Joan eduki nagusira

zoom ALINFA proiektuan parte hartzen duen NUPeko ikertzaile taldea. Ezkerretik eskuinera, Carlos Vilches, Laureano Martínez, Lucía Martínez eta Alejandra Hermoso

ALINFA proiektuan parte hartzen duen NUPeko ikertzaile taldea. Ezkerretik eskuinera, Carlos Vilches, Laureano Martínez, Lucía Martínez eta Alejandra Hermoso

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ALINFA proiektuan hartzen du parte (haurrentzako elikadura osasungarria eta eskuragarria). Helburua da 3 urtetik 12 urtera bitarteko haurrek elikagai osasungarriak identifikatzen eta aukeratzen jakitea. ALPES Erronka izeneko proiektu estrategikoen deialdiaren bidez Nafarroako Gobernuak finantzatutako proiektua da, eta bi urte baino gehixeagoko iraupena eta 800.000 euro inguruko aurrekontua ditu. Aipatutako erakundeez gainera, honako hauek hartzen dute parte: Nafarroako Unibertsitateak, Elikagaien Teknologiako eta Segurtasuneko Zentro Nazionalak, Irigoyen sukaldaritza kolektiboko enpresak eta Ian, Harivenasa, Sanygran eta Apex enpresek (osagai eta/edo elikagaiak ekoizten dituzte).

Zehazki, NUPen lanak aztergai izango du, alde batetik, 12 urte baino gutxiago dituzten haurrek zer elikagai dituzten gustuko eta zenbateraino onartzen dituzten; bestetik, zein diren haurren familien eta inguruneen faktore sozial, kultural eta ekonomikoak, eragina baitute elikaduran. “Adingabeen elikaduran eragina duten aldagaiei buruz Nafarroan dagoen ebidentzia zientifikoan sakondu nahi da. Kontuan hartuko dira bai aldagai pertsonalak, bai elikaduran eragina duten determinatzaile sozialen identifikazioa”, esan du Lucía Martínez Virto irakasleak.

Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko kide hauek osatzen dute NUPeko ikerketa taldea: Lucía Martínez Virto (ikertzaile nagusia eta I-COMMUNITAS ikerketa institutuko kidea), Laureano Martínez Sordoni, Carlos Vilches Plaza eta Alejandra Hermoso Humbert (prestakuntzaldiko ikertzailea).

Ikerketarako, Nafarroako lurralde arloko eta gizarte eta ekonomia arloko faktoreak hartuko ditu kontuan proiektuak, haurren elikadurako zenbait jokabide definitu ditzaketenak. Nafarroako zenbait ikastetxe publiko eta pribatu aukeratuko dituzte, eta lurralde aldagaiak hartuko dira kontuan, eremu geografiko bakoitzeko errenta eta obesitate tasari buruzkoak. Horretaz gainera, ikasleak eta haien familiartekoak ere hartuko dira kontuan, beren zaletasunak eta horietan eragina duten faktoreak ezagutzeko. 

Proiektuko parte-hartzaileek landuko dituzten helburu tekniko espezifikoetako batzuk dira haurren nutrizioko alderdi garrantzitsuak zein diren zehaztea, sukaldaritzako formulazio berriak eta prozesuko teknologia berriak garatzea zenbait elikagai osasungarriren onarpena hobetzeko (barazkiak, arraina, zereal integralak eta abar), estrategiak garatzea osagai ez-desiragarriak gutxiagotzeko (azukrea, gatza eta gantz asea) eta osagai desiragarriak areagotzeko (zuntza, burdina, zinka); eskolako menu berritzaileak eta elikagai produktuen gama berriak diseinatzea; elikaduran eragina duten determinatzaile sozialak zein diren zehaztea eta elikadura osasungarriak haurtzaroan duen garrantziaz kontzientziatzea. Ikerketa honen bidez aholkuak emango dira elikadura osasungarrian urratsak egiteko eta haurtzaroan inbertitzeko politikak orientatzeko gakoak zein diren zehazteko.