Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak kirola egiten NUPen.

Ikasleak kirola egiten NUPen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) zabalik du epea NUPeko kirol txartela eskuratzeko. Iaz martxan jarritako esperientziarekin segituz, aurten ere kirol txartelak aukera emango du 20 kirol egiteko, astero egingo diren 60 saioetan, eta kirol instalazio guztiak erabiltzeko (130.000 m2). Hala, kirol jakin batean izena eman eta ordaindu beharrean, kirol bat baino gehiago egin ahal izango dira kirol txartela edukiz gero (urte osokoa, seihilekokoa edo hilabetekoa): spinning, express spinning, express core, pilates, gap+core, TRX, total body, aerobic/step, guztizko entrenamendua, entrenamendu funtzionala, HIIT, circuit training, aqua cross train, power pilates, tai-xi, pilates+hipopresiboak eta zumba.

Nornahik eska dezake kirol txartela Unibertsitatean kirola egiteko. Urte osoko txartelak 100 € balio du ikasleentzat; 120 €, Unibertsitateko komunitateko gainerako kideentzat; 200 €, Ikasle Ohien eta Adiskideen Elkarteko kideentzat, eta 460 €, Unibertsitatekoak ez direnentzat. Txartela edukiz gero, gainera, kirol instalazioak erabil daitezke (igerilekua, rokodromoa, muskulazio aretoa eta abar), eta pilotalekua, kanpoko tenis eta futbol pistak eta Nafarroako Unibertsitate Pabiloia doan erreserbatu. 

Unibertsitatearen webgunean dago ikusgai informazio guztia: kirolak (ordutegia, deskribapena eta entrenatzaileak), txartelaren bidez kiroletan izena emateko sistema, eta urte osoko, seihilekoko eta hilabeteko prezioak, Unibertsitateko komunitateko kide direnentzat eta ez direnentzat.

Kirolak Probatzeko Egunak eta beste jarduera batzuk

Kulturako eta Kiroletako Unitateak Kirolak Probatzeko Egunak antolatu ditu interesdunek modua izan dezaten Unibertsitatearen kirol txartelak eskaintzen dituen modalitateak eta kirol instalazioak ezagutzeko. Hortaz, irailaren 10etik 13ra, Unibertsitateko komunitateko kide guztiek doan erabiltzen ahalko dituzte instalazioak eta egin kirolak.

Udazkeneko seihilekoan, beste hamar kirol eskainiko dira: autobabesa, boxeoa, eskalada, frontenisa, kick boxing, igeriketa, tenisa, triatloia, boleibola eta waterpoloa. Horiek ez dira sartzen txartelak ematen dituen aukeretan: aparte izen ematekoak eta ordaintzekoak dira. Kirol horietan izena emateko epea irailaren 5ean hasiko da Unibertsitateko komunitatekoentzat, irailaren 13an, berriz, Unibertsitatekoak ez direnentzat.

Bestalde, Kulturako eta Kiroletako Unitateak naturan egiteko jarduerak antolatu ditu udazken honetarako, Unibertsitateak eskaintzen dituen kirol eta jarduera kulturalen artean, eta irailaren 9an zabalduko du jarduera hauetan izena emateko epea: Argaren jaitsiera piraguan, ibilaldiak euskal kostaldean eta orientazioa. Jarduera guztien eskaintza, ordutegiak eta prezioak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko, eta nornahik eman dezake izena, Unibertsitateko komunitateko kide izan edo ez.