Joan eduki nagusira

zoom Alfonso Carlosena Unibertsitateko errektorea eta Ana Ollo kontseilaria.

Alfonso Carlosena Unibertsitateko errektorea eta Ana Ollo kontseilaria.

Gaur, otsailak 28, osteguna, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Gobernuak, bere Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren bitartez, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra sortzeko. Katedra horren xedea da emakumeek zientzian eta teknologian duten parte-hartzea handitzen laguntzea, ZTIM titulazioetan duten presentzia areagotuz (ZTIM: zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika), eta, orobat, arlo horietako ikerketa bultzatzea eta haietan genero ikuspegia sartzea.

Alfonso Carlosena Unibertsitateko errektoreak eta Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariak sinatu dute gaur goizean, Unibertsitatean, Katedraren jarduera abian jarriko duen hitzarmena. Gogoratu beharra dago Nafarroako Berdintasunerako Institutua (NBI) aipatutako departamentuaren mende dagoela, eta institutu horrek dituela esleituak berdintasunaren inguruko politikak eta sentsibilizazio politikak Nafarroako Gobernuan. Errektoreak eta kontseilariak bat egin dute nesken (haurren zein nerabeen) bokazio zientifikoa sustatzearen garrantzia azpimarratzean, batez ere ingeniaritzaren eta arkitekturaren esparruetan, horietan gizonezkoak aritzen baitira gehienetan.

Mertxe Leránoz NBIko zuzendari kudeatzaileaz gain, honako hauek izan dira informazio ekitaldian: Ramón Gonzalo NUPeko ikerketako errektoreordea, Unibertsitateko Gizarte Kontseiluko ordezkariak eta “Yo quiero ser científica” antzezlanean parte hartu duten Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak.

Katedraren jarduerak

zoom Taldeko argazkia, sinatu ondoren.

Taldeko argazkia, sinatu ondoren.

Aipatutako helburuez gain, enpresen esparruko emakume zientzialari eta teknologoek Unibertsitatean parte hartzea sustatuko da katedran, eskuratutako esperientziak parteka ditzaten. Bestalde, komunikazio eta prestakuntza jarduerak diseinatu eta antolatu daitezen sustatuko da (hitzaldiak, mintegiak edo ikastaroak), baita Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako ekintzak ere, unibertsitatearen esparruko emakume ikertzaileen presentziarekin. Gainera, ikasleak enpresen esparruko emakume zientzialari eta teknologoen esperientzia profesionalarekin harreman zuzenean jarriko dituzten topaketak sustatuko dira.

Testuan, bestalde, hitzarmenaren jarraipena eginen duen batzorde misto bat ezarri beharra aipatzen da. Alde bakoitzaren bina ordezkarik osatuko dute, Unibertsitateko errektoreak eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak izendatuta, hurrenez hurren. Batzordearen eginkizunak, besteak beste, honako hauek izanen dira: jardueren programa eta dagokion aurrekontua prestatzea, betetzearen urteko oroitidazkia egitea eta lankidetza-hitzarmen posibleen onespena proposatzea.