Joan eduki nagusira

“Yo quiero ser científica” antzezlanak, garai guztietako emakume zientzialarien bizitza gogora ekartzeko Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait irakaslek egindako antzezlan dibulgatiboak, bost urte bete ditu aurten. Denbora horretan guztian, 89 aldiz antzeztu dute, Nafarroako, Errioxako, Aragoiko eta Asturiasko zenbait agertokitan, eta 18.000 bat lagunek ikusi dute, eskola-haurrak gehienak. NUPeko hamaika ikertzailek hartzen dute parte antzezlanean, eta haren egileak eta interpreteak dira gainera. Antzezlanak ikusgarritasuna eman nahi die emakume zientzialariei, batetik, zientziaren historiaren parte ezezagun bat gogora ekartzeko, eta, bestetik, neska gazteak zientziaren eta teknologiaren arloko emakume gailenekin identifika daitezen, eta inspirazio iturri gisa har ditzaten. Horregatik, emanaldiak 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat dira bereziki, mota orotako publikoari irekita egon arren.

zoom 2023. urtea. Zutik, ezkerretik eskuinera: Silvia Díaz (Hedy Lamarr), Nora Millor (Margarita Salas), Aránzazu Jurío (Klara Von Neumann), Leyre Catalán (Hipatia de Alejandría), Idoia San Martín (Edith Clarke) eta Amalia Ortiz (Margaret Hamilton). Eserita (ezkerretik eskuinera): Alicia Martínez (Sofia Kovalévskaya), Gurutze Pérez Artieda (Maria Sibylla Merian), Edurne Barrenechea (Ada Byron) eta Patricia Aranguren (Marie Sklodowska-Curie). Marisol Gómez (Emmy Noëther) falta da.

2023. urtea. Zutik, ezkerretik eskuinera: Silvia Díaz (Hedy Lamarr), Nora Millor (Margarita Salas), Aránzazu Jurío (Klara Von Neumann), Leyre Catalán (Hipatia de Alejandría), Idoia San Martín (Edith Clarke) eta Amalia Ortiz (Margaret Hamilton). Eserita (ezkerretik eskuinera): Alicia Martínez (Sofia Kovalévskaya), Gurutze Pérez Artieda (Maria Sibylla Merian), Edurne Barrenechea (Ada Byron) eta Patricia Aranguren (Marie Sklodowska-Curie). Marisol Gómez (Emmy Noëther) falta da.

Hauek dira antzezlanean esku hartzen duten ikertzaileak: Patricia Aranguren Garacochea (Industria Ingeniaritzan doktorea), Edurne Barrenechea Tartas (Informatika Ingeniaritzan doktorea), Leyre Catalán Ros (Industria Ingeniaritzan doktorea), Silvia Díaz Lucas (Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea), Marisol Gómez Fernández (Matematikan doktorea), Aránzazu Jurío Munárriz (Ingeniaritza Informatikoan doktorea), Alicia Martínez Ramírez (Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea), Nora Millor Muruzábal (Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea), Amalia Ortiz Nicolás (Ingeniaritza Informatikoan doktorea), Gurutze Pérez Artieda (Industria Ingeniaritzan doktorea) eta Idoia San Martín Biurrun (Industria Ingeniaritzan doktorea). Denek (batek izan ezik) NUPeko sei ikerketa-institutuetako bitan egiten dute lan: Smart Cities Institutuan (ISC) eta Material Aurreratuen Institutuan (INAMAT2). 

Garai guztietako zientzialariak

Antzezle bakoitzak zientzialari hauetako bat antzezten du: Hipatia Alexandriakoa, matematikaria, astronomoa eta filosofoa (IV.-V. mendeak); Maria Sibylla Merian, entomologoa eta margolaria (1647-1717); Ada Lovelace (Ada Byron izenaz ere ezaguna), matematikaria eta lehen informatikaria (1815-1852); Sofia Kovalévskaya, matematikaria eta astronomoa (1850-1891); Marie Sklodowska-Curie, kimikaria eta fisikaria (1867-1934); Emmy Noëther, matematikaria (1882-1935); Edith Clarke, ingeniari elektrikoa (1883-1959); Klara Von Neumann, informatikaria (1911-1963); Hedy Lamarr, telekomunikazio ingeniaria (1914-2000); Margarita Salas, biokimikaria (1938-2019); eta Margaret Hamilton, matematikaria eta ingeniari informatikoa (1936an jaioa).

zoom 2018. urtea. Ezkerretik eskuinera: Alfonso Carlosena (NUPeko orduko errektorea), Edurne Barrenechea, Gurutze Pérez Artieda, Silvia Díaz, Pedro Duque (orduko Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen ministroa), Aránzazu Jurío, Patricia Aranguren eta Alicia Martínez, Iruñeko Planetarioan egin zen emanaldi baten bukaeran.

2018. urtea. Ezkerretik eskuinera: Alfonso Carlosena (NUPeko orduko errektorea), Edurne Barrenechea, Gurutze Pérez Artieda, Silvia Díaz, Pedro Duque (orduko Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen ministroa), Aránzazu Jurío, Patricia Aranguren eta Alicia Martínez, Iruñeko Planetarioan egin zen emanaldi baten bukaeran.

Ekimena 2018an hasi zen honako hauen laguntzari esker: Óscar Orzaiz Resano, NUPeko Antzerki Taldeko eta antzezlanaren zuzendaria; Íñigo Pérez Artieda, soinuaz eta musika zuzendaritzaz arduratzen dena; Vicente Galbete Martinicorena, eszenografiaren arduraduna; Miguel Eraso Ascunce, bideoen egilea; Raquel Hontañón Vélez, estilismoaz arduratzen dena; eta Creanavarra Iruñeko Diseinuaren Goi Mailako Zentroko ikasleak, jantzien arduradunak.

Emanaldiek Nafarroako Gobernuaren eta Ingeteam enpresaren babes ekonomikoa dute, eta Arrosadiko campusean egiten dira. Ikastetxeren batek interesa badu bere Lehen Hezkuntzako ikasleek antzezlana ikustera joan daitezen, Unibertsitatearen webgunean  ikus dezakete zer data dauden libre, eta doan izena eman.