Joan eduki nagusira

zoom Antonio López (eskuinean) saria jasotzen Francisco Javier Calleja IEEEren Espainiako Zuzendaritza Taldeko kidearen eskutik (ezkerrean).

Antonio López (eskuinean) saria jasotzen Francisco Javier Calleja IEEEren Espainiako Zuzendaritza Taldeko kidearen eskutik (ezkerrean).

Ingeniari Elektrikoen eta Elektronikoen Institutuak (IEEE) saria eman dio berriki Antonio López Martín Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleari, IEEE institutuaren Zirkuituen eta Sistemen Elkartearen Espainiako atalaren presidente zela egin zuen lanagatik. 2018ko azaroan egin zuten saria emateko ekitaldia Madrilen, IEEEren Espainiako atalaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusian. Hala, NUPeko katedradunak elkarte horren buru zela egindako lana aitortu dute, eta Espainian diren IEEEren 26 elkartetatik gailenena dela esan.

IEEE munduko erakunde profesional tekniko handiena da, eta 160 herrialdetako 420.000 ingeniari, zientzialari, teknologo eta bestelako profesional baino gehiago biltzen ditu. Industriarako estandarrak garatzen dituen erakunde nagusia da:1.300dik gora estandar ditu aktibo (eta beste 600 garatze bidean); horien artean, nabarmentzekoa da IEEE 802 estandarra, hau da, Ethernet eta WiFi sareek erabiltzen dutena. Bestalde, ingeniaritzako informazio teknikoaren iturri nagusia da IEEE, eta arlo horretan egiten diren argitalpenez eta biltzarrez arduratzen da.

Saridunaren curriculum laburra

Antonio López Martín (Iruñea, 1972) Telekomunikazio ingeniaria da (1995). Doktoretza NUPen egin zuen (1999), eta Doktoretzako Aparteko Saria ere eman zioten. Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioen katedraduna da NUPen 2011z geroztik, eta ohorezko irakasle atxikia New Mexico State Universityn (NMSU, AEB) 2001az geroztik. Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariordea izan da (2008-2014), eta NUPeko Smart Cities Institutukoa ere bai (2015-2017). Gaur egun, institutu horretako kide izaten segitzen du, eta Komunikazioa, Seinaleak eta Mikrouhinak ikerketa-taldearen arduraduna da 2012az geroztik.

Ikertzaile aritu da Espainiako Astronomia Zentroan (1995), Zuricheko ETH unibertsitateko Institute for Signal and Information Processing institutuan (1997) eta Mexico State Universityko VLSI Lab and NASA Center for Autonomous Control Engineering zentroan (hamar egonaldi 1996tik 2012ra). Gainera, hainbat sari irabazi ditu, hauek besteak beste: Berrikuntza Teknologikoaren Talgo Saria (2012), Urteko Ingeniari Nafar Onenaren Saria (2008), Nafarroako Kutxaren Ikerketa Saria (2007) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia eta Teknologiaren arloko Gaztearen Saria (2007). Editore laguntzailea da nazioarteko zazpi aldizkaritan eta batzorde teknikoko kide nazioarteko 43 biltzarretan. Era berean, 400 bat artikulu idatzi ditu talde-lanean zenbait liburutan, aldizkaritan eta nazioarteko biltzarretan, eta nazioarteko sei patenteren egileetako bat da. Erakunde publikoetarako eta enpresetarako 55 ikerketa-proiektutan hartu du parte, eta liderra izan da 20 proiektutan. Antonio López Martínen ikergai nagusia zirkuitu integratuen diseinua eta haririk gabeko komunikazioak dira.