Joan eduki nagusira

zoom Kirola egiten NUPeko instalazioetan.

Kirola egiten NUPeko instalazioetan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) kirol txartela eskatzeko epea zabaldu du gaur, 2018ko abuztuaren 30ean, osteguna, Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzaren bidez. Orain arte bezala, txartelak modua ematen du Unibertsitateko kirol instalazioak erabiltzeko, eta, horretaz gainera, 22 kirol egiteko, astero egingo diren 60 saiotan. Izan ere, 2018-2019 ikasturtean ematen denaukera berria   da hori: kirol jakin batean izena eman eta ordaindu beharrean, kirol bat baino gehiago egin ahal izango dira (spinning, core, pilates, gap+core, TRX, total body, aerobic, guztizko entrenamendua, entrenamendu funtzionala, HIIT, fitness box, step, circuit training, aqua cross train, power pilates, bootcamp eta pilates+hipopresiboak), urte osoko, seihilekoko edo hilabeteko kirol txartela edukiz gero.

Nornahik eska dezake kirol txartela Unibertsitatean kirola egiteko. Urte osoko txartelak 100 € balio du ikasleentzat, 120 € unibertsitateko komunitateko gainerako kideentzat, 200 € Ikasle Ohien eta Adiskideen Elkarteko kideentzat, eta 460 € unibertsitatetik kanpokoentzat. Txartela edukiz gero, gainera, kirol instalazioak erabil daitezke (igerilekua, rokodromoa, muskulazio aretoa eta abar), eta pilotalekua, kanpoko tenis eta futbol pistak eta Nafarroako Unibertsitate Pabiloia doan erreserbatu. 

Unibertsitatearen webgunean dago ikusgai informazio guztia: kirolak (ordutegia, deskribapena eta entrenatzaileak), txartelaren bidez kiroletan izena emateko sistema berria, eta urte osoko, seihilekoko eta hilabeteko prezioak, unibertsitateko komunitateko kide direnentzat eta ez direnentzat.

Ateak Zabaltzeko Astea eta beste kirol batzuk

Kultura eta Kirolak Unitateak Ateak Zabaltzeko Astea antolatu du Unibertsitatearen kirol txartelak eskaintzen dituen modalitateen berri emateko eta kirol instalazioak erakusteko. Irailaren 17tik 21erako astea izango da, eta unibertsitateko komunitateko kide guztiek doan erabili ahalko dituzte instalazioak eta egin ahalko dituzte kirolak.

Udazkeneko seihilekoan, beste hamabi kirol eskainiko dira: autobabesa, badmintona, eskalada, frontenisa, areto futbola, kick boxing, igeriketa, lasterketetarako entrenamendua, tenisa, triatloia, boleibola eta waterpoloa. Horiek ez dira sartzen txartelak ematen dituen aukeretan: aparte izena eman eta ordaindu behar dira. Kirol horietan izena emateko epea irailaren 3an hasiko da unibertsitateko komunitatekoentzat; irailaren 17an, berriz, unibertsitatekoak ez direnentzat.

Bestalde, NUPek beste kirol eta kultura jarduera batzuk ere antolatzen ditu. Irailaren 3an zabalduko da epea udazkeneko seihilekoan egingo diren naturako jardueretan izena emateko: ibilketa nordikoa, raftinga, kayaka Arga ibaian barrena, mendi ibilaldia Ata ibarrean barrena, arborismoa eta via ferrata Urbasan, mendi ibilaldia Sarbil mendilerroan eta, azkenik, ateraldi bat rappela eta tirolina egin eta Noriturri edo Cristinos izeneko leizea bisitatzeko. Jarduera horiek unibertsitateko komunitateko kideei eta kanpokoei zuzenduta daude, eta, kasu horretan ere, eskaintza osoa, ordutegiak eta prezioak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.