Joan eduki nagusira

Sergio García Magariño Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ikerketa Sozial Aurreraturako Institutuaren ikertzaileak (I-COMMUNITAS) liburu bat idatzi du ingelesez. Thomson Reuters Aranzadik argitaratu du, eta aztergai ditu Nazio Batuen Erakundeak (NBE) nazioarteko gatazken aurrean dituen erronkak. Sergio García Magariñok azaldu duenez, liburuak aztergai ditu “gure garaiko munduko dinamika nagusietako batzuk". “Espezializatu gabeko irakurleari zein espezializatuari lagundu nahi dio ulertzen bizi garen mundua, gure bizikidetzan eragina duten indarrak, gure etorkizuna eratuko duten joerak eta bakerako eta oparotasunerako itxaropentsuak eta ezinbestekoak diren bide batzuk”, adierazi du. 

Globalizazioa, segurtasun kolektiboa, giza eskubideen arteko lotura, garapena eta bakea dira liburuak "modu zorrotz baina didaktikoan" argitu nahi dituen kontzeptuetako batzuk, esan du. Horretaz gainera, aztergai ditu dibulgazio-komunikabideetan oso gutxitan azaltzen diren kasu konplexuak, hala nola Nazio Batuen funtzionamendua eta gatazkak konpontzeko dituen mekanismoak, Daesh sorrarazi zuten arrazoiak, eta Al-Qaedaren aurretiazko sorrera, Palestinako gatazkaren urruneko kausak, udaberri arabiarrarekin lotutako prozesuak, Irakeko eta Afganistango gerren eta Afrikako indarkeria politikoaren arteko antzekotasunak eta desberdintasunak.

zoom Sergio García Magariño, bere liburuarekin, NUPen.

Sergio García Magariño, bere liburuarekin, NUPen.

Aipatutako guztia aztertzen da “orekatzen saiatuz analisi zehatz eta zorrotza pedagogikoak izan beharrarekin”, esan du egileak. Laburbilduz, lan honen helburua da, alde batetik, aurretiaz egonik koronabirusaren pandemia pizten lagundu zuten indarrak eta mehatxuak deskribatzea eta azaltzea, hala nola klima-aldaketa eta naturaren ustiapena, eta, bestetik, “bide itxaropentsu batzuetara jotzea eta politika publikoak proposatzea gure mundu-sistema ordenatzen saiatzeko: dinamika sozialak globalak badira, globala izan beharko luke gure gobernantza politikoak ere", adierazi du Sergio García Magariñok.

Norentzat den: irakurle anglo-saxoiak. Alde horretatik, egileak esan du: “urte asko daramatzat tarte bat ireki nahian ingeles-hiztunengana iristen diren argitaletxeetan argitaratzeko, eta aldizkari zientifikoetan ingelesezko artikulu ugari argitaratuak baditut ere, hau da lehenengo aldia liburu bat hizkuntza horretan argitaratzen dudana”.  

Azkenik, egilearen arabera, liburuak "modu berritzaile eta argigarrian" jorratzen ditu Errusiak Ukrainari egindako erasoaren nondik norakoak, baita Palestinaren eta Israelen arteko gatazkarenak ere, Dimitri Lopatnikov Moskuko iirakaslearen eta Daniel Lopatnikov ikertzailearen lankidetzari esker.