Joan eduki nagusira

Natividad Goñi Urriza Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak (NUP) liburu bat argitaratu berri du Europar Batasuneko (EB) zerbitzu zirkulazio askeari eta, zehazki, kokatzeko askatasunari eta zerbitzuak emateko askatasunari buruz. Liburuan, ikuspegi kritikoz aztertzen du askatasun horiek ezarritako printzipioak nola aplikatzen diren Espainian; izan ere, “Espainiako arauek eta haiek aplikatzen dituen jurisprudentziak eragotzi egiten digute Espainiako herritarroi zerbitzu on batzuei onura ateratzea, taxiari edo profesional liberalek eskainitako beste batzuei esaterako”, adierazi du egileak.

Liburua Bosch argitaletxeak argitaratu du, “Libre circulación de servicios en la Unión Europea. El régimen de la libertad de establecimiento y la libre prestación de servicios y su aplicación por los tribunales españoles” izenburupean, eta barne merkatuan jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsonei eta enpresei onura ekartzen dieten oinarrizko askatasunetako bat du aztergai: zerbitzuen zirkulazio askea. EBren kasuan, askatasun horrek merkatu bakarra sortzen du, eta, hor, enpresek eta profesionalek oztopo diskriminatzaileei aurre egin beharrik gabe eskaintzen ahal dituzte beren zerbitzuak.

zoom Natividad Goñi, NUPeko irakaslea eta liburuaren egilea.

Natividad Goñi, NUPeko irakaslea eta liburuaren egilea.

Hala, egileak zerbitzuen zirkulazio askearen kontzeptua eta haren irismena, edukia eta salbuespenak aztertzen ditu. Gainera, modu egituratuan aztertzen du zerbitzuen zirkulazio askearen arauen aplikazio eremua (bai Sorrerako Zuzenbideko xedapenena, bai zerbitzu eta merkataritza elektronikoen zuzentarauena), baita Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak ondorio dituen oinarrizko kontzeptuen deskribapena ere. Halaber, sakonki lantzen ditu 'europar’ kontzeptuak, baita Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak zenbait jarduera ekonomiko oztopatzen dituzten neurri nazionalak ebaluatzeko eskatzen duen metodoa ere.

Zerbitzuen zirkulazio askearen aplikazio “zalantzazkoa”

Ikuspegi horretatik, Natividad Goñi Zuzenbide Saileko irakasle titularrak berraztertu egin du bere ustez “Espainiako agintari eta auzitegiek askatasun horri dagokionez egin duten aplikazio zalantzazkoa” omen dena. “Espainiako agintari administratibo eta judizialek ez dituzte erabat bereganatu zerbitzuen zirkulazio askearen Zuzenbideak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan eta Zuzenbide Eratorrian erabiltzen dituen ‘europar’ kontzeptuak, ezta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako jurisprudentzia oparoa ere”, esan du Natividad Goñik. Zehazki, ikertzaileak askatasun hori betetzen ote den ebaluatzen duen jurisprudentzia aztertu du (Espainiakoa eta Europakoa) energia-efizientziako zerbitzuak emateko jarduera-erreserban, etxebizitza turistikoen araubidean, taxi zerbitzuak emateko muga kuantitatiboan eta bestelako zerbitzuetan Espainiak duen erregulazioari dagokionez.

Egilearen ustez, monografia baliagarria izanen da “enpresetako aholkulari eta abokatuentzat eta administrazio publikoetako legelarientzat Europako merkatuan zerbitzuak ematen eta jasotzen dituztenen eskubideen irismena ezagutzeko eta, beraz, estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko neurriek ekonomiaren esku-hartzean zer muga errespetatu behar dituzten jakiteko”.