Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) programa bat jarriko du abian bere ikasleak ongizate emozionaleko gaitasunetan trebatzeko, hala prestakuntza osoa emanez. Ekimenak “Hezi ongizate emozionalean” du izena, eta “la Caixa” Fundazioak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak sustatutako Innova Social programaren azken edizioan hautatu dute. Horretarako, ikastaro pilotu bat diseinatu dute, psikologiako zenbait profesionalek emanen dutena gradu guztietako seihileko batean.

Ikasleei ongizate emozionaleko gaitasunak eskuratzen laguntzeaz eta hori lortzeko materialak sortzeaz gain, proiektuaren bidez NUPen ikasten duten gazteen ongizate psikosozialaren aldeko sare bat sustatu nahi dute, bai eta pertsonen arteko harremanetan prebentzioa eta tratu ona bultzatu ere. Azkenik, ekimen hau Foru Komunitateko gazteen osasun mentalaren aldeko sare baten sustapenarekin dago lotuta. Sare horretan, besteak beste, NUP, Gazteriaren Kontseilua eta Nafarroako Gazteriaren Institutua arituko dira lankidetzan.

“Unibertsitatea norberaren hazkunderako, bizikidetzarako eta prestakuntza profesionalerako gune bat da —adierazi du Lucía Martínez Virto Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzako Gizarte Ekintzaren eta Berdintasunaren Arloko zuzendariak, zeinak ekimen hau bultzatu baitu—. Ikasleen osasun mental eta emozionala funtsezkoa da haien ongizaterako, garapen pertsonalerako eta hezkuntza-errendimendurako. Gainera, gakoa da gure ingurunearen garapen jasangarrirako, trebetasun psikosozialak eta tratu onekoak hartan txertatzen baitira. Halaber, autonomia-prozesuan egoera zailei aurre egiten lagunduko dieten tresnak eman nahi zaizkie ikasleei”.

zoom Estudiante

Ikasle bat NUPen Arrosadiko campuseko Liburutegian, Iruñean.

Gazteen zailtasun emozionalak

Pandemiaren eraginez, gazteen zailtasun emozionalak areagotu egin dira. Berez aldaketa-etapa bat den horri, gainera, arrisku emozional eta mentaleko ohiko egoerak gehitu behar zaizkio (autonomia, sare sozialak, kontsumoak, etab.). Horrez gain, unibertsitateko ikasleek ikasketen presioari eta etorkizuneko lan egoera ziurgabeari aurre egin behar diete. “Unibertsitatea erreferentziagune bat da gazteen osasun mental eta emozionala hobetzen laguntzeko. Hortaz, esperientzia honen bidez, emozioak kudeatzeko tresnak eman nahi dizkiegu ikasleei, beren ongizatea areagotu dadin”, esan du Lucía Martínez Virto.

Prestakuntza esperientzia pilotu moduan emanen da NUPeko gradu guztietako 2. ikasmailan. “Ikastaroak gazteek, eta, zehazki, gure Unibertsitateko ikasleek dituzten behar psikosozial nagusiak izanen ditu ardatz, bai eta arreta psikosoziala emateko gure zerbitzuetan pilatutako esperientzia ere”, azaldu du.

Adin honetako jendearekin lan egiten eskarmentua duten psikologiaren profesionalek emanen dute ikastaroa, udaberriko seihilekoan. Estrategia horren esparruan, aurreikusia dago jardueraren bat ikasgeletatik kanpo ere egitea, emozioak artetik eta kulturatik abiatuta lantzeko.

Innova Social NUPen proiektua aukeratu duen programa da, eta Innova Programaren esparru soziala lantzen du. Nafarroako Kutxa Fundazioak eta “la Caixa” Fundazioak sustatzen dute. Nafarroako gizarte ehuna sendotzera dago bideratua, haren hazkundea, berrikuntza, eraginkortasuna eta produktibitatea bultzatuz Nafarroako Foru Komunitatearen garapen sozial eta ekonomikoaren mesedetan, eta Nazio Batuen 2030 Agendaren ildoari jarraikiz.