Joan eduki nagusira

zoom Raquel Albertín Marco, NUPeko doktore berria.

Raquel Albertín Marco, NUPeko doktore berria.

Irakasleak psikologia positiboan prestatzeak “bai gizabanako gisa bai profesional gisa interesgarriak diren balio pedagogikoko” ezagutza, praktika eta estrategiak ematean dizkie irakasleei. Gizabanakoaren eta gizartearen ongizatea du xede psikologia positiboak. Hala egiaztatu du Raquel Albertín Marcok Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza-tesian. Albertinek Neuropsikologiako eta Hezkuntzako Unibertsitate Masterra du. Bere ikerketan berrikuntza proiektu bat garatu du irakasleak hezkuntzari aplikatutako psikologia positiboan prestatzeko. Nafarroako hamasei ikastetxek eta 350 profesionalek lagundu dute proiektuan, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako irakasleen eta zuzendaritza-taldeen artean. “Irakasleen praktika pedagogia positiboei buruz egin dituzten ikaskuntzetan oinarritzen da, eta ikasgelako emozio eta harreman giroa hobetzen du, bai eta ikasgeletan giro positibo eta segurua sortu ere, enpatia, modu aktiboan entzutea eta ikasleekiko komunikazioa hobetzen duten estrategiak baliatzen baititu.

Psikologia positiboa honela definitzen da arloko ikertzaile nagusien arabera: “Gizabanakoei, komunitateei eta gizarteei hazteko aukera ematen dieten faktoreak ulertzea eta haien ezagutzan sakontzea ahalbidetzen duena aztergai duen diziplina”. Raquel Albertínentzat. “Hezkuntzaren eremura eramanda, ongizate psikologiko eta soziala ditu helburu. Eta ongizate psikologiko eta sozial hori modu esplizituan jasotzen duten nazioarteko eta nazioko hezkuntza estrategiak badaude ere, hezkuntzaren ikusmolde hori barreiatu egiten da administrazioari eskualdatzean eta hezkuntza sistema nazionalen betearazpenean”, esan du.

Hori dela-eta doktoretza-tesiaren egileak irakasleengan, ikasleengan eta ikasgelan jarri zuen arreta, “errazago ulertzeko ongizateak hezkuntzan duen esanahia eta ikaskuntza prozesuak pertsonetan, ikasgeletan eta ikastetxeetan ongizate maila hobetzen duten elementu gisa berriz pentsatzeak berekin dakarrena”. “Ez da ahaztu behar irakasleak ez direla prestatuak sentitzen irakaskuntza eta ikaskuntza egoerekin lotutako alderdi emozional eta sozialak kudeatzeko, eta tresna berriak eskatzen dituzte horretarako”, esan du ikertzaileak. Benjamín Zufiaurre Goicoechea NUPeko katedradunak zuzendu zuen doktoretza-tesia, eta bikain kalifikazioa lortu zuen.

Irakasleak, hezkuntza-berrikuntzaren gakoa

Kontuan hartuta bere iritzian, “irakasleen prestakuntza lehentasunezko bidea dela hezkuntza-berrikuntzarako”, irakasleei zuzendutako psikologia positiboko prestakuntza ekintza batean jarri zuen arreta bere lanean Raquel Albertínek. Comenius europar proiektu baten harira sustatutako ikerketa bat zen, eta Espainiako, Italiako eta Danimarkako ikertzaile taldeak eta eskolak elkartu ziren proiektuan. “Doktoretza-tesiaren emaitzen arabera, irakasleek pixkanaka esperimentatzen dute nola integratzen den pedagogia positiboa eskolan, eta horrek eskola berrikuntzako prozesuetan duten inplikazioa eta konpromisoa sendotzen du —esan du Raquel Albertínek—. Prestakuntza ekintzaren ulermenak aldaketa bat ahalbidetzen du, eta irakasleek bai beren egoera pertsonalaren kontzientzian bai ikasgelako irakaskuntza eta ikaskuntza esperientzietan dituzten estrategietan esperimentatzen dute”.

Psikologia positiboko prestakuntzarekin garatutako trebetasunak eta estrategiak, hala nola “esperientzia pertsonalen eta emozio propioen kontzientzia, ikasleen motibazioen identifikazioa eta arauketa emozionala irakasleentzat lagungarri dira  beren ekintza pedagogikoak kontzientzia eta sakontasun handiagoz prestatzeko eta planifikatzeko, eta ikasgelan nahita aplikatzeko”. “Eta, horretaz gainera, erakusten du ikasleek ikaskuntza-esperientziaz gozatzeko egiten dela”, gehitu du.

Beste ondorio aipagarri bat da “arreta gaitasunaren garapena, aldaketarako gakoetako bat, norbere burua eta esperientziak eta norberarekin ikasgelan harremana duten taldeenak hobeki ezagutzeko modua ematen baitu”. “Halaber, psikologia positiboko prestakuntzari esker irakasle taldeetako kideen arteko harremanak hobeak dira, eta talde-lana hobea eta produktiboagoa izatea dakar —esan du—. Horretaz gainera, ikasgelako praktika pedagogikoak pozik onartzen dituzte ikasleek, eta praktika horiek neska-mutilen trebetasunak hobetzeko duten ahalmena frogatzen da”.

Doktoretza-tesiaren egilearen arabera, “epe ertainean eta luzean berrikuntza prozesuekin konpromiso batera iristeko, baliabide material, giza baliabide eta espazio egokiak beharrezkoak dira eskolan praktika pedagogiko positiboak ezartzeko”. “Eta horretarako, ez da nahikoa irakasleen arteko eta eskolako konpromisoa. Hezkuntza-administrazioen inplikazioa eta laguntza ere beharrezkoa da, eta eskolen berrikuntza prozesuetako helburu eta praktikekin lerrokatuta egon behar du”, esan du amaitzeko Raquel Albertínek.

Curriculum laburra

Raquel Albertín Kimikan lizentziatu zen Zaragozako Unibertsitatean. NUPen doktoretza titulua eskuratu baino lehen, Neuropsikologiako eta Hezkuntzako Unibertsitate Masterra egin zuen Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean,  MBA bat (Master of Business Administration) eta Kalitatearen Kudeaketako Sistemen Master bat osatzen dituen graduondoko prestakuntza bat.

Hezkuntza arloko I+Gko hiru proiektutan hartu du parte, eta azken urteetan bederatzi irakaskuntza lan argitaratu ditu, hezkuntzan aplikatutako psikologia positiboarekin lotuta daudenak. Honako hau da horien artean aipagarriena: “Positive psychology for positive pedagogical actions” libururako egindako ekarpena (“Psikologia positiboa ekintza pedagogiko positiboetarako”). Nova Science Publishers iparramerikar argitaletxeak argitaratu eta Benjamín Zufiaurrek eta Maider Pérez de Villarreal Zufiaurre NUPeko ikertzaileak koordinatu dute lana. Horretaz gainera, 2013az geroztik komunikazioak aurkeztu ditu psikologia positiboko eta hezkuntzaren psikologiako esparruko Espainiako eta nazioarteko hamabi biltzarretan.

Raquel Albertín Fluir Fundazioaren sortzailea da beste batzuekin batera. Fundazioak Bartzelonan du egoitza, eta 2008az geroztik psikologia positiboa sustatzen du hezkuntzan, eta egun Alena Learning Labeko zuzendaria da, Kataluniako hiriburuan egoitza duen hezkuntza zerbitzuetako eta ikaskuntza sortzaileetako enpresa batekoa alegia.