Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bost ikertzaile kontratatu ditu urtarriletik aurrera Ramón y Cajal laguntzei esker. Laguntza horien xedea da Espainiako nahiz atzerriko ikertzaileak Espainiako I+G-ko zentroetan has daitezen sustatzea. Ikerketa-ibilbide nabarmena duten pertsonei ematen zaizkie, eta haien karrera profesionala sendotzea dute xede, lanpostu egonkor bat lortzeko aukera emanez Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Espainiako Sistemako ikerketa-erakunde batean.

zoom Ezkerretik eskuinera, Miriam Osés, Idoia Ariz, Nazareth Torres eta Leyre Azpilicueta ikertzaileak NUPen.

Ezkerretik eskuinera, Miriam Osés, Idoia Ariz, Nazareth Torres eta Leyre Azpilicueta ikertzaileak NUPen.

Zehazki, ikertzaile hauek lortu dituzte laguntzak: Miriam Osés-Ruiz, Idoia Ariz Arnedo eta Nazareth Torres Molina, Nekazaritzaren eta Nekazaritzako Elikagaien Zientzien arlokoak, zeinak IMAB ikerketa-institutuan hasi baitira (Institute for Multidisciplinary Research in Applied Biology); Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien arlokoa, zeinak ISC institutuan lan eginen baitu (Institute of Smart Cities); eta Zurine Miguel Malaxechevarria, Psikologiaren arlokoa, zeina Neurozientzia Kognitiboko eta Portaeraren Neurozientziako ikerketa-taldean sartu baita.

zoom Zurine Miguel Malaxechevarria.

Zurine Miguel Malaxechevarria.

Lehiakortasun prozesu zorrotz baten bidez egiten da hautaketa. Hautagaien curriculum-merezimenduak eta ikerketa-lerro bat gidatzeko duten gaitasuna baloratzen dira, baita beren esperientzia zientifiko eta profesionala eta egindako ibilbidean izan duten independentzia ere. Alderdi hauek ebaluatzen dira, besteak beste: egindako ekarpen zientifikoak, nazioarteko jardueretan izandako parte-hartzea, lidergorako gaitasuna eta beste merezimendu batzuk.

Bost urteko kontratua

Doktoretza ondoko ikertzailearentzako 5 urteko kontratu bidez gauzatzen dira laguntzak, bi fasetan: lehenbiziko faseak hiru urteko iraupena du, eta bigarrenak bi urtekoa. Azken fase horretan, ikertzailea bere jarduera zientifiko-teknikoaren ebaluazio batera aurkezten ahal da, zeina R3 ikertzaile izateko irizpideak aintzat hartuta egiten baita (ikertzaile finkatua). Gainera, pertsona horiek laguntza bat dute beren ikerketa-jarduerak gauzatzearekin lotutako gastuak ordaintzeko.