Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute euskarazko Wikipedia elikatzeko. Hitzarmen horren arabera, irakasleek proiektuan parte har dezaten sustatzeko konpromisoa hartzen du NUPek, eta irakasleak, berriz, ikasleekin elkarlanean arituko dira euskarazko kalitatezko testuak ekoizteko. Elkarteak, bere aldetik, laguntza teknikoa eta aholkuak emanen ditu. Inmaculada Farran Blanch Irakaskuntzako errektoreordeak eta Anabel Arraiza Euskal Wikilarien Elkartearen ordezkariak sinatu dute testua. 

zoom Ezkerretik eskuinera: Inmaculada Farran eta Anabel Arraiza hitzarmena sinatzen.

Ezkerretik eskuinera: Inmaculada Farran eta Anabel Arraiza hitzarmena sinatzen.

Hitzarmenak, gainera, aukera emanen du aurtengo deialdian NUPen Irakaskuntza Berritzeko Proiektu (PINNE) bat eskatzeko, Hizkuntza Plangintzarako Zuzendaritzak koordinatua. Proiektu horren helburua hau izanen da: zenbait diziplinatako irakasleekin lantalde bat osatzea beren eskoletan ikasleen parte-hartze aktiboa sustatzen duten metodologiak sar ditzaten, halako moldez non ikasleak gai izanen baitira beren testuak sortzeko eta, irakasleek gainbegiratu ondoren, haiekin euskarazko Wikipedia elikatzeko. “Proiektuak, ikasleei testu zientifikoak editatzeko eta sortzeko prestakuntza emateaz gain, aukera emanen du gure Unibertsitatean egiten diren euskarazko jarduerak ikusarazteko”, adierazi du Hizkuntza Plangintzarako zuzendariak. 

Ikasleen curriculuma aberastea

Euskal Wikilarien Elkarteak Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan dihardu antzeko proiektu batean. Adierazi dutenez, ikasleen ekarpenek konpromiso handia erakusten dute testuen kalitatearekin, eta wikilariek beren izenarekin egiten dituzte ekarpenak. “Horrek aukera ematen du haien curriculuma aberasteko, jarduera horren bidez beren ekimen- eta sormen-gaitasunak erakusten baitituzte”, erantsi du Hizkuntza Plangintzarako zuzendariak. Bestalde, Euskal Wikilarien Elkarteak, zeinaren jarduerak Wikipediaren webgunean bertan kontsulta baitaitezke, ikasgelan prestakuntza teknikoa ematen du, eta irakasleei aktiboki laguntzen die.