Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Energia Berriztagarrien Katedrak beste enpresa bat sartu du taldean, Nabrawind Technologies. Horrenbestez, bederatzi dira ikerketarako eta irakaskuntzarako lankidetza zientifiko-teknologikoko esparru horrekin bat egin duten enpresak. Horretarako, hitzarmena sinatu dute NUPeko errektore Ramón Gonzalok eta Nabrawind Technologies enpresako zuzendari nagusi Eneko Sanz Pascualek.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian izan dira, NUPen izenean, Francisco Javier Arregui San Martín Ikerketako errektoreordea, Pablo Sanchis Gúrpide Energia Berriztagarrien Katedraren zuzendaria, Idoia San Martín Biurrun Katedraren idazkari teknikoa eta Javier Goicoechea Fernández Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoaren zuzendari (ETSIIIT) eta Katedraren Jarraipen Batzordearen presidentea. Nabrawinden aldetik, berriz, Maite Ibarrola Esain Pertsonen eta Kulturaren Arloko zuzendaria eta Ion Arocena de la Rua Ingeniaritza Arloko zuzendaria izan dira bertan.

zoom Ezkerretik eskuinera: Javier Goicoechea, Idoia San Martín, Francisco Javier Arregui, Eneko Sanz, Ramón Gonzalo, Ion Arocena, Maite Ibarrola eta Pablo Sanchis, NUPen.

Ezkerretik eskuinera: Javier Goicoechea, Idoia San Martín, Francisco Javier Arregui, Eneko Sanz, Ramón Gonzalo, Ion Arocena, Maite Ibarrola eta Pablo Sanchis, NUPen.

2015ean sortu zen enpresa, eta Iruñean du egoitza. Aerosorgailuen osagaietarako teknologia eoliko aurreratuak diseinatzen eta garatzen ditu, batez ere dorre eta paletarako, eta aerosorgailu handi berriak instalatzeko zailtasunak eta erronka logistikoak konpontzen dago espezializatuta. 41 langile ditu (heren bat, emakumeak), eta haien % 99k unibertsitateko goi-mailako ikasketak dituzte eginak. Nafarroako enpresa horretan lan egiten dutenen % 51k, gainera, NUPen bukatu ditu unibertsitateko ikasketak; zehazki, % 46k Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoan eta % 5ek Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean. 

Esportazioa eta nazioarteko patenteak

Nabrawind Technologies  enpresak urtean bi milioi eurotik gora fakturatzen du batez beste. Aurreikuspenen arabera, 10-15 milioiko fakturazioa izanen du 2024an. Bere produktuak I+Gn oinarritzen direnez, 28 patente-eskaera ditu eginak; horietatik 17 argitaratuak daude, eta beste 11, emanak. Emandako patente bakoitzak familia moduko bat osatzen du, hau da, guztira 43 patente eman dizkiete ia hamar herrialdetan, hala nola Estatu Batuetan, Txinan, Indian, Brasilen, Alemanian, Danimarkan, Erresuma Batuan, Suedian eta Espainian. Ekoizpenaren % 100 esportatu egiten du (Estatu Batuetara, Mexikora, Frantziara, Danimarkara, Txinara, Marokora eta Namibiara besteak beste). 

zoom Ramón Gonzalo (ezk.) Eneko Sanzi eskua ematen, Nabrawind Energia Berriztagarrien Katedran sartzeko hitzarmena sinatu ondoren.

Ramón Gonzalo (ezk.) Eneko Sanzi eskua ematen, Nabrawind Energia Berriztagarrien Katedran sartzeko hitzarmena sinatu ondoren.

Nabrawind Technologies enpresak balio erantsi handiko zenbait produktu garatu ditu merkatu eolikorako: tripode moduko zimenduak (Nabrabase), palak garabirik gabe muntatzeko eta desmuntatzeko sistema (Bladerunner), dorre tubularrak bere kasa altxatzeko sistema (Skylift), pala modularren lotura (Nabrajoint) eta bere kasa altxatzen den dorrea (Nabralift), zeina gai baita 200 metrotik gorako altuerara igotzeko. 2018an, izan ere, horrelako dorre bat instalatu zuten Eslaban (Nafarroa), 160 metrokoa (garai hartan, munduko hirugarren altuena). Orain, akordio bat sinatu berri du Txinan laguntzarik gabe altxatzen den 190 metroko dorre bat instalatzeko. Munduko marka berri bat izanen da hori. Une honetan, itsasoko teknologia eolikoaren merkatura bideratutako produktu berriak diseinatzen ari da (“offshore” motakoak).

Katedran zer enpresa dauden

Nabrawind Technologiesekin, bederatzi enpresa daude jada NUPeko Energia Berriztagarrien Katedran: Siemens Gamesa Renewable Energy, Ingeteam Power Technology, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER), Acciona Generación Renovable, Nordex Energy Spain, Array, EOSOL Taldea eta IED Electronics.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Energia Berriztagarrien Katedra  Unibertsitatearen eta enpresen arteko lankidetza zientifiko-teknologikoko esparru bat da, non ikerketako eta irakaskuntzako jarduerak egiten baitituzte elkarrekin, besteak beste master amaierako lanak, doktoretza-tesiak, ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza-jardunaldiak.