Joan eduki nagusira

zoom Proiektu honetan parte hartzen ari diren ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Alfonso Arteaga Olleta, Begoña Haro Escribano, Javier Fernández-Montalvo eta José J. López-Goñi

Proiektu honetan parte hartzen ari diren ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Alfonso Arteaga Olleta, Begoña Haro Escribano, Javier Fernández-Montalvo eta José J. López-Goñi

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko Psikologia Klinikoaren arloko zenbait ikertzaile programa bat garatzen ari dira detektatzeko nork jasan dituen tratu txarrak Nafarroako "Gizakia Helburu" Fundazioan adikzioren bat dutelako tratamenduan dauden gaixoen artetik; izan ere, droga-mendekotasunaren azpian ezkutuan gelditzen den problematika bat da hori. Esku hartzeko programa espezifiko honen bidez, laguntza eman nahi zaie pazienteei tratu txarren ondorio traumatikoak gaindi ditzaten. Ikerlanean, 50 pazienteren emaitzak ebaluatuko dira jakiteko gauza izan ote diren substantziarik kontsumitu gabe indarberritzeko. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren finantzabidea du ikerketak.

Psikologia Klinikoa eta Psikopatologia ikerketa-taldekoak dira bai ikertzaileak, José J. López-Goñi, Alfonso Arteaga Olleta eta Begoña Haro Escribano, bai zuzendaria, Javier Fernández-Montalvo.

“Adikzioren batengatik tratamenduan dauden pazienteen artean, tratu txarrak jasan izanaren prebalentzia altua dago —dio Javier Fernández-Montalvo ikertzaileak—. Zehazki, adikzioren baten ondorioz arazoak dituztelako tratamendu eske joaten diren pazienteen % 40k pairatu du gertaera indarkeriazko edo traumatikoren bat bizitzan, eta, batik bat, eraso psikologiko, fisiko edo sexual moduan. Adikziorik ez duten herritarren artean izaten den tasa baino askoz altuagoa da hori (herritarren % 25 gutxi gorabehera), eta eragin zuzena du pertsona horiekin egiten den esku-hartze klinikoan”.

Espainian, ordea, “orain arte ez da zorrotz ebaluatu, adikzioak tratatzeko programetan, zenbateraino den eraginkorra esku-hartze integratu bat biktimizazio kasuetarako”. Hori dela eta, NUPeko ikertzaileen helburua da tratu txarrak nork jasan dituen identifikatzea Nafarroako "Gizakia Helburu" Fundaziora laguntza eske joaten diren pazienteen artetik. “Pertsona horiek detektatu ondoren, tratu txarrak jasan dituztenen eta ez dituztenen profil diferentziala finkatzen dugu —dio Fernández-Montalvok—. Gero, ebaluatzen dugu esku-hartze psikologikoko programa bat zenbateraino den eraginkorra paziente horiek pairatu duten indarkeriaren ondorioak tratatzeko, bai eta zenbateko eragina duen ere terapia uzten duten pazienteen kopurua murrizteko. Azkenik, emaitza terapeutikoak aurreikusteko aldagai nagusiak aztertzen ditugu”.

Hiru paziente talde

Ikertzaileek erabili duten laginak 200 paziente ditu, zeinak Nafarroako "Gizakia Helburu" Fundaziora jo baitute laguntza eske droga-mendekotasuna dutelako. Hiru talde hauetan banatzen da lagina: batetik, esku hartzeko taldea dago, 50 pazientez osatua; tratu txarrak pairatu dituzte bizitzan, eta adikziorako ohiko tratamendua ez ezik tratu txarren ondorioetarako esku-hartze kognitibo-konduktual bat ere jasotzen dute; bestetik, A kontrol taldean, tratu txarren aurrekariak dituzten beste 50 drogazale daude, baina adikziorako ohiko tratamendua besterik ez dute jasotzen, tratu txarretarako esku-hartze espezifikorik ez; B kontrol taldean, berriz, tratu txarrik jasan ez duten 100 paziente drogazale daude, eta adikziorako ohiko tratamendua baino ez dute jasotzen. “Horrek modua ematen digu emaitzak alderatzeko eta baloratzeko zenbateraino den eraginkorra esku hartzeko programa, bai epe laburrean, tratu txarretarako programa bukatu ondoren, bai epe ertainean, programa bukatu eta sei hilabetera, bai epe luzean, programa bukatu eta hamabi hilabetera”, dio Fernández-Montalvok.

Dagoeneko frogatu da tratu txarren biktimentzako programa espezifikoa baliagarria dela beste testuinguru batzuetan. Programaren bidez, biktimek izaten dituzten sintomen lau bloke tratatzen dira: egoera saihestea, pentsamendu intrusiboak, aktibazioa eta antsietatea, eta aldartea. “Biktimei laguntza ematen diegu gauza izan daitezen gertaera traumatikoa gertatu zenetik saihesten dituzten egoerei aurre egiteko eta horri buruz etengabe izaten dituzten pentsamendu intrusiboei ere aurre emateko —azaldu du ikertzaileak—. Pazienteen aktibazio eta antsietate maila txikitzen ere saiatzen gara, pazienteak erne-erne egoten baitira etengabe. Azkenik, aldartea hobetzen irakasten diegu pazienteei, depresio eta antsietate sintomen aurrean nola jardun erakutsiz batik bat”.

Proiektua 2021ean bukatuko da aurreikuspenen arabera. Ikertzaileek espero dute ordurako zehazki jakitea norainokoa den adikzioagatik tratamenduan egonik tratu txarrak jasaten dituztenen arazoa eta zer behar espezifiko dituzten paziente horiek. Gainera, tratamendu integratu bat eduki nahi dute erabilgarri, ebaluatu ondoren eraginkorra dela egiaztatu den tratamendu bat, eta, azkenik, jakin nahi dute zer aldagaik behar duten arreta handiagoa azken prozesu horretan.