Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) nazioarteko ikerketa batean parte hartu du, Max Plank Institute for Evolutionary Anthropology (MPI-EVA) erakundearen gidaritzapean, Leipzigen (Alemania). Ikerketa horretan, Europako antzinako 10.000 norbanako ingururen gorpuzkiak aztertu dituzte anomalia kromosomikoak bilatzeko, eta Down sindromearen sei kasu eta Edwards sindromearen kasu bat aurkitu dituzte, guztiak haurtxoetan: duela 5.000 eta 2.000 urte bitarteko sei, eta beste bat ez hain zaharra. 

Haietatik lau haurtxo Nafarroatik datoz, zehazki, Burdin Aroko bi herrixkatatik (duela 2.800-2.500 urte): Alto de la Cruzetik (Cortes) eta Las Eretasetik (Berbinzana). Azken hori Javier Armendáriz NUPeko Historiako eta Ondareko Graduko irakasleak ikertu du, eta gaur egun herri horretan bertan bisita daiteke, non museo monografiko bat baitago (www.eretas.es).  Jaio baino lehen edo handik gutxira hil ziren, eta etxeen barruan lurperatu zituzten, batzuetan hilobiratze-ostilamenduarekin batera, beren komunitateek estimatzen zituzten adierazgarri. Aurkikuntza “Nature Communications” aldizkarian argitaratu da, zeina nazioartean ospe zientifiko handienetakoa duen aldizkaria baita. 

zoom Javier Armendáriz (NUP) eta Patxuka de Miguel (UA), NUPen.

Javier Armendáriz (NUP) eta Patxuka de Miguel (UA), NUPen.

Ikerketan, NUPez gain, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak (UAB) eta Alacanteko Unibertsitateak (UA) hartu dute parte. Esan bezala, Javier Armendáriz Martija irakasle eta ikertzaileak parte hartu du NUPen izenean. Harez gain, hauek ere parte hartu dute: Alacanteko Unibertsitatearen izenean, Patxuka de Miguel Ibáñez Historiaurreko Ataleko irakasle eta Alcoyko Virgen de los Lirios ospitaleko (Alacant) emaginak –NUPen kolaboratzailea ere bada–; eta, UABen izenean, Roberto Risch Historiaurreko katedradunak. Argitalpenaren burua Adam Benjamin Rohrlach izan da, Max Plank Institutekoa. Javier Armendárizek dioenez, Nafarroako hezurrak Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren gordailu arkeologikoan daude babestuak; gainera, “zerbitzu horretako teknikariek une oro lagundu dute laginak hartzen, eta babesa eman diote oro har azterlanari”.

Lan honetan, lehenbiziko aldiz egin da antzinako giza laginen behaketa genetiko sistematikoa oso ohikoak ez diren afekzio genetikoak bilatzeko, hala nola trisomia kromosomikoak –haien ezaugarri nagusia da kromosoma batek hiru kopia dituela, eta, ez, ohi den moduan, bi–. Eragin horietako bat Down sindromea edo trisomia 21 izenekoa da, 21. kromosomaren kopia gehigarri batek eragindakoa. Trisomia hori jaiotzen diren 1.000 haurretik bati gertatzen zaio, gutxi gorabehera. Alterazio horren hiru kasu identifikatu dira Nafarroan, bat Las Eretasen (Berbinzana) eta bi Alto de la Cruzen (Cortes).  Gainera, Alto de la Cruz aztarnategian Edwards sindromearen kasu bat ere identifikatu da. Sindrome hori Down sindromea baino arraroagoa eta latzagoa da, eta jaiotzen diren 3.000 haurretik bati eragiten dio. Nafarroako kasu hori munduan populazio arkeologikoetan aurkituriko lehenbiziko kasua da.

zoom Ezkerrean, Down sindromea zuen haur baten hezurdura, gutxi gorabehera haurdunaldiko 26. astean hila. Eskuinean, Down sindromea duen neskato baten hezurdura, gutxi gorabehera haurdunaldiko 28. astean hila. (© Fotos J.L. Larrión, Nafarroako Gobernua).

Ezkerrean, Down sindromea zuen haur baten hezurdura, gutxi gorabehera haurdunaldiko 26. astean hila. Eskuinean, Down sindromea duen neskato baten hezurdura, gutxi gorabehera haurdunaldiko 28. astean hila. (© Fotos J.L. Larrión, Nafarroako Gobernua).

Hilobiratzeak etxe barruan 

Esan bezala, Down sindromea duten sei pertsonetatik hiru Alto de la Cruz eta Las Eretas Nafarroako aztarnategietakoak dira, Burdin Aroko fase zaharrekoak (duela 2.800 eta 2.500 urte bitartekoak). Beste bi Brontze Arokoak dira (duela 4.700 eta 3.300 urte bitartekoak), Grezia eta Bulgariakoak, eta seigarrena Finlandiako eliza bateko hilerrikoa, XVII.-XVIII. mendeetakoa. 

Lana sekuentziazio genomikoko metodo estatistiko berri batetik abiatuta egin da, eta, haren osagarri, identifikatutako kasuen eta dagoeneko bazegoen erregistro arkeologikoaren berrikuspen osteologikoa egin da. Deskubrimendu honen aurretik, Down sindromea zuen kasu bat genetikoki identifikatua zuten Neolitoko Irlandako haur batean, eta ikerlan honek berretsi egin du identifikazio hori.

Hezurren analisiaren arabera, bost haur jaio aurretik edo handik gutxira hil ziren. Greziako kasuan bakarrik iritsi zen haurra urtebetez bizitzera. Aztertutako historiaurreko kasu guztiek duten alderdi komun harrigarri bat da etxeen barruan lurperatu zituztela, kokaguneen barruan, batzuk objektuekin, Grezia eta Bulgariako haurrak kasu, eta baita Alto de la Cruzeko Down sindromedun neskato bat ere, hilobiratze-ostilamendu aberats batekin lurperatu baitzuten (brontzezko eraztun bat, itsas maskor bat eta hiru ardi edo ahuntzen hondarrak), ziur asko gurtzarako izan zen leku batean. “Uste dugu horrela lurperatzeak erakusten duela gizabanako horiek beren antzinako gizarte horietako kide moduan zaindu eta estimatzen zituztela”, dio Adam Ben Rohrlach ikerketaren egile nagusiak.

zoom Alto de la Cruz herriaren aireko irudia (Nafarroa), Lehen Burdin Arokoa (© Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzua).

Alto de la Cruz herriaren aireko irudia (Nafarroa), Lehen Burdin Arokoa (© Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzua).

Badirudi trataera berezia ematen zietela anomalia kromosomikoak zituzten haurtxoei

Burdin Aroko Iberiar Penintsulako komunitateek hileta-erritu berezi bat zuten: erraustu beharrean –hura zen ohitura nagusia–, ume goiztiar eta jaioberri batzuen gorpuak harresien barruko etxe edo lekuetan lurperatzen zituzten. Hala eta guztiz ere, gaitz genetikoak zituzten lau kasu horiek hurbil zeuden eta garai berekoak ziren bi herrixkatan aurkitu izanak harridura eragin dio ikerketa-taldeari. 

“Oraingoz, ezin dugu esan zeren ondorio izan daitekeen, baina badakigu haur gutxik zutela heriotzaren ondoren etxe barruan lurperatuak izateko pribilegioa. Zantzu horrek erakusten duenez, haur horiek komunitatearentzat bereziak eta baliotsuak ziren, baina, haurtxo horiek etxean lurperatzearen jatorrian dauden errituei buruzko hipotesiak formulatzeko, garai hartako beste aztarnategi batzuetako gizakien aztarnak ikertzen jarraitu behar dugu”, azaldu du Roberto Risch UABko arkeologo eta lanaren egilekideak. 

“Litekeena da arrazoi naturalengatik hil eta komunitateak gizaki berezitzat hartzen zituzten haurtxoak bakarrik lurperatzea biziguneetan”, dio NUPeko Javier Armendárizek. “Nolanahi ere, nabarmendu behar da Burdin Aroko etxeetan lurperatutako jaioberri guztiek ez zutela patologia genetikorik. Las Eretas herrian, etxe berean, Down sindromea zuen mutiko baten gorpua aurkitu dugu, eta, ondoan, harekin bigarren mailako ahaidetasuna zuen neskatila batena; baliteke haren ahizpaordea izatea”, gehitu du ikertzaileak.

Azterketa osteologikoari dagokionez, zenbait norbanakorengan anomaliak hauteman dira; baliteke anomaliok bateragarriak izatea haien egoera genetikoarekin, baina ezin ditugu beste kausa batzuk baztertu. “Nolanahi ere, iraganeko populazioetako lehen trisomia kasu horiek aukera ematen digute anomalia genetiko horrekin lotutako aldaketa osteologikoak identifikatzeko, eta, horrek, aldi berean, modua emanen luke haiek bilduma antropologiko handietan identifikatzeko”, adierazi du Patxuka de Miguel UAko osteoarkeologoak.

Egileek etorkizunean norabide horretan ikertzen jarraitzeko asmoa dute antzinako gizabanakoen gero eta DNA-lagin gehiago izan ahala. “Jakin nahiko genuke antzinako gizarteek nola erreakzionatzen zuten laguntza behar zuten edo besterik gabe desberdinak ziren gizabanakoen aurrean”, dio Kay Prüfer sekuentzia genetikoen analisiaren koordinatzaileak.