Joan eduki nagusira

zoom Natividad Goñi irakaslea (ezk.) eta Paula Pomares, lanaren egilea, NUPen.

Natividad Goñi irakaslea (ezk.) eta Paula Pomares, lanaren egilea, NUPen.

Paula Pomares Tabladok (Iruñea, 1997) Zuzenbideko titulua lortu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Europar Batasuneko arau bat juridikoki aztertzen duen gradu amaierako lan batekin. Arau hori uztailaren 1etik dago indarrean eta ibilgailu elektriko berrietan abisu-sistema akustiko bat instalatu beharra ezartzen du, batez ere itsuak babesteari begira. “Auto horiek detektaezinak dira, eta, ustez, soinua gehituz konpontzen da hori. Neurri hori egokia bada ere, erabilgarriagoa izanen litzateke soinuak maniobren arabera bereiziko balira. Gainera, badira gizartean beste errealitate berri batzuk ere, hala nola patinete eta bizikleta elektrikoak, itsuen askatasunaren eta autonomiaren kontra doazenak”, amaitu du Natividad Goñi Urriza Zuzenbide Saileko irakaslea zuzendari izan duen lanaren egileak.

Ibilgailu elektrikoen soinurik eza “abantaila bat da kutsadura akustikoari dagokionez”, baina, aldi berean, “eragozpen handi bat ere izan daiteke hirietan, oinezkoen soinu pertzepzioa txikiagotzen delako”. “Izan ere, itsuak dira arazo hori gehien sufritzen dutenak. Ibilgailuek soinurik ez egiteak % 40 handitzen du itsu batek istripu bat izateko aukera, itsuek inguruan dituzten soinuei erreparatu behar baitiete kaleak gurutzatzeko —azaldu du Paula Pomaresek, datorren ikasturtean NUPen Abokatutzarako Sarbiderako Unibertsitate Masterra ikasiko duenak—. Istripu bat izateko arriskua are handiagoa da auto elektrikoen abiadura txikia bada, 20 edo 30 kilometro orduko, bateria sistema bat erabiltzen baitute funtzionatzeko, eta, ondorioz, motor elektrikoak ez du soinu pertzepzioaren bidez hauteman daitekeen inolako bibrazio motarik igortzen. Horregatik esaten zaie ibilgailu isilak”.

ONCEren aldarrikapena

“La protección internacional de las personas invidentes a través de la señal acústica” izena duen gradu amaierako lanaren egileak nabarmendu du ONCE erakundea dela “Espainian ibilgailu elektrikoei soinua jartzearen aldarrikapenen buru. ONCEren arabera, herritarren, eta, batez ere, ibilgailu elektrikoen fabrikatzaileen kontzientziazioa areagotu behar da”. “Itsuen Munduko Batasunak, munduan ikusizko desgaitasuna duten 285 milioi lagun ordezkatzen dituen gobernuz kanpoko erakundeak, ikerketa bat egin eta frogatu zuen ibilgailu elektrikoek kalte edo heriotza arriskua ekartzen dietela kalea gurutzatzea segurua den edo ez erabakitzeko entzumena erabiltzen dutenei. Horrenbestez, auto elektrikoek ez dute guztiz bat egiten guztientzako diseinuaren printzipioekin”, gehitu du.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko Arautegi batek eskari horiek jasotzen ditu, eta, motordun ibilgailuen soinu maila arautzeaz gain, ibilgailuen abisu-sistema akustikoaren kontzeptua sartzen du, hots, “ibilgailu hibrido eta elektrikoetarako sortutako teknologia bat, seinale akustiko bat igortzen duena bide publikoan dauden oinezkoei eta bestelako erabiltzaileei auto bat dagoela ohartarazteko”. “Arautegi horren 8. artikuluak ezartzen du fabrikatzaileek ibilgailu hibrido eta elektriko guztietan ezarri behar zutela sistema hori, 2019ko uztailaren 1erako beranduenez”, esan du.

Paula Pomaresentzat, “araubide egokiaren printzipioek justifikatzen dute soinu alerta ezarri beharra; hala, herritar guztien interes orokorrak babestuko dira”. “Horregatik, betebehar hori ez da eragozpen bat garraiobide horien fabrikatzaileen jarduera ekonomikoari dagokionez”, adierazi du.

Edonola ere, lan honen egileak gogorarazi du semaforoei soinua jartzea “inflexio-puntu bat izan zela itsuentzat, askatasun eta autonomia handiagoa ematen baitie”. “Semaforoen sistema hori izan da ibilgailu elektrikoei soinu alerta jartzeko inspirazioa. Hori hala izanik ere, semaforo guztiek ez dute instalatuta soinu alerta sortzen duen gailua. Hori dela eta, ezin da esan itsuek irisgarritasun osoa dutenik. Ibilgailu elektrikoei soinua jartzerakoan ere gerta daiteke arrisku hori, soinu gailua ibilgailu guztietan instalatzen ez bada”, esan du.