Joan eduki nagusira

Gaur egun Espainiako Zuzenbide Prozesalean eta Penalean terrorismoari aurka egiteko ezarriak dauden legeak ez dira bateragarriak alderdi askotan zuzenbide estatu sozial eta demokratiko baten “ius punendi” delakoa mugatzeko printzipioekin (estatuak duen zigortzeko ahalmena mugatzekoekin) eta oinarrizko eskubide batzuekin, Inés Molina Álvarezek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen tesiaren arabera. “Los delitos de terrorismo y su afectación a los derechos fundamentales” du izena ikerlanak (“Terrorismo delituak eta haiek nola eragiten dieten oinarrizko eskubideei”), eta Inés Olaizola Nogales eta Soledad Barber Burusco NUPeko Zuzenbide Saileko irakasleak izan dira zuzendariak.

Inés Molinak terrorismoaren aurkako legeriaren espezialitateak ikertu ditu: lehenik, Espainiako Konstituzioa, zeinak gertaera terroristengatik ikertuak direnak eskubide indibidualik gabe uzten baititu, eta, gero, Zuzenbide Penal Prozesala, Zuzenbide Penal Sustantiboa eta Espetxe Zuzenbidea. “Terroristatzat jotzen den indarkeriak min handia egiten du, jakina, eta irmo egin behar dio aurre estatuak, baina ez lituzke bazter utzi behar bere funtsezko oinarriak, eta behar bezala justifikatu behar ditu akusatu jakin batzuei tratamendu desberdina emateko arrazoiak”, esan du doktoreak. 

zoom Inés Molina Álvarez, NUPen.

Inés Molina Álvarez, NUPen.

Izan ere, Zuzenbide Penala ondorio larrienak ezartzen dituen adarra da, eta azkeneko baliabide gisa erabili beharko luke estatuak. Inés Molinak dioenez, Zuzenbide Penalak “oinarrizko eskubideak errespetatu beharko lituzke ordenamendu juridikoaren funtsezko elementuak direnez gero, eta haien araberako interpretazioa eduki beharko luke; gainera, Zuzenbide Penalak printzipio jakin batzuk ditu inspirazio iturri eta muga”. Tesian, terrorismoaren kontrako legeak eta ordenamendu konstituzionala zein nazioartekoa zertan ez datozen bat identifikatu eta argudiatu du Inés Molinak, eta hainbat proposamen egin ditu legeak interpretatzeko eta aldatzeko.

Inés Molinaren CV laburra

Inés Molina Álvarezek Zuzenbideko Gradua egin zuen Zuzenbide Publikoko eta Administrazio Zuzenbideko aipamenarekin, eta Oinarrizko Eskubideetako eta Botere Publikoetako Masterra gero, biak ere Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, kontratupeko ikertzailea da NUPen, eta doktoratu aurreko aldian egonaldiak egin zituen Galwayko Unibertsitateko Irish Centre for Human Rights zentroan (Irlanda) eta Humboldt Universität zu Berlin delakoan (Alemania). 

Lau lan argitaratu ditu eta liburu kolektibo bat koordinatu doktoratu aurreko aldian, eta hizlari aritu da Espainiako eta nazioarteko zenbait jardunaldi eta mintegitan. Bestalde, beka bat lortu zuen praktikak egiteko Espainiak New Delhin duen enbaxadan (India) eta Nafarroako Arartekoaren Bulegoan.

Azkenik, Inés Molinak Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren Jaime Brunet Unibertsitate Saria irabazi zuen 2015ean, “La problemática jurídico-constitucional de los símbolos religiosos islámicos en España” lanagatik.