Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) BIOVID ikerketa-proiektuaren partzuergoan parte hartzen ari da, BLUE AGRO BIOSCIENCE enpresaren gidaritzapean, Nafarroako mahastietan Botrytis cinerea onddoak eragindako gaixotasuna kontrolatzeko estrategia biologiko berriak garatzeko. Unibertsitateaz gainera, Inurrieta, Otazu eta Príncipe de Viana ardandegiek eta Lurederra ikerketa-erakundeak osatzen dute LEV2050 partzuergoa. 
Proiektuak Nafarroako Gobernuaren finantzabidea jaso du, 2019ko proiektu estrategikoen deialdiaren bidez, eta, otsailean, kideen arteko koordinazio-bilera bat egin da Otazu ardandegian, izen bereko nafar herrian. Zehazki, BIOVID proiektuan, zenbait legamia motarekin saiakuntzak egingo dituzte 2020ko eta 2021eko kanpainetan Botrytis cinerea onddoaren kontrako partzuergoko hiru ardandegietako mahastietan (Nafarroako nekazaritza-eskualde klimatiko desberdinetan daude kokatuak). Horren helburua gaur egun erabiltzen diren sintesi kimikoko fitosanitarioen ordezko aukera jasangarri bat aplikatzea da.

NUPeko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko irakasle eta ikertzaile hauek hartu dute parte proiektuan: Jon Veramendi Charola (koordinatzailea), Mª Remedios Marín Arroyo, Luis Larraya Reta, Montserrat Navarro Puyuelo, Nerea Iturmedi Vizcay eta Alicia Fernández San Millán. 

zoom Reunión BIOVID

Partzuergoaren taldeko argazkia, otsailean, Otazu ardandegian.

Fitosanitario kimikoen ordezko aukera jasangarria

Botrytis cinerea onddoak Nafarroako mahastietan eragiten duen gaixotasuna kontrolatzeko estrategia berriak aztertuko dituzte proiektuan, eta, horretarako, aurreko proiektu batean laborategiko baldintzetan onddo horren kontrako eraginkortasuna agertu duten sei legamia mota baliatuko dituzte. 

Horrez gain, mahasti horietatik hartutako legamia berri batzuk isolatuko dituzte (labore horien baldintza klimatikoetara dagoeneko egokitutako mikroorganismoak). Legamia horiek laborategiko baldintzetan hiru ardandegietako mahastietako Botrytis andui isolatuak suntsitzen saiatzeko erabiliko dituzte. Aldi berean, biokontrolerako produktu bat formulatzeari ekingo diote Nafarroako mahastietan aplikatzeko, mikrokapsularatze-sistemak baliatuz, zeinek adjubante desberdinak baitituzte (beste substantzia batzuen efektua aldatzen duten elementuak). 

Esan bezala, aukeratutako legamiak partzuergoan parte hartzen duten hiru ardandegietako lursailetan probatuko dira, 2020ko eta 2021eko kanpainetan. “Hondakinik uzten ez duen produktu bat lortu nahi dugu, 6 eta 12 hilabete bitarteko bizitza baliagarria eta landan Botrytisaren kontrako eraginkortasun handia duena. Bestalde, hurbilketa proteomiko eta metabolomikoak egingo ditugu legamiek Botrytisari kontra egiteko erabiltzen dituzten konposatu aktiboak identifikatzen saiatzeko”, azldu du Jon Veramendi NUPeko irakasleak