Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko ikasleek irailaren 2an (osteguna) hasiko dituzte 2021-2022 ikasturteko eskolak. Aurreko egunean, irailaren 1ean, asteazkena, lehen mailan matrikulatutako ikasleek Ongietorri Jardunaldian hartuko dute parte. Informazio saio horretan, Unibertsitatean ikasten hasiko diren ikasleek aukera izango dute erakundearekin lehen harremana edukitzeko.

Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onetsi duen egutegi akademikoan, halaber, graduko titulazioetako eskolak emateko eta ebaluazio jarraitua egiteko aldia ere jaso dira: irailaren 2tik hurrengo urteko urtarrilaren 12ra arte, udazkeneko seihilekoan, eta urtarrilaren 26tik maiatzaren 27ra arte, udaberriko seihilekoan.

Gainera, errekuperazioko ebaluazio aldi bat ezarri da, urtarrilaren 17tik 25era, udazkeneko seihilekorako, eta ekainaren 1etik 13ra, udaberriko seihilekorako.

Unibertsitate masterren kasuan, egutegiak ezartzen du eskolen hasiera eta ebaluazio aldia irailaren 6tik uztailaren 1era bitartean izango dela.

Oporrak eta jai akademikoak

Egutegiak ezartzen duenez, Eguberrietako oporrak abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra izango dira, eta Aste Santukoak apirilaren 14tik 24ra. Apirilaren 13a, asteazkena, Unibertsitatearen Eguna izango da; beraz, jaieguna izango da ondorio guztietarako.

Azkenik, jaiegun akademiko partikular hauek ezarri dira: abenduaren 7a, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatearentzat; apirilaren 12a, Zientzia Juridikoen Fakultatearentzat; abenduaren 7a, Osasun Zientzien Fakultatearentzat; martxoaren 19a, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoarentzat; apirilaren 5a, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearentzat; eta maiatzaren 6a Nekazaritza Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoarentzat.