Joan eduki nagusira

zoom Eduardo Sáenz de Cabezón, Big Van Ciencia taldeko bakarrizketagilea, Iruñeko Planetarioan arituko da.

Eduardo Sáenz de Cabezón, Big Van Ciencia taldeko bakarrizketagilea, Iruñeko Planetarioan arituko da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) zortzi jarduera antolatu ditu Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XVIII. Asterako. Iruñean, Tuteran eta Zangozan egingo dira, doakoak dira, eta jende guztiari zuzenduak. Nafarroako hiriburuan, zientziari buruzko monologoen ikuskizun bat emango du Big Van Ciencia taldeak, “Yo quiero ser científica” antzezlana ere ikusi ahal izango da, “3 minutuan” lehiaketaren finala jokatuko da, "Zientzia zaletasuna" topaketa egingo da, eta mapa historikoen erakusketa bat eta grabitazio-uhinei buruzko jardunaldi bat ere bai. Erriberako hiriburuan, “Jakin-min handiko jendea asetzeko hitzaldiak” izeneko zikloa egingo dute; Zangozan, berriz, “Begi elektronikoa” argazki erakusketa egongo da ikusgai.

Jardueren bidez, herritarren kultura zientifikoa bultzatu nahi da, eta gizartea sentsibilizatu ikerketa zientifikoaren eta berrikuntza teknologikoaren inguruan. Zientziaren Asteari erakunde hauek eman diote laguntza: Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) - Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak, NUPeko ikerketa-institutuek, Iruñeko Planetarioak, Zangozako eta Iruñeko udalek (NUPeko antenak ekimenaren bidez), Nafarroako Museoak, Foru Gobernuak, RNEk eta Tuterako Letras a la taza izeneko liburu dendak. Egitarauaren antolatzaileak, aldiz, hauek dira: Ikerketako Errektoreordetza (Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez), Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (TIIGMET) Tuterako campusean, eta NUPeko Irrati-teleskopio Proiektua. Zientziaren Astearen egitarau osoa Unibertsitatearen webgunean dago ikusgai.

Mota askotako jarduerak antolatu dituzte erakunde sustatzaileek Nafarroako Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XVIII. Asterako, eta azaroan egingo dira. Hilaren 5ean inauguratuko dute Zientziaren Astea 17:30ean, Iruñeko Gaztelu Plazan. Egun horretan, jende guztiak ulertzeko moduko demostrazio zientifikoak egingo dituzte NUPen eta Navarrabiomeden ordezkariek (Ikerketa Biomedikoko Zentroa, NUPena eta Nafarroako Gobernuarena).

Iruñeko jarduerak

zoom “Google Maps-en aitatxi-amatxiak” erakusketa Iruñeko Kondestablearen Jauregian dago ikusgai azaroaren 25era arte.

“Google Maps-en aitatxi-amatxiak” erakusketa Iruñeko Kondestablearen Jauregian dago ikusgai azaroaren 25era arte.

Azaroaren 3an egingo da NUPek Iruñerako antolatu dituen jardueretan lehenbizikoa (larunbatean): Big Van Ciencia taldearen “Monologo zientifikoak”, hots, zientzia modu dibertigarrian dibulgatzen duten zientzialari eta ikertzaile batzuek prestatutako ikuskizuna. Lehenik eta behin, zientziari buruzko sarrera komiko bat egingo dute; gero, bakarrizketa labur batzuk; eta, azkenik, galdera sorta bat. Iruñean, aktore-lanetan arituko dira Eder Amayuelas López (Geologiako doktorea eta finalista monologo zientifikoen 2018ko Famelab txapelketan), Eduardo Sáenz de Cabezón Irigaray (Matematikako doktorea eta eta 2013ko Famelab txapelketaren irabazlea) eta Alberto Vivó Porcar (Bioteknologiako lizentziaduna eta Nanoteknologiako masterduna). Ikuskizuna 13 urtetik gorakoentzat da (baita gazteagoentzat ere, heldu batekin badoaz), eta sarrera librea, aretoa bete arte. 19:30ean hasiko da Iruñeko Planetarioan (Sancho Ramirez kalea, z.g.).

Azaroaren 9an (ostirala), 17:00etan, Nafarroako Museoan (San Domingo kalea, 47): grabitazio-uhinei buruzko jardunaldia. Grabitazio-uhinak leku-denboraren dimentsioak aldatzen dituzten perturbazio txikiak dira, eta indar handiko fenomeno astronomikoak dituzte sorburu, hala nola zulo beltzen arteko talkak eta neutroi-izarrak. Hizlarien artean, nabarmentzekoak dira Alicia M. Sintes Olives, Balear Uharteetako Unibertsitateko irakaslea eta LIGO nazioarteko proiektuan parte hartu zuen Espainiako lehenbiziko taldearen burua –hain zuzen, LIGO behatokiak detektatu zituen lehenbizikoz grabitazio-uhinak, hots, ehun urte lehenago Albert Einsteinek iragarri zituen uhinak– eta César García Marirrodriga, Europako Espazio Agentziaren LISA Pathfinder proiektuaren zuzendaria, grabitazio-uhinak detektatzeko espaziora zunda bat lehenbizikoz bidaliko duen proiektuaren burua.

Hurrengo hitzordua azaroaren 17an izango da (larunbatean). "Zientzia zaletasuna" topaketa egingo da Planetarioan, non zientziaren eta teknologiaren zenbait arlotako zaleek erabili ohi dituzten materialak, makinak eta tresnak erakutsiko baitituzte. Erakusketan ikusgai egongo diren elementuek ingurumenarekin, energia berriztagarriekin, meteorologiarekin, meteoritoekin eta akuarismoarekin, dute lotura, besteak beste. Jende guztiarentzat da, sarrera doakoa du, eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.

Azaroaren 22an (osteguna), "3 minutuan" lehiaketaren finala izango da. Lehiaketaren bidez, NUPeko graduko, zikloko eta masterreko ikasleak saritzen dira, ikasketa amaierako lanen edukia publiko ez-espezializatuari 180 segundoan hobekien azaltzen diotenak. Lehiaketan 1.000 euro banatuko dira sarietan. Finalean, hiru minutuko bakarrizketak egingo dituzte parte-hartzaileek epaimahaiaren aurrean. Sarrera librea da jende guztiarentzat, aretoa betetzen den arte. Planetarioan egingo da, 19:30etik aurrera.

zoom “Yo quiero ser científica” antzezlaneko aktoreak, hots, obra sortu duten NUPeko ikertzaileak.

“Yo quiero ser científica” antzezlaneko aktoreak, hots, obra sortu duten NUPeko ikertzaileak.

Iruñeko Planetarioan antzeztuko dute, halaber, “Yo quiero ser científica” antzezlana NUPeko emakumezko bederatzi ikertzailek, aurreko mendeetako emakumezko zenbait zientzialariren lana eta bizitza ezagutzera emateko. Ikertzaileek berek sortu eta interpretatzen dute antzezlana, batetik, zientziaren historiaren parte ezezagun bat gogora ekartzeko, eta, bestetik, neska gazteak zientziaren eta teknologiaren arloko emakume gailenekin identifika daitezen, eta inspirazio iturri gisa har ditzaten. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da, jende guztiarentzat da, bereziki 8 eta 12 urte arteko haurrentzat, eta sarrera doakoa.

Hitzaldiak Tuteran eta erakusketak Iruñean eta Zangozan

Tuteran egingo da Jakin-min handiko jendea asetzeko hitzaldiak izeneko zikloa: zientzia dibulgazioko lau hitzaldi emango dituzte arratsaldez, jende guztiarentzat eta dohainik. Letras a la taza liburu denda eta kafetegian egingo dituzte (Herrerías kalea, 7), azaroko lau ostegunetan, 20:00etan. Gai hauek landuko dituzte aurten: droneen iraultza, metodo zientifikoa, artearen eta espekulazioaren arteko muga lausoa, eta eztabaida zahar bat, hots, medikuntza zer ote den, zientzia edo artea. Lau hitzaldi horiek nork emango dituen eta nondik norakoak izango diren jakiteko, egin klik esteka honetan: http://bit.ly/2AmyJkD

Horrez gain, bi erakusketa antolatu ditu NUPek Zientziaren Asterako. Iruñeko Kondestablearen Jauregiko lehen solairuan (Kale Nagusia, 2), dagoeneko prest dago Google Maps-en aitatxi-amatxiak izeneko erakusketa: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren mapa bilduma bat da, lehengo maisu-maistrek irakasteko erabiltzen zituzten materialena, eta lehengo Maisu-maistren Iruñeko Eskola Normaletik oinordetzan hartua. Mapa horiek Europako zenbait herrialdetan diseinatuak eta fabrikatuak dira XX. mendeko 30eko hamarkadatik 60kora bitartean (Alemanian, Espainian, Frantzian eta Italian). Azaroaren 25era arte bisitatu ahalko da erakusketa, dohainik, astelehenetik igandera, 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara.

Zangozako Vallesantoro Jauregian, Kultura Etxean, "Begi elektronikoa" erakusketa ikusten ahalko da azaroaren 4ra arte (igandea) “NUP antenak” ekimenari esker. Erakusketan ekorketazko mikroskopio elektroniko batekin lorturiko berrogeita hamarretik gora argazki daude ikusgai, eta, horri esker, 4.000 aldiz handiagotutako irudi harrigarriak ikusten ahal dira, eguneroko bizitza erakusten dutenak (intsektuak, landareak, osagai kimikoak, mikrofosilak, edo boligrafoak eta txanponak, konparazio batera). Erakusketarako sarrera doakoa da, eta asteartetik larunbatera bisitatzen ahal da, 19:00etatik 21:00etara, eta igandetan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara. Irudien egilea José Javier Vesperinas Oroz da, Unibertsitateko Ikerketa Laguntzeko Zerbitzuan lan egiten duena.

NUPeko Zientzien Sailak “Egun batez ikerlari” lantegia ere antolatu du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako euskarazko ikasleentzat. Landareen fotosintesiari buruzkoa izango da (halere, bukatu da izena emateko aukera).

Azkenik, Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroa bisita gidatuak antolatu ditu zentroko laborategiak erakusteko, azaroaren 12an (astelehena) eta 13an (asteartea), 11:00etan, Nafarroako Ospitalegunean. Bisita gidaturako, aldez aurretik eman behar da izena 848 42 22 01 telefonora deituz.

Zientziaren Astearen egitarau osoa

Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako jardueren egitaraua Kultura Zientifikoaren Unitatearen webgunean dago kontsultagai, eta Nafarroako Foru Erkidegoan egingo direnena, berriz, Zientziaren Adiskideen Klubaren webgunean. NUPeko jarduerak Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) - Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak finantzatu ditu.

Foru Komunitatean, honako hauek dira Zientziaren XVIII. Astearen sustatzaileak: Zientziaren Lagunen Elkartea, Iruñeko Planetarioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea. Nafarroako beste enpresa eta erakunde batzuek ere lagundu dute jarduerak antolatzen.