Joan eduki nagusira

zoom Cesar L. Escalante Georgiako Unibertsitateko irakaslea (AEB), NUPen

Cesar L. Escalante Georgiako Unibertsitateko irakaslea (AEB), NUPen

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Espainia osoko emaitza kualitatiborik onenak lortu ditu Europar Batasuneko kide ez diren herrialdeekiko mugikortasun deialdian, 2018-2020 aldirako Erasmus+ programaren esparruan. Proiektuak 265.660 euroko finantzaketa jasoko du, eta aukera emango du guztira 76 truke egiteko.

NUPek, Nazioartekotze Errektoreordetzaren bitartez, proiektuaren 5 arlotan parte hartzeko proiektuak aurkeztu ditu, eta horietako gehienetan lehenbizikoa da esleipen zerrendetan, hain zuzen Amerika industrializatuari, Asiari eta Latinoamerikari dagozkienetan.

Programak bidea emango du Unibertsitateko nazioartekotze programak indartzeko, baita lankidetzako programak (prestakuntza solidarioa) eta ikasleek kredituak eskuratzeko mugikortasuna sendotzeko ere. Era berean, parte hartzen duten instituzioetako irakasleei eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei aukera emango die prestakuntzako eta irakaskuntzako bisitaldiak egiteko, jardunbide egokiak trukatze aldera, baita irakaskuntzarako berrikuntzako metodoak ikasteko eta beren ezagutza beste herrialde batzuetara helarazteko ere.

Kide diren unibertsitateak

Proiektuak 265.660 euroko finantzaketa jasoko du guztira, eta, emaitza moduan, 76 truke gauzatuko dira NUPen eta herrialde hartzaileetako unibertsitate kide hauen artean: Georgiako Unibertsitatea eta Kettering Unibertsitatea (AEB); Mozambikeko Unibertsitate Katolikoa (Mozambike); Mayor San Simón Unibertsitatea (Bolivia); Erdialdeko Amerikako José Simeón Cañas Unibertsitatea eta Don Bosco Unibertsitatea (El Salvador); Pinar del Ríoko Unibertsitatea (Kuba); Huancavelicako Unibertsitate Nazionala (Peru); Rafael Landívar Unibertsitatea eta Guatemalako San Carlos Unibertsitatea (Guatemala); USPEE, Moldaviako Unibertsitate Europarra eta Shevchenko Transnistria Estatu Unibertsitatea (Moldavia), eta Pekingo Jiaotong Unibertsitatea (Txina).

Trukeak 2018ko irailaren 1etik 2020ko uztailaren 31ra bitartean egingo dira, eta askotariko eremuen ingurukoak izango dira: nekazaritza, osasuna, zuzenbidea, ekonomia, sareen eta datu-baseen diseinua eta administrazioa, bai eta irakaskuntzaren eta ikerketa aplikatuaren arloetako garapenerako lankidetza ere.

Jadanik ezarritako harremanak indartzea helburu

Erasmus+ programak indartu egiten ditu proiektu berriko kide diren unibertsitateetako batzuekin jada ezarritako harremanak. Alde horretatik, Cesar L. Escalante Georgiako Unibertsitateko irakaslea NUPen egon da bisitan, oraindik ere indarrean den aurreko proiektuko Erasmus+ beka bati esker, eta bertan aukera izan du AEBko migrazio politikari eta horrek herrialdeko nekazaritza sektorean dauzkan ondorioei buruzko hitzaldi bat emateko Unibertsitateko komunitatearentzat. Escalante, NUPen YouTube kanaleko bideo batean (http://bit.ly/2LVA4G0), pozik ageri da gisa horretako trukeekin; izan ere, “aukerak ematen dizkiete akademiko eta ikasleei”, bere iritziz.