biel  Ingeniaritza Saileko irakaslea ordeztuko du, zeina 2019tik baitzegoen kargu horretan.

NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko gradu eta masterretan kanpoko eta barneko kontabilitatea irakasteaz gain, Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketako Unibertsitate Masterreko (ERP) eta Enpresen Zuzendaritzako Unibertsitate Masterreko zuzendari akademikoa izan da Santiago Sánchez Alegría. Irakaskuntza berrikuntzako zenbait proiektutan ere parte hartu du, eta Estados contables: elaboración, análisis e interpretación (ediciones Pirámide) eskuliburuaren edizioan lagundu du. Eskuliburuaren zazpigarren argitaraldia egin da. 

zoom Santiago Sánchez Alegría irakasle eta ikertzailea, NUPeko Tuterako campusean ateratako argazkian.

Santiago Sánchez Alegría irakasle eta ikertzailea, NUPeko Tuterako campusean ateratako argazkian.

Kudeaketa-lanei dagokienez, Tuterako Campuseko Arloko zuzendari berria zortzi urte baino gehiago aritu da Enpresen Kudeaketako Saileko idazkari-lanetan eta kontabilitate arloko koordinatzaile-lanetan. 

Kontabilitateko informazioaren kalitatean aditua

Orobat Santiago Sánchez Alegría NUPeko INARBE Institutuko (Institute for Advanced Research in Business and Economics ) ikertzailea da, eta kontabilitateko informazioaren eta auditoretza-txostenaren kalitatea eta horrek erabakiak hartzeko duen erabilgarritasuna ikertzen dihardu. Berriki, bere ikerketa-lerroak zabaldu ditu arrisku-kapitaleko enpresek egindako eragiketak ikertzeko, bereziki "Leverage buyout (LBO)" izenekoak, eta enpresa-porrota aurreikusteko ereduak aztertzeko.

2010ean, komunikazio hoberenen ASEPUC aipamena eman zioten (Kontabilitateko Unibertsitate Irakasleen Espainiako Elkartea), eta, urtebete lehenago, Kontabilitateko eta Kontu Auditoretzako Institutuaren (ICAC) kontabilitateko eta auditoretzako ikerketa-lan laburren Carlos Cubillo saria. 

Bere lan zientifikoa dela eta, nazio mailako hainbat ikerketa-proiektutan eta nazioko eta nazioarteko 25 biltzar baino gehiagotan parte hartu du, eta ikertzaile nagusiaren lanetan aritu da zenbait ikerketa-kontratutan. Hamalau artikulu argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan parekoen ebaluazioarekin; guztiak JCRn indexatuta. Zenbait ikerketa-egonaldi ere egin ditu unibertsitate batzuetan, hala nola Copenhagen Business School (Danimarka) eta Norwegian School of Economics (Norvegia). 

Azkenik, bere ikerketa-lanaren emaitzak zabaldu ditu argitalpen profesionaletan, hala nola UCEIF Fundazioaren (Kantabriako Unibertsitatearen Fundazioa Finantza Sektorea Aztertzeko eta Ikertzeko)  Cuadernos de Investigación eta Kontabilitateko eta Kontu Auditoretzako Institutuaren (ICAC) aldizkaria.