Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren bidez, Parekoen arteko Mentoretza Programaren beste edizio bat jarri du martxan. Hala, ikasturte honetan, graduko azken ikasmailetako berrogeita hamar ikaslek baino gehiagok orientabide akademiko eta administratiboa emanen diete beren karrerako lehen ikasmailako ikasleei (mentore bakoitzak zazpi ikasleri gehienez). Ekimen horretan parte hartu nahi duten graduko lehen ikasmailako ikasleek irailaren 12ra arte ematen ahal dute izena “online”, Unibertsitateak mentoretzarako duen webgunearen bidez.

zoom Imagen formación mentores

Duela gutxi NUPen egindako mentoreen prestakuntzaren irudi bat.

Mentoreek irailetik martxora bitartean gauzatzen dute beren eginkizuna, eta, horretarako, erakunde hauen laguntza eta prestakuntza izaten dute: Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetza, beren fakultatea edo ikastegia, Unibertsitate Arretarako Bulegoa eta Ikasleen Kontseilua. Aurtengo ikasle kopurua aurreko ikasturtekoa baino handiagoa da. Orduan 41 eskaera erregistratu ziren. 

Mentoreen konpromisoak

Mentoreek unibertsitate zabalpeneko bi ECTS kreditu lortzen ahal dituzte gehienez (50 orduren baliokidea), eta konpromisoa hartzen dute, besteak beste, prestakuntzako lantegietara joateko; mentoretzapean daukaten ikasle taldearekin udazkeneko seihilekoan bi bilera edukitzeko, eta beste bat udaberrikoan; ikasleen banakako kontsultei “online” erantzuteko; eta ikasleengan independentzia eta unibertsitate autonomia bultzatzeko, lanerako eta ikasketarako ohitura eraginkorrak gara ditzaten. Amaieran, mentoretzapean dauzkaten ikasleek ebaluatuko dituzte.