Joan eduki nagusira

Edurne Turrillas Bueno NUPeko Historiako eta Ondareko Graduko ikasleak, Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentazio Funtseko (NOHDF) ikertzaile taldearekin batera, Iruñeko mapa interaktibo bat  sortu du. Mapa horretan, Iruñerriko egungo mapa baten gainean, Iruñeko langile mugimenduak 1970eko hamarkadan izandako fabrikarik borrokalarienen kokagunea ikus daiteke. Gainera, lanarekin batera, txosten bat ere argitaratu dute: “Borroka baten oihartzun galduak: Iruñerriko 1970eko hamarkadako lantegien kokapena eta desagerpena”.

zoom Edurne Turrillas Bueno.

Edurne Turrillas Bueno.

Edurne Turrillasek lankidetza-beka bati esker egindako lan horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Imanol Satrustegi Andrés, Izaskun Rodríguez Villar eta Nerea Pérez Ibarrola ikertzaileek ere hartu dute parte. Mapan, fabrika bakoitzari buruzko informazioa ematen da: argazki bat eta kokalekuari eta sektoreari buruzko datuak. Txostenean, bestalde, lantegi horietako bakoitzaren fitxa bat jasotzen da, baita haren kokalekuaren analisi bat eta frankismo berantiarreko eta trantsizioko lan gatazketan izandako eraginarena ere.

Lan horren helburua frankismo berantiarreko langile mugimenduko fabrika eta enpresa nagusiak mapa batean kuantifikatzea eta identifikatzea izan da, eta gaur egun espazio horiei eman zaien erabilera aztertzea.

zoom Ezkerretik eskuinera, Izaskun Rodríguez, Edurne Turrillas eta Imanol Satrustegi, NUPen.

Ezkerretik eskuinera, Izaskun Rodríguez, Edurne Turrillas eta Imanol Satrustegi, NUPen.

Garapen industriala eta lan gatazkak

Egileek azaldu dutenez, 1950eko hamarkadatik aurrera, Iruñerrian garapen industrial izugarri handia gertatu zen, eta, horren ondorioz, dozenaka fabrika berri eraiki ziren. Hain zuzen ere, fabrika berri horiek izan ziren 1960ko hamarkadaren amaierako eta 1970eko hamarkadako lan gatazken agertoki nagusia. “Nolanahi ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako birmoldaketa-prozesuen ondoren, haietako asko itxi edo lekuz aldatu zituzten, eta beste batzuk multinazionalek erosi zituzten. Horrela, ahantzi egin da fabrika eta enpresa haien historia, baita haietan lan egin zuten pertsonena ere”.

Lan horretan jasotako 32 fabrika eta enpresetako batzuk honako hauek dira: Imenasa, Matesa, Industrias Esteban, Frenos Iruña, Magnesitas, Papelera de Navarra, Motor Ibérica, Torfinasa, Union Carbide, Norton, Mocholí, Mina, Pamplonica, Inquinasa, Bendiberica eta A.P. Ibérica.