Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek osatzen duten “Unibertsitatea eta Ezgaitasuna” elkarteak Desgaitasunari buruzko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenaren V. Sariaren deialdia egin du. Beren lanak azken bi ikasturteetan aurkeztu dituzten NUPeko graduko eta masterreko ikasleei zuzendua dago deialdia, hots, 2018ko urtarrilaren 1etik 2020ko urriaren 16ra bitarte aurkeztu dituztenei. Sariketan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea urriaren 30ean amaituko da.

zoom ikertzaileak

Azken edizioko irabazleak. Ezkerretik eskuinera: Sagrario Anaut (“Unibertsitatea eta Ezgaitasuna” elkarteko burua), Malen Eizaguirre (lehen saria), Inés Gabari (berak jaso zuen Ana Remedios Alemánen accesita) eta “El Langui”, sari-banaketara gonbidatutakoa

Lanen gaiak zerikusia izan behar du desgaitasunarekin eta desgaituen bizi-kalitatea hobetzearekin, eta edukia ez da egon behar inolako konfidentzialtasun klausularen mende. Gainera, lortutako nota oso ongi edo handiagoa izan behar da (7 puntu edo gehiago). Lanak sariaren aurreko edizioetan aurkeztu gabeak izan behar dira.

Epaimahaiak lanaren edo proposatzen den irtenbidearen originaltasuna hartuko du aintzat, baita haren ekarpenak (kontzeptualak, praktikoak eta abar) eta aplikagarritasuna ere. Erabakia azaroan jakinaraziko da, elkartearen webgunean, eta sari-banaketa jendaurreko ekitaldi batean eginen da.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek lanaren laburpen bat bidali beharko dute (6.000 karaktere gehienez hutsuneak kontuan hartu gabe) helbide elektroniko honetara: asociacion.universidad.discapacidad@unavarra.es

Gehiago jakin nahi baduzu, aukera duzu deialdiaren oinarriak eta “Unibertsitatea eta Ezgaitasuna” elkartearen webgunea kontsultatzeko. Elkarte horren helburua desgaitasunaren inguruko ikerketa eta irakaskuntza babestea da, baita behar dutenei beren esperientzia eta laguntza emateko modua duten pertsonak harremanetan jartzea ere.