Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Hezkuntza Berrikuntzako 15 proiektu hautatu ditu 2023-2024 ikasturte honetarako. Ekimenaren hirugarren edizio honen helburua egungo hezkuntza-eredua eraldatzea da, baita metodologia aktiboetan, teknologian eta zeharkako gaitasunetan oinarritutako eredu bat bultzatzea ere. Irakaskuntzako Errektoreordetzaren ekimena izan da deialdia, eta NUPeko Hezkuntzaren Berrikuntzarako Goi Mailako Ikastegiak (HBGMI) koordinatu du, eskolekin eta fakultateekin lankidetzan.

Bigarren deialdiaren inguruko esperientziak trukatzeko, hezkuntza berrikuntzako jardunaldi bat egin da duela gutxi. 2021eko eta 2022ko deialdietan gainditutako proiektuetako 11 ikertzaile nagusik hartu zuten parte hizlari gisa, eta NUPeko sail guztietako 50 parte-hartzaile izan ziren osotara. Saioak hamaika proiektuko lagin bat aurkezteko balio izan zuen (6 proiektu 2021eko deialdikoak eta 2022ko deialdiko 5). Proiektu horiek gai hauek lantzen dituzte, besteak beste: ingeniaritzarako gela iraulia; osasun-zientzietan pazientearekiko komunikazioa hobetzea; moot laboral bat; gamifikazio digitala matematikarako; metodologia arinen aplikazioa ingeniaritzan; eta errealitate birtualaren erabilera eta horrek ikaskuntza-prozesuetan duen eragina.

zoom Parte-hartzaileak hezkuntza berrikuntzako jardunaldian; bertan, dagoeneko garatuak dituzten ekimenetako batzuk aurkeztu zituzten.

Parte-hartzaileak hezkuntza berrikuntzako jardunaldian; bertan, dagoeneko garatuak dituzten ekimenetako batzuk aurkeztu zituzten.

Aurtengo deialdian nabarmendu diren 15 proiektuak Unibertsitatearen bederatzi arloetakoak dira: Nekazaritzako Elikagaiak, Industria, Informatika eta Telekomunikazioa, Osasuna, Ekonomia eta Enpresa, Giza eta Gizarte Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Hezkuntza. Gainera, haietako bik Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzak bultzatutako nazioarteko aipamena jaso dute, eta, horri esker, laguntza espezifikoa izanen dute Erasmus+ eta bestelako deialdi europarretara aurkezteko. “Kontsumitzailea eta Ekoizlearen aplikazioak integratzea Erdiko Mailako Mikroekonomiaren irakaskuntzan” (Loreto Llorente Erviti). 

Hauek dira onartu diren gainerako proiektuak: nekazaritzako elikagaien arloan, “Instagram: irakaskuntza-ikaskuntza prozesu aktibo eta esperientzial baterantz elikagaien berrikuntzaren arloan” (Idoya Fernández Pan); ingeniaritza industrialaren arloan, “Biomekanika irakasgaian PBL metodologia ezartzea txirrindularien azterketa biomekanikoen bidez” (Iker Agirre Olabide), eta “Metodologia dualaren aplikazioa Ingeniaritza Termikoaren Graduan” (Antonio Rodríguez García). 

Osasunaren arloan, hauek dira proiektuak: “FISIOBioconecta2” (Roberto Aguado Jiménez eta Miguel Barajas Vélez), “Errealitate birtuala, instrukzioa, aurreiritziak, desgaitasuna, enpatia, jarrerak eta emozioak” (Esperanza Bausela Herreras), “Ikaskuntza zirkularra: oinarrietatik abiatutako giza gorputzaren klinika osasun zientzietako graduen ardatz nagusi gisa” (Ana María Insausti Serrano), “Zehar konpetentziak garatzea bioteknologiako eta osasuneko aurrerapenei buruzko blog bat eginez” (Saioa Goñi Irigoyen), “Coworking: diziplina arteko lana osasun-zientzietako irakaskuntzarako ferulak diseinatzeko eta garatzeko” (Tomás Ballesteros Egüés) eta, azkenik, “Medikuntza pertsonalizatua eta doitasunezkoa. Gai medikoak, etikoak eta datuen ingeniaritzakoak” (María Cristina Rodríguez Díez).

Ekonomiaren eta enpresaren arloan, “Teoriatik praktikara: enpresa-administrazioaren ikasketak eraldatzea enpresa-simulagailuen bidez” proiektua hautatu da (Salomé Goñi Legaz). Bestalde, giza eta gizarte arloetan honako proiektu hauek garatuko dira: “Etorkizuneko irakasleen gaitasun sozioemozionala sustatzea” (Yolanda Alonso Martirena), “Testuinguruen behaketa eta komunikazio-gaitasunaren estimulazioa Haur eta Lehen Hezkuntzan” (Isabel García del Real Marco), eta “Eginez ikasi: soziologia-laborategia” (Eliana Alemán Salcedo), zeina halaber informatikaren eta telekomunikazioaren arlokoa baita. Azkenik, zientzia juridikoetan, “Kultura, Artea eta Administrazio Zuzenbidea II - Cuarda II (Aritz Romeo Ruiz)” proiektua aurkeztu da.