Joan eduki nagusira

zoom Pilar Alvargonzález graduatua (ezkerrean edo eskuinean) bere gradu amaierako lanaren zuzendariarekin, hots, Rebeca Echávarri irakasle eta ikertzailearekin.

Pilar Alvargonzález graduatua (ezkerrean edo eskuinean) bere gradu amaierako lanaren zuzendariarekin, hots, Rebeca Echávarri irakasle eta ikertzailearekin.

Pilar Alvargonzález Muñoz (Huelva, 1996) Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Nazioarteko Programako graduatua da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta Gradu Amaierako Lan Hoberenaren I. Saria eman dio Espainiako Ekonomia Elkarteak. Aipatu elkarte zientifikoak egresatu honek egindako ikerlana goretsi du, egoki aztertu baitu nolako ondorioak dituen zaintza partekatuak emakumeen enplegu-tasan.  Hauxe du ondorioa: zaintza partekatua nagusi den bost autonomia-erkidegoetako emakumeek “lana izateko aukera handiagoa dute Espainiako gainerako emakumeek baino”, zaintza partekatua arautua dagoelako hain zuzen. Nafarroa da bost erkidego horietako bat. Egresatuaren lana, ingelesean egina eta defendatua, NUPeko Ekonomia Saileko irakasle eta ikertzaile den Rebeca Echávarri Aguinagak zuzendu du.

“Ekonomia ikerlan sozialaren mesedetan erabiltzea izan zen nire lanaren helburua —nabarmendu du Pilar Alvargonzálezek, zeina otsailaz geroztik curriculumetik kanpoko praktika programa bat egiten ari baita Nafarroako Volkswageneko Logistika Departamentuan—. Izan ere, ustez bizi dugun berdintasun itxurakoak errealitatea mozorrotzen du. Ekonomia arloko Nobel saridun Gary Beckerren teoria da gizonak lan merkatuan inbertituko duela bere denbora, eta emakumea, berriz,  erantzukizun pribatuez ardurako dela, etxeko lanez eta seme-alabak zaintzeaz gehienbat. Guk, ordea, teoria horri gogor egin beharrean, haren alde egiten dugu oharkabean”.

Horri dagokionez, Pilar Alvargonzálezek, gradu amaierako lanean —ohorezko matrikula lortu zuen joan zen ekainean—, honakoa aztertu zuen: zenbaterainoko eragina du zaintza partekatuak gurasoen lan merkatuan.  “Zaintza partekatuaren kontzeptua Espainiako Kode Zibilean 2005ean sartu bazen ere, ez zen arautu Espainia osoan —azaldu du NUPeko graduatuak, zeinak unibertsitate aurreko ikasketak Iruñeko Miravalles-El Redín zentroan egin baitzituen—. Eta sei urte pasatu ziren hura arautzen hasteko. Hain zuzen ere, legeria berekia duten bost autonomia-erkidegok (Nafarroa, Katalunia, Aragoi, EAE eta Valentziako Erkidegoa) urrats bat eman zuten zaintza partekatuari buruzko araudia aplikatzeko. Eta, horren ondorioz, bost autonomia-erkidego horietan zaintza partekatuen portzentajea handiagoa da Estatistikako Institutu Nazionalak dioenez. Gainerako erkidegoetan, berriz, amek dute gehien-gehienetan seme-alaben zaintza esklusiboa.

Seme-alabak zaintzeko lana eta lan merkatua

Egoera honek, Pilar Alvargonzálezen ustez, ondorio ekonomiko argiak ditu: “oro har, seme-alabak zaintzen emandako denbora askoz gehiago da jagoletza eta zaintza modu esklusiboan gurasoetako bati esleitzen zaizkionean, eta, beraz, denbora hori ezin da inbertitu aldi berean lan merkatuan”.

Orduan ikasle zenak —karrera egiten ari zen bitartean, 3. ikasturtea Lovainako Unibertsitate Katolikoan egin zuen, Bruselan, Erasmus+ programari esker—, metodologia ekonometrikoa baliatu zuen, 2.437.792 pertsonako lagin batekin, eta, hari eskerrak, “emaitza estatistikoki sendo eta adierazgarriak erdietsi”. “Zaintza partekatuak, hau da, seme-alabak zaintzeko lanean denbora eta kostuak gurasoen artean modu bidezkoan banatzeak, genero berdintasuna aupatuko luke lan merkatuan. Ezin dugu ahantzi, dena dela, berdintasunak ez duela esan nahi gizona eta emakumea berdinak direnik, baizik eta eskubide, erantzukizun eta aukera berberak izan behar dituztela”, dio egileak lanaren bukaeran, zeinak izena hau baitu:“Transmission of inequality: The curbing effects of shared custody law in Spain” (“Bidegakeriaren transmisioa: zaintza partekatuari buruzko Espainiako araudiaren ondorio murriztaileak”).

Lan horri esker, finalista izan zen, graduaren modalitatean, “3 minutuan” izeneko lehiaketan (NUPek antolatua, FECYTekin batera -Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa - Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioa-).

Pilar Alvargonzálezek “ex aequo” jaso du, Diego Alves Calviñorekin (Vigoko Unibertsitatea) eta Pablo de Llanos Arterorekin (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa), Espainiako Ekonomia Elkarteak gradu amaierako lan hoberenari ematen dion I. Saria.