Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) kirol txartelarekin hemeretzi jarduera egiten ahalko dira, astean hirurogeita bost saiotan banatuak, udazkeneko seihilekoan. Irailaren 12tik aurrera eginen dira, astelehenetik ostiralera, Unibertsitatearen kirol instalazioetan. Kirol txartelarekin egiten ahal diren jarduerez gainera, beste 12 kirol modalitate daude, maila diferenteetakoak, eta, horietan parte hartzeko, aparte izena eman eta ordaindu behar dira.

zoom Kirol jarduerak NUPen.

Kirol jarduerak NUPen.

Honako jarduera hauek sartzen dira kirol txartelean: erabateko entrenamendua, spinning, pilates + hipopresiboak, pump, HIIT, yoga eta tarteko mailako yoga, zumba, igeriketa (maila bat baino gehiago), pilates eta tarteko mailako pilates, total body, core + stretching, fast fit, aerobic, step, eskalada (maila altua), GAP, GAP + core eta boxtraining.

Nornahik du eskubidea kirol txartela lortzeko eta jarduerak egiteko. Urtekoa, seihilekokoa edo hilekoa izaten ahal da txartela, eta Unibertsitatearen webgunearen bidez eskatu behar da. Zehazki, udazkeneko seihilekorako kirol txartelaren prezioa 44 euro da ikasleentzat, 55,20 euro Unibertsitateko komunitateko gainerako kideentzat, 80 euro Ikasle Ohien eta Adiskideen Elkarteko kideentzat, eta 120 euro Unibertsitatetik kanpokoentzat.

Kirol txarteleko jarduerak “online” erreserbatzea

Kirol txarteleko jarduerak egiteko, “online” erreserba egin behar da aldez aurretik Unibertsitatearen webgunean (egun baterako bi erreserba egiten ahal dira gehienez). Gero, ezin joan izanez gero, bertan behera utzi behar da erreserba, jarduera amaitu baino hiru ordu lehenagora arte. Txartela edukiz gero, gainera, kirol instalazioak erabil daitezke (igerilekua, rokodromoa, muskulazio aretoa eta abar), eta pilotalekua zein kanpoko tenis pistak erreserbatu.

Unibertsitatearen webgunean dago kontsultagai jarduerei buruzko informazioa (ordutegia, deskribapena eta entrenatzaileak), bai eta txartelaren bidez sarbidea izateko sistema berriari buruzko informazioa eta seihilekoko eta hilabeteko prezioak ere.

Udazkeneko seihilekorako beste jarduera batzuk

Udazkeneko seihilekoan, gainera, txartelean sartuta ez dauden  beste hamabi jarduera eskaintzen dira: dantzak, boxeoa, erabateko entrenamendua, eskaladan hastea eta aurrera egitea, jarduera fisikoan hastea, runningean hastea (gizonentzako taldea eta emakumeentzako taldea), kick boxinga, igeriketa (maila bat baino gehiago), martxa nordikoa, tenisa (maila bat baino gehiago), boleibola eta waterpoloa. Izena eman eta aparte ordaindu behar diren jarduera horietarako, irailaren 5ean irekiko da izena emateko epea Unibertsitateko komunitatekoentzat, eta irailaren 13an gainerakoentzat.