Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Antzerki Taldeak bere lan berria estreinatuko du Iruñean asteburu honetan, apirilaren 27an eta 28an: "(Des) de los escombros". María Pradok idatzi du antzezlana eta Óscar Orzáiz Resanok zuzendu. Emanaldia 19:30ean izanen da bi egunetan, Iturramako Civivoxean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak Iruñeko Udalarekin elkarlanean antolatutako Unibertsitateko XV. Antzerki Zikloaren parte da. Sarreren prezioa euro batekoa da, eta, haiek erosteko, aldez aurretik eman behar da izena 010 telefono zenbakian edo pamplonaescultura.es webgunean; bestela, aurrez aurre ere erosten ahal dira edozein Civivoxetan. 

“(Des)de los escombros” komedia eta drama gurutzatzen diren obra bat da, gaztetasunari eta prekaritateari buruzkoa; etorkizun bat pentsatzeko (in)posibilitateari buruzkoa; ilusioei buruzkoa; esne-saltzailearen ipuinari buruzkoa. Istorioen pasarteak, zenbait leku eta garaitan hautsitako esne-marmitei buruzkoak. Itxaropenak eta beldurrak kontraesanez eta ezjakintasunez beteriko gizarte baten aurrean: haurtzaroa, gaztaroa eta helduaroa loturik; iragana eta oraina elkartuz... Eta etorkizuna? Madrilgo Carlos III Unibertsitatearen Antzerki Sorkuntzako Masterraren I. edizioan du sorburua testuak. Juan Mayorgak zuzendu zuen masterra.

zoom “(Des)de los escombros” antzezlaneko aktoreak, antzezlanaren entseguetako batean. Ezkerretik eskuinera, zutik: Marta Remírez, Amaia Femia, Eva Iráizoz eta Elisabet Valls. Makurtuta, ezkerretik eskuinera, Adriana Echaide eta Natalia Zúñiga. Carlos Goyache falta da argazkian.

“(Des)de los escombros” antzezlaneko aktoreak, antzezlanaren entseguetako batean. Ezkerretik eskuinera, zutik: Marta Remírez, Amaia Femia, Eva Iráizoz eta Elisabet Valls. Makurtuta, ezkerretik eskuinera, Adriana Echaide eta Natalia Zúñiga. Carlos Goyache falta da argazkian.

NUPen lana apirilaren 10ean estreinatu zen Zaragozako Unibertsitateko Pedro Cebruna antzokian; apirilaren 16an, Ourenseko Antzoki Nagusian; eta apirilaren 19an, Lugoko Gustavo Freire entzunaretoan. Iruñean estreinatu ondoren, maiatzaren 3an, Ponferradako Río Selmo aretoan emanen dute; maiatzaren 4an, Leongo El Albeitar antzokian eta maiatzaren 7an Caja de Burgos kultur etxean. Maiatzaren 19an, Logroñoko Sala Negran antzeztuko da, eta ekainaren 15ean, Orkoiengo gizarte-etxeko entzunaretoan. 

Aktoreak eta lantalde teknikoa

Ikasle hauek dira antzezlaneko aktoreak: Adriana Echaide Escudero (Gradua Gizarte Lanean), Amaia Femia Comesañas (Gradu Bikoitza Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzan), Carlos Goyache Sarasa (Gradua Ingeniaritza Informatikoan), Eva Iráizoz Iráizoz (Gradua Psikologian), Marta Remírez Beorlegui (Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Graduko Nazioarteko Programa), Elisabet Valls Lezáun (Gradua Lan Harremanetan eta Giza Baliabideetan) eta Natalia Zúñiga Ezcurra (Gradua Gizarte Lanean). 

Eszenografia eta jantziak NUPenak dira, promozio materialen diseinatzaile grafikoa Ione Leiva Monasterio da eta koreografia Uxue Redin Hurtado NUPeko Historiako eta Ondareko Graduko ikaslearena da. Zuzendaria Óscar Orzaiz Resano da.

NUPeko Antzerki Taldearen azken antzezlanak honako hauek izan dira: Jordi Gomarren “Superhéroes de barrio” (2017-2018), Dulce Chacónen “Algún amor que no mate” (2018-2019), Javier Vicedo Alósen “Summer evening” (2019-2020), Fermín Cabalen “Tejas verdes” (2020-2021), Fernando Arrabalen “Arrabaladas” (2021-2022) eta “Injusta justicia”, zenbait egilerena.