Joan eduki nagusira

Eva Azcona Murillo Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako gradudunak irabazi du Ekonomia Sozialeko gradu amaierako lan hoberenaren saria, NUPek emana bere Ekonomia Sozialaren V. Astearen barnean. Lanak, “Plan de marketing de un emprendimiento comunitario: Crocancuy” izenekoak, Gustavo Marcos Matás eta Francisco José López Arceiz Enpresen Kudeaketa Saileko irakasleak izan ditu zuzendari.

zoom NUPeko Ekonomia Sozialaren V. Asteko parte-hartzaileak.

NUPeko Ekonomia Sozialaren V. Asteko parte-hartzaileak.

Lan irabazlearen helburua zen San Lorenzoko Familia Nekazarien Nuragro Elkartearentzat (Nariño, Kolonbia) marketin plan bat egitea Crocancuy proiekturako, akuri-erretegi bat egiteko (akuriek tradizio handia dute Andeetako gastronomian). “Lanak nekazarien ekonomia du oinarri, ekonomia sozial eta solidarioaren printzipioen pean, eta pertsonen beharrak eta bizi-baldintzen hobekuntza lehenesten ditu”, esan du egileak. Azconak Prestakuntza Solidarioko praktiketan garatu zuen bere lana, Suyusama Fundazioan (Kolonbia), Nafarroako Gobernuak finantzatutako garapenerako lankidetzako proiektu batean. Hain zuzen, nekazarien elkarteek bultzatutako ekintzailetza ekonomiko-produktiboak sortzen eta indartzen lagundu zuen.

Kooperatiben kontseilu nagusia eta ikerketa eta ekintza bidezko metodologia

Bi finalista egon ziren, eta haiek ere azaldu zituzten beren lanak. Hauek izan ziren: Amaya Baztán Ursua, “Proyecto de creación del consejo superior de cooperativas de Navarra” lanarekin, Rafael Lara González Merkataritzako Zuzenbideko katedradunaren zuzendaritzapean, eta Amaia López Azcona, “Empirical analysis of an action research: Optimization of operations” lanarekin, Amaya Erro Garcés Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslearen zuzendaritzapean.

Lehenbiziko lanak Nafarroako Kooperatiben Kontseilu Nagusia sortzea planteatzen du, kooperatiben egungo egoera, azken urteotan izandako bilakaera eta ekonomia sozialaren hazkunde paraleloa aztertu eta gero. Ageriko errealitate horrek aukera ematen du ideiatik Foru Komunitatean kooperatibismoarekin zerikusia duten gai guztietarako organo bat eratzeko premiara igarotzeko. Lanean, kontsultarako, aholkularitzarako, parte hartzeko eta kooperatiben esparruan gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko organo goren hori eratzeko proposamena garatzen da.

Bigarren lanak, berriz, ikerketa eta ekintza bidezko metodologia erabiltzen du (“Action Research” delakoa); izan ere, partaidetzako metodologia horren bidez, Unibertsitatearen eta Elkarkide enplegu-zentro bereziaren arteko lankidetza ezarri zen. Zehazki, zenbait hobekuntza proposatzen ditu enpresaren publizitatea postontzietan banatzeko
.