Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) graduko ikasketak lehen urtean uzten dituztenen tasa txikiena du, Espainiako gainerako unibertsitate publikoekin alderatuta, “Espainiako unibertsitate sistemaren datuak eta zifrak. 2020-2021eko argitalpena txostenean jasotzen denez. Zehazki, ikasketak uzten dituztenen tasa % 15,2 da NUPen; unibertsitate publikoen batezbestekoa, berriz, % 22,4 da, eta unibertsitate pribatuena % 19,1.

zoom Tasaabandono

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Unibertsitate Ministerioak prestatzen duen txosten hori Espainiako unibertsitateen esparruko datu garrantzitsuenak laburturik biltzen dituen argitalpen bat da. Argitalpena ez da ikasmaila jakin bati buruzkoa; aitzitik, ahalik eta datu eguneratuenak ematen saiatzen da, desagregazio garrantzitsuenak gehituz zenbait arlotan, hala nola kredituei, ikasleen errendimenduari edo matrikulatutako pertsonen profilari buruzkoetan, beste adierazle batzuen artean.

Lehenengo urteko uzte-tasak hurrengo bi ikasturteetan dagokien ikasketan matrikulatuta ez dauden ikasle berrien ehunekoa adierazten du. Unibertsitate presentzialak (publikoak nahiz pribatuak) soilik hartzen badira kontuan, ikasketak lehen urtean uzten dituztenen batez besteko tasa % 16,8 da, unibertsitate publikoetan % 17,2 eta pribatuetan % 14,4 izanik.

Era berean, NUP bigarren posizioan dago unibertsitate publikoen artean ikasketaz lehen urtean aldatzen direnen tasari dagokionez (% 7,9). Tasa horrek hurrengo bi ikasturteetan beste ikasketa batean matrikulatzen diren ikasle berrien ehunekoa adierazten du.

Unibertsitate presentzialetan (publikoak nahiz pribatuak izan), ikasketaz aldatzen direnen batez besteko tasa % 8,6 da, eta unibertsitate publiko presentzialetan, berriz, % 8,9.

Nafarroa, lehena errendimenduan, arrakastan eta ebaluazioan

Hezkuntza-adierazleen kapituluan, txostenak badu graduetako errendimendu-, arrakasta- eta ebaluazio-tasei buruzko atal bat ere, autonomia-erkidegoen arabera banatua, unibertsitate publikoak eta pribatuak bereizi gabe. Hiru adierazle horietan, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitate presentzialak lehen posizioan daude.

Zehazki, 2018-2019 ikasturteko graduko ikasketetan, Nafarroako unibertsitateak % 87,3ra iritsi ziren errendimendu-tasan (Espainiako unibertsitate presentzialen batezbestekoa % 80,1 izan zen); tasa horrek neurtzen du ikasleek gainditu dituzten kredituen ehunekoa matrikulatuta dituzten kreditu guztiekiko.

Nafarroako unibertsitateen arrakasta-tasa (gainditutako kreditu kopuruaren eta aurkeztutako kreditu kopuruaren arteko portzentajezko erlazioa) % 90,8 izan zen, eta batezbestekoa, berriz, 88,2.

Azkenik, ebaluazio-tasan (aurkeztutako kreditu kopuruaren eta matrikulatutako kreditu kopuruaren arteko erlazioa), Nafarroakoa % 96,1 izan zen, eta Espainiako unibertsitate presentzialen batezbestekoa % 90,9.