Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren epaimahaiak erabaki du Frantzisko aita santuari ematea 2020ko saria. Epaian jasotzen denez, epaimahaiak kontuan hartu du saridunak “ahotsa altxatu duela egoera ahulean dauden errefuxiatuen alde, giza eskubideen eta migratzaile guztien eskubideen alde, bai eta bizitza duina izateko eskubidearen alde ere”, eta “hori guztia, elkar hartzearen eta harrera egitearen kultura sustatzeko ikuspegitik”.

zoom Presidente y secretario Jurado

Ezkerretik eskuinera, Joaquín Mencos eta Alejandro Torres, NUPen.

Sarituaren izena ostegun honetan (abenduak 10) eman dute jakitera, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, eta ekitaldian izan dira Joaquín Mencos Doussinague epaimahaiko buru eta Brunet Fundazioko lehendakariordea, eta Alejandro Torres Gutiérrez epaimahaiko idazkari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konstituzio Zuzenbideko katedraduna.

Epaimahaiak azpimarratu duenez, aita santuak “migratzaile eta errefuxiatuenganako abegikortasunaren kultura bultzatu eta gure kontzientziak astindu ditu, eta konpromisoa hartu du herri indigenen eskubideak defendatzeko, denon etxea zaintzeko, ingurumena babesteko, eta kulturen eta erlijioen arteko elkarrizketa bultzatzeko”. “Giza eskubideen aldeko ahalegin hori, batez ere egoera ahulenean daudenen aldekoa”, jarraitzen du epaiak, “balioak dira, eta balio horiek lortzea izan da, hain zuzen ere, Jaime Brunet Fundazioaren inspirazioa sortu zenetik”.

Frantzisko aita santua 

Frantzisko aita santua 2013ko martxoaren 13an aukeratu zuten, eta Benedikto XVI.aren ondorengoa izan zen. Alboan Fundazioak aurkeztu du Brunet sarirako hautagaitza, jesuiten nazioarteko lankidetzarako erakundeak. Bere proposamenean nabarmendu du aita santuak aitasantutzako lanetan hasi eta berehala “ondasun kolektiboak babestu beharra azpimarratu zuela, esate baterako, ingurumena, eta etengabe aipatu dituela norbanakoen eskubideen bidez konpontzen ez diren zenbait kontzeptu, hala nola justizia soziala, egiturazko arazoak, periferia eta irtenbide kolektiboak”. Horren harira, Alboan Fundazioak bere proposamenean adierazi duenez, “Frantzisko aita santua giza eskubideen kontzepzio klasiko indibidualagotik aldentzen saiatu da”, eta horrek “aurreko aita santuenez bestelako ikuspegia dakar”.

Bere proposamenean, saria lortzeko merezimenduez gain, "Twiplomacy” txostenaren arabera munduko hirugarren liderra dela azpimarratu du Fundazioak. Izan ere, aita santuak 51 milioi jarraitzaile baino gehiago ditu @pontifex bere Twitterreko kontuan.  

Jaime Brunet Fundazioa eta Saria

Jaime Brunet Fundazioa kultura-fundazio pribatu bat da, eta bere helburua giza duintasunarekiko, oinarrizko askatasunekiko eta giza eskubideekiko errespetua sustatzea da, bai eta egoera eta tratu anker edo iraingarriak desagerraraztea ere. Besteak beste, Jaime Brunet Romero sariaren deialdia egiten du, giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona edo erakunde baten ibilbidea edo zientziako, literaturako edo ikus-entzunezko lan bat aitortzeko. Guztira, Jaime Brunet Nazioarteko hogei Sari eman ditu fundazioak 1998az geroztik; azkena, 2017an, Vicente Ferrer Fundazioari.

Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, Gipuzkoa, 1992) XVIII. mendean Gipuzkoan bizitzen jarritako ekintzaile katalanen familia batean jaio zen (industria-jarduera garrantzitsua gauzatu zuten han). Jarrera liberalean hezia, kritikoa izan zen bizitzea egokitu zitzaion garaiarekin. Aitak, Jaime Brunet Goitiak, Alderdi Errepublikanoko bertako buruak, Zuzenbide karrerara bideratu zuen, eta Donostiako Udaleko alkateorde izatera iritsi zen, non aitona eta birraitona alkate izan baitziren. Valladolideko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta etxe horretan bertan irakasle laguntzaile aritu zen gero.

Irakurtzeko zaletasunak hizkuntzak ikasteko interesa piztu zion, eta, haiei esker, bere bidaia ugarietan erraz moldatzeko aukera izan zuen. Hala, bere garaiko zailtasunak gorabehera, hogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan jakin eta ulertu zuen zenbateko diskriminazioa eta bortizkeria dagoen oraindik gure mendean, nola baliatzen diren boteretsuak ahulez, eta zeinen erraz urratzen diren egunero gizakiaren eskubide oinarrizkoenak.

Bere bizitzako azken urteetan, etengabeko kezka piztu zioten giza eskubideen egoerarekiko sentiberatasunak eta herritarraren askatasunaren defentsak. Seme-alabarik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurkako sentimenduek bultzatuta, bere ondarea oinordetzan uztea erabaki zuen, bi helbururekin: batetik, hiltzean bere izena izanen zuen fundazio bat sortzeko, eta, bestetik, giza eskubideen alde egindako lanagatik aintzatespena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Horrela, Jaime Brunet Romero fundazioa sortu zen, egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoan duela, hark testamentuan adierazitako nahiari jarraikiz.