Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Alfonso Carlosena (NUPeko errektorea), Edurne Barrenechea, Gurutze Pérez Artieda, Silvia Díaz, Pedro Duque (Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen ministroa), Aránzazu Jurío, Patricia Aranguren eta Alicia Martínez, abenduko azken emanaldiaren bukaeran, Iruñeko Planetarioan.

Ezkerretik eskuinera: Alfonso Carlosena (NUPeko errektorea), Edurne Barrenechea, Gurutze Pérez Artieda, Silvia Díaz, Pedro Duque (Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen ministroa), Aránzazu Jurío, Patricia Aranguren eta Alicia Martínez, abenduko azken emanaldiaren bukaeran, Iruñeko Planetarioan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bederatzi emakume irakaslek idatzitako “Yo quiero ser científica” antzezlanak ezagutzera ematen ditu aurreko mendeetako zenbait emakume zientzialariren lana eta bizitza, eta, orain arteko emanaldietan, Nafarroako 19 ikastetxetako 1.681 ikusle izan ditu, 8 eta 12 urte bitartekoak. Iruñeko Planetarioan egin dira Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 1. mailako ikasleentzako emanaldi guztiak, urrian, azaroan eta abenduan, eta datorren urteko lehen seihilekoan ekimen horri jarraipena emango zaiola aurreikusten da, asmoa baitago ikasleentzako saio gehiago egiteko. Hala, interesa duten ikastetxeek Unibertsitatearen webgunean ematen ahal dute izena.

Hainbat herritako ikastetxeak izan dira emanaldietan: Barañain (Eulza eta Santa Luisa de Marillac ikastetxeak), Burlata (Notre Dame), Cordovilla (Izaga), Gorraitz (The British School of Navarra), Irurtzun (Atakondoa), Mendabia (San Francisco Javier), Elo (Santa Bárbara), Iruñea (Azpilagaña, Cardenal Ilundáin, El Lago, San Juan de la Cadena, Claret-Larraona, La Compasión-Eskolapioak, Sagrado Corazón, Liceo Monjardín eta Basoko Institutua), Gares (Garesko Ikastetxe Publikoa) eta Sarriguren (Hermanas Úriz Pi).

Ingeniaritzako zenbait titulaziotan eskola ematen duten bederatzi emakume irakasleek berek sortu eta interpretatzen dute antzezlana, batetik, zientziaren historiaren parte ezezagun bat gogora ekartzeko, eta, bestetik, neska gazteak zientziaren eta teknologiaren arloko emakume gailenekin identifika daitezen, eta inspirazio iturri gisa har ditzaten.

Ikasleentzako emanaldiez gain, edonork ikusteko moduko beste hiru saio ere egin ziren, eta hiruretan Iruñeko Planetarioko Ibn Ezra konferentzia-aretoa guztiz bete zen (ia 700 ikusle guztira).

Parte hartzen duten ikertzaileak

Hauek dira antzezlana prestatzen ibili diren ikertzaileak: Patricia Aranguren Garacochea (doktorea Industria Ingeniaritzan), Edurne Barrenechea Tartas (doktorea Informatika Ingeniaritzan), Leyre Catalán Ros (doktoretzako ikaslea Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak programan-Tecomber), Silvia Díaz Lucas (doktorea Telekomunikazio Ingeniaritzan), Marisol Gómez Fernández (doktorea Matematikan), Aránzazu Jurío Munárriz (doktorea Informatika Ingeniaritzan), Alicia Martínez Ramírez (doktorea Telekomunikazio Ingeniaritzan), Gurutze Pérez Artieda (doktorea Industria Ingeniaritzan eta ekimenaren arduraduna) eta Idoia San Martín Biurrun (doktorea Industria Ingeniaritzan). Guztiek NUPeko lau ikerketa institutuetako bitan egiten dute lan: Smart Cities Institutuan (ISC) eta Material Aurreratuen Institutuan (InaMat).

Antzezle haietako bakoitzak zientzialari hauetako bat antzezten du: Hipatia Alexandriakoa, matematikaria, astronomoa eta filosofoa (IV.-V. mendeak); Maria Sibylla Merian, entomologoa eta margolaria (1647-1717); Ada Lovelace (Ada Byron izenaz ere ezaguna), matematikaria eta lehen informatikaria (1815-1852); Sofia Kovalévskaya, matematikaria eta astronomoa (1850-1891); Marie Sklodowska-Curie, kimikaria eta fisikaria (1867-1934); Emmy Noëther, matematikaria (1882-1935); Edith Clarke, ingeniari elektrikoa (1883-1959); Klara Von Neumann, informatikaria (1911-1963); eta Hedy Lamarr, telekomunikazio ingeniaria (1914-2000).

Honako hauek laguntzaile aritu dira ekimen honetan: Óscar Orzaiz Resano, NUPeko Antzerki Taldeko zuzendaria, antzezlana zuzendu duena; Íñigo Pérez Artieda, soinuaz eta musika zuzendaritzaz arduratu dena; Vicente Galbete Martinicorena, eszenografian; Miguel Eraso Ascunce, bideoen egilea; Raquel Hontañón Vélez, estilismoaz arduratu dena; eta Creanavarra Iruñeko Diseinuaren Goi Mailako Zentroko ikasleak, jantzitegiaren arduradun izan direnak.

Proiektu hau 2018rako Kultura Proiektuen deialdiaren barruan aukeratu dute NUPen. Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak antolatu du ekimen hori, bere Kultura eta Kiroletako Unitatearen bidez eta Iruñeko Udalarekin lankidetzan, erakundearen bizitza kulturala aberastera eta hura gizartearengana hurbiltzera zuzendutako jarduerak saritzearren Unibertsitateko komunitatean. Halaber, proiektuak Nafarroako Gobernuaren babesa jaso du, baita Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioko Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioren (FECYT) finantzaketa ere.