Joan eduki nagusira

Daniel Valtierra de Luisek, Biokimikan eta Biologian lizentziadunak, biosaiakuntzako medoto zehatz eta erreproduzigarri bat garatu du bere doktoretza-tesian, frutako eulien eta eltxoen izurriei aurre egiteko zenbat plagizida biologiko behar den kalkulatzeko modua ematen duena. Horrela, landa-eremuan plagiziden erabilera masiboa eragozten da, bai eta plagizidek fauna basatian, lurzoruan eta ingurumenean duten eragina ere.

Tesiaren izenburua “Nueva aplicación de métodos de bioensayo e importancia funcional de los componentes minoritarios del cristal de Bacillus thuringiensis serovar israelensis para el control de dípteros plaga” da. Primitivo Caballero NUPeko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko katedradunak eta Maite Villanueva sail bereko laguntzaile doktoreak izan dira tesiaren zuzendarikideak, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

zoom Daniel Valtierra de Luis

Daniel Valtierra de Luis

Bere ikerketaren % 50 Aedes aegypti eltxoari buruzkoa izan da. Euli hori hainbat gaixotasunen bektorea da, hala nola  malaria, dengea, zika, chikungunya edo sukar horia. Zehazki, Bacillus thuringiensis bakterioaren bi proteinak eltxoaren larbetan duten intsektizida-potentzia ezagutzeko aritu da lanean. “Proteinak bakarka ematen ditugu, baita biak batera ere, eta orain arte eltxo-larbentzat deskribatu den efektu sinergiko ahaltsuenetako bat gertatzen dela ikusi dugu”. Ikerketa horrek aukera berriak eskaintzen ditu garrantzi medikoko eltxoen kontrol biologikorako tresna seguru eta eraginkorrak garatzeko.

Bestalde, tesiaren egileak dioenez, “euliek hartzen duten bolumena, pisua eta plagizidari ematen dioten erantzuna zehaztasun handiz kalkulatu ditugunez, oso zehatz zehaztu ahal izan dugu konposatu toxikoaren zein kantitate behar diren horrelako populazio mota hori kontrolatzeko”.

Toxikotasun maila ezagutzea

Frutaren euliei dagokienez (horietako batzuk Nafarroan daude duela urte batzuetatik), fruta-arboletan (laranjak eta mandarinak, bereziki) eta fruitu gorrietan (marrubiak, gereziak, mugurdiak, andere-mahatsak) kalte handiak eragiten dituzten bi espezierekin lan egin du. “Espezie horiek fruitu barruan uzten dituzte arrautzak, eta horregatik oso zaila da haiek kontrolatzea larba-aldiari eraso eginez —aipatu du Daniel Valtierrak—.  Nahiz eta, tradizioz, euli horien kontrola tranpak masiboki jarriz eta gizabanako helduei eraso egiteko plagizida kimikoak erabiliz egiten zen, duela gutxi spinosad plagizida biologikoa hasi dira erabiltzen”.

Plagizida biologiko hori ingestioaren bidez ematen da (nahiz eta kontaktuaren bidezko jarduera ere baduen) eta intsektuen nerbio-sistema zentralari eragiten dio. “Arazoa —azaltzen du— zera da: horrelako izurriteen dosi-hilkortasun erantzuna zehazteko erabiltzen diren metodoak ez direla oso zehatzak edo erreproduzigarriak”.

Euli horiek irensteko gai ziren janari-kopuruaren azterketa zehatza egin eta gero, bere doktoretza-tesian biosaiakuntzako metodo sinple eta erreproduzigarri bat garatu du. Metodo horren bidez, konposatu intsektizida berrien toxikotasuna ebaluatu daiteke izurriteak maneiatzeko eta izurrite-populazioetan erresistentziak dauden zehazteko.

Garatutako teknika pestizida kimikoak eta biologikoak aztertzeko erabil daiteke. Azken horien artean, landu duen intsektizida Bacillus thuringiensis bakterioan oinarritzen da, eta merkatuan dauden bio-plagizida guztien % 80 inguru da.

Curriculum vitaea

Daniel Valtierra de Luis Biologian eta Biokimikan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, non Bioinformatikako Masterra egin baitzuen. Gero,  Agrobioteknologiako Masterra egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta erakunde horretan lortu du Bioteknologiako doktore-titulua. Nazio mailako eta nazioarteko zenbait biltzarretan eta bilera zientifikotan hartu du parte, eta horietan komunikazioak eta artikuluak egin ditu. Horrez gain, hamar ikerketa-proiektu baino gehiagotan egin du lan.