Joan eduki nagusira

zoom Cristina Virto Garayoa, NUPeko doktore berria.

Cristina Virto Garayoa, NUPeko doktore berria.

Cristina Virto Garayoa (Miranda Arga, Nafarroa, 1984) nekazaritzako ingeniariak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian, ikertu du Spodoptera exigua intsektuak nola transmititzen dien ondorengoei SeMNPV birusa. Intsektuari barazki-gardamu esaten zaio herri hizkeran, eta transmititzen duen birusak biointsektizida gisa jokatzen du. Har horren larbak ugariak dira Almeriako berotegietako piper plantazioetan, eta kalte handia egiten dute. Ikerketan, Cristina Virto Garayoak infekzio ezkutu bat eragin du intsektuaren hurrengo belaunaldietara hel dadin. Horri esker, intsektizida biologiko horren aplikazio eta dosi gutxiago erabili beharko dira, eta aukera bat da orain arte baliatzen den gainezkatze bidezko aplikazioa ordezkatzeko.

“Spodoptera exigua intsektuaren larben izurriteak maiz erasotzen diete Almeriako berotegietako piper plantazioei: kalteak eragiten dituzte hostoetan, eta baita piperretan ere larben dentsitatea handia bada”, azaldu du Cristina Virto Garayoak. NUPeko Biointsektizida Mikrobianoen Taldeko ikertzaileek birus bat identifikatu zuten (SeMNPV birusa), intsektizida ahalmen handia zuena, eta biointsektizida gisa patentatu zuten.

Cristina Virtoren esanean, “kontrol biologiko mota hori askoz eraginkorragoa da ohiko intsektizida kimikoak baino Almeriako berotegietako kondizioetarako, eta, gainera, baditu zenbait abantaila: batetik, ez du hondakin kimikorik uzten lurrean, lur azpiko urak eta errekak kutsatzen dituenik; bestetik, intsektizida kimikoek ez bezala, larbek ez dute erresistentziarik sortzen intsektizida horren kontra; eta, azkenik, espezifikoa da erabat, hau da, ez du eraginik beste animalia- eta landare-espezieetan”.

Doktoretza-tesian, nekazaritzako ingeniariak ikertu du intsektuek nola transmititzen dieten ondorengoei SeMNPV birusa, eta egiaztatu du intsektuari birus horren beste genotipo (edo aldaera) batzuk sartuz gero Spodoptera exigua larbaren hurrengo belaunaldiak infektatzen direla, eta oraingoetan ez dutela eraginkortasunik galtzen. “Hortaz, biointsektizida dosia doitu egin genezake intsektuaren hurrengo belaunaldiak tratatzean; izan ere, larbak lehendik zuen birusa berriz aktibatu besterik ez da egin behar, birusa ezkutuan baitzuen, kantitate ez-hilgarrian”, dio Cristina Virtok. Bere doktoretza-tesiak bikain "cum laude" kalifikazioa lortu zuen nazioarteko aipamenarekin.

Infekzio ezkutuen eraginkortasuna

Laborategian eta Almeriako plantazioetan egindako esperimentuen bidez, Cristina Virtok egiaztatu zuen SeMNPV birusaren infekzio ezkutuen intzidentzia indibiduoen % 50ekoa dela eta, bestetik, amagandiko linea bi aldiz eraginkorragoa dela (% 49) birusa transmititzeko aitaren bidezkoa baino (% 26).

Gero, SeMNPV birusaren bi aldaera nahasi zituen: Se-Al1 genotipoa, zeina ondorengoei transmititzen baitzaie batez ere; eta Se-G25 genotipoa, zeina belaunaldi bereko indibiduoen artean transmititzen baita eraginkorki. “Landareak babesteko, indibiduo batetik bestera birusa transmititzeko gaur egun erabiltzen den birusa bezain eraginkorrak ziren birus aldaeren nahasketa batzuk, eta, gainera, ondorengoei birusa transmititzen dien aldaerak bezainbeste infekzio eragiten zuten —dio ikertzaileak. Tesiaren zuzendariak NUPeko Laboreen Babesa ikerketa-taldeko bi ikertzaile, Primitivo Caballero Murillo katedraduna eta Rosa Murillo Pérez irakaslea, eta Trevor Williams Mexikoko AC Ekologia Institutuko ikertzailea (INECOL) dira. Bestalde, biointsektiziden formulatuetan genotipo horiek konbinatzea metodo eraginkorra bide da intsektu horrek eragindako izurriei aurre egiteko, eta horretarako bakarrik ez: lagungarria izango da, baita ere, intsektuaren hurrengo belaunaldiak kontrolatzeko behar den substantzia biralaren kantitatea murrizteko”.

Cristina Virtok proposatzen du Spodoptera exigua intsektua kontrolatzeko estrategia berriak diseinatzea SeMNPV birusaren zenbait genotipo konbinatuz eta aplikazio gutxiago eta dosi txikiagoak erabiliz, eta estrategia horiek erabiltzea Almeriako berotegietan orain arte baliatzen den gainezkatze bidezko aplikazioaren ordez, hots, birus horretan oinarritutako biointsektizidak plantazioan askatu ordez.

Curriculum laburra

Cristina Virtok Nekazaritza Ingeniaritza eta Bioteknologiako Masterra egin zituen NUPen hurrenez hurren. Ikasle zela, lau hilabeteko egonaldia egin zuen Oxford Brookes Unibertsitatean (Erresuma Batua).

Ikertzaile gisa, NUPeko Biointsektizida Mikrobianoen Taldeko kide izan da 2008tik 2016ra, eta horregatik aritu da lanean Almeriako labore plantazioetan. Horretaz gainera, entomologia aplikatuari eta kontrol biologikoari buruzko Espainiako eta nazioarteko zenbait biltzarretan izan da, eta bost artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkari zientifikoetan.

Gero, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) diru-laguntzekin lotutako gaietan aritu da lanean. Gaur egun, INTIA institutuan ari da, Nekazaritzako Elikagaien Sektorean Transferentzia eta Berrikuntza Bultzatzeko Nafar Institutuan, I+G-ko proiektuen atalean.